Elkarlan Sariak
Gobernuaren proposamenak Ekonomia, Lana eta Enplegua

Dekretu-proiektua, zeinaren bidez arautzen baitira diru-sarrerak bermatzeko errentaren eta gizarte-larrialdietarako laguntzen onuradunei aplikatu beharreko enplegurako pizgarriak. Jendaurreko informazioaren izapidea

qrcode
Hitzaurrea

Hasieratik, errenta bermatuen euskal sistemak norberaren lanetik edo norberaren konturako jarduera ekonomikotik eratorritako diru-sarreren zati bat ez zenbatzeko aukera aurreikusi du, prestazioak enplegua lortzeko eta bertan irauteko ekar lezakeen pizgarririk eza saihesteko. Aurreikuspen hori, ondoz ondoko lege-testuetan errepikatua, erregelamendu bidez garatu zen, azken buruan, Oinarrizko Errentaren titularrentzat eta Gizarte Larrialdietarako Laguntzen onuradunentzat lanean hasteko pizgarriak ezartzen dituen 2001eko otsailaren 14ko Aginduaren bidez.

Onartu zenetik hogei urte baino gehiago igaro direnez, beharrezkoa da haren edukiak berrikustea eta eguneratzea, kontuan hartuta aldi horretan izan diren arau-, ekonomia- eta gizarte-aldaketak, bai eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren ebaluazio-txostenetan jasotako ebidentziak ere. Horietan, ereduak arrakasta izan duela egiaztatzen da, eta horrek eragin positiboa izan duela enplegura igarotzeko probabilitatean eta lortzen den enpleguaren kalitatean. Aldi berean, hobetu beharreko zenbait eremu hauteman dira, besteak beste, estimuluak bana-banakotzeko formulak garatzea, familia- egituren bilakaera kontuan hartzea, bereziki guraso bakarreko familien egoera, eta sistema hobeto ulertzen laguntzea.

Bi arrazoik justifikatzen dute, gutxienez, laneko errentetatik datozen diru-sarreren tratamendu diferentziala ezartzea. Lehenik eta behin, diru-sarrera txikiak dituztelako pobreziaren atalasea gainditzea lortzen ez duten landunen fenomenoaren iraunkortasunari heltzea. Bigarrena, lanetik datozen diru-sarrerak handitzen diren heinean prestazioaren murrizketa proportzionalak dakarren enplegurako pizgarrigabetasuna gainditzea.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 133.1 artikuluak, eta   Euskal Autonomia Erkidegoko Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren ekainaren 30eko 6/2022 Legearen 11.3 artikuluak ezartzen du,  Lege- edo erregelamendu-proiektu bat egin aurretik, kontsulta publiko bat bideratuko dela administrazio eskudunaren webgunearen bidez, eta bertan jasko da, etorkizuneko arauak uki ditzakeen subjektuen eta antolakunderik ordezkagarrienen iritzia.

#Estimulos_Empleo_RGI