
Bukatu da Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko Lege Aurreproiektuari ekarpenak egiteko fasea
Esku-hartze sozialaren esparruan pertsona kaltebera eta ahulenekin lan egiten duten erakundeen estatutua ezarriko du Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko Lege berriak, eta gizarte-politiken esparruan egiten duten gizarte-ekarpenaren garrantzia eta politika horietan modu aktiboan parte hartzeko daukaten eskubidea aitortuko ditu.
Aurreproiektuaren entzunaldiaren izapidea egin zen hainbat organorentzat, besteak beste hauentzat: Gizarte Zerbitzuen Euskal Kontseilua, Elkarrizketa Zibileko Mahaia, Ekonomia eta Gizarte Kontseilua, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseilua, Gizarteratzeko Euskal Kontseilua, Boluntariotzaren Euskal Kontseilua, Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoa, foru-aldundiak, Eudel eta Arartekoa.
Horrez gain, EHAAn argitaratuta ere egin zen entzunaldiaren izapidea, eta proposamen bat jarri zen Irekian, herritarrek aurreproiektuaren idazketa agindu zitzaion lantaldeari egindako ekarpenak bideratzeko.
Egin diren alegazioekin, hasierako testua aldatuko da, eta txosten bat ere egingo da, alegazio horiek onartzeko edo atzera botatzeko arrazoiekin. Egin beharreko nahitaezko txostenak egin ondoren, lege-proiektua Jaurlaritzaren Kontseiluari helaraziko zaio, hark onarpena eman diezaion.