Gobernuaren proposamenak Gobernantza Publikoa eta Autogobernua

Agindu-proiektua, EAE sektore publikoko zerbitzu eta prozeduren katalogo korporatiboa arautzeko zuzenbide publikoari lotutako prozeduretan. Aurretiazko kontsulta publikoa

qrcode
0 boto

1.- Arau-ekimenaren bidez konpondu nahi diren arazoak

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak administrazio elektronikoaren oinarriak arautzen dituzte, eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoen bidez emateko printzipio orokorrak ezartzen dituzte. 39/2015 Legearen 21. artikuluaren arabera, administrazio publikoek web-atarian argitaratu eta eguneratuta eduki behar dituzte, informazio-ondorioetarako, beren eskumeneko prozeduren zerrendak, prozedura horien gehieneko iraupen-epeak eta administrazio-isiltasunak sortzen dituen ondorioak adierazita. Gainera, ezartzen dute herritarrek eskubidea dutela zerbitzu-jardueretara sartzeko eta horiek gauzatzeko beharrezkoak diren prozedura eta izapideei buruzko informazioa bitarteko elektronikoen bidez eskuratzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak hainbat ekimen eta plan bultzatu ditu teknologia berrien erabilera eta informazioaren gizartearen ezarpena lortzeko.

Zehazki, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoa sortu zen. Zerbitzu elektronikoak eta segurtasun, kalitate eta erantzukizun berme bereziak eskatzen dituen informazioa argitaratzen diren espazio elektronikoa da egoitza. Halaber, dekretu berak egoitza elektronikoaren edukien artean ezarri zuen egoitzan eskuragarri dauden zerbitzuen katalogoa.

Dekretu hori indargabetuta geratu da ekainaren 20ko 91/2023 Dekretua onartzearen ondorioz. Dekretu hori herritarrei arreta osoa eta kanal anitzekoa emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoen bidez eskuratzeko bideari buruzkoa da, eta Zerbitzuen eta Prozeduren Katalogo Korporatiboa arautzen du 57. artikuluan.

Artikulu bereko eta lege-gorputz bereko seigarren apartatuak aipatzen du herritarrei arreta emateko eskumena duen saileko titularraren agindu bidez zehaztuko direla Zerbitzu eta Prozeduren Katalogo Korporatiboaren edukia, egitura eta irismena, bai eta haren funtzionamendua ere.

Bestalde, Administrazio Elektronikoaren esparruan Elkarreragingarritasun Eskema Nazionala arautzen duen urtarrilaren 8ko 4/2010 Errege Dekretuaren 9. artikuluak – Sektore publikoak bitarteko elektronikoen bidez jarduteko eta funtzionatzeko Erregelamendua onartzen duen martxoaren 30eko 203/2021 Errege Dekretuak aldatu zuen dekretu hori – zehazten duenez, administrazio publiko bakoitzak eguneratuta izango ditu administrazio-informazioaren inbentario guztiak, eta administrazio-prozeduren eta modu sailkatuan eta egituratuan emandako zerbitzuen zerrenda jasoko du. Administrazio publikoek elektronikoki konektatuko dituzte beren inbentarioak Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko Ministerioak Ekonomia Gaietako eta Transformazio Digitaleko Ministerioarekin lankidetzan kudeatutako Administrazio Informazioko Sistemarekin.

Administrazio Elektronikoaren esparruko zerbitzu elektronikoen kudeaketaren arloko eskakizun horiei guztiei eta 91/2023 Dekretuaren aginduari berari erantzun egokia emateko, formalki arautu behar da Zerbitzuen eta Prozeduren Katalogo Korporatiboa, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko zerbitzuei eta prozedurei buruzko informazio guztia egituratzeko. Zerbitzuak eta prozedurak egoitza elektronikoan modu integratuan argitaratzea ahalbidetzeko, administrazio publikoen arteko elkarreragingarritasuna errazteko, zerbitzu elektronikoen kudeaketan inplikatutako aplikazio informatikoen arteko komunikazio koordinatua sinplifikatzeko, zerbitzuak digitalizatzeko prozesua bizkortzeko eta egungo lege- eta estrategia-esparruan ezarritako modernizazio-eskakizunei erantzuteko.

 

2.- Ekimena onartzeko premia eta aukera

Arestian adierazitako araudiak beharrezko egiten du erregelamendu hau eta funtzio hori Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Erakunde Harremanetarako Sailburuordetzari dagokio.

91/2023 Dekretuaren azken xedapenetako lehenengoak, 1. apartatuko c) letran, ezartzen du ezen, dekretu honetan xedatutakoarekin bat etorriz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean herritarren arretarako eskumena duen organoak, dekretu hau indarrean jarri eta sei hilabeteko epean, agindu bidez zehaztuko dituela Zerbitzu eta Prozeduren Katalogo Korporatiboaren edukia, egitura eta irismena, bai eta haren funtzionamendua ere.

Horregatik, dekretuaren agindu zuzena eta saihestezina betez, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak agindu hau eman behar du.

 

3.-Egin nahi den arau-proiektuaren helburuak

Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoko Zerbitzu eta Prozeduren Katalogo Korporatiboaren funtzionamendua arautzea, eta, horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko zerbitzu eta prozedura guztien inbentario zentralizatuari dagokion antolamendu-egitura, eredu teknologikoak eta egitura funtzionala ezartzea, Herritarrei Arreta Emateko Sistema Integralaren barruan.

 

4.-Egon daitezkeen konponbide arautzaileak eta ez-arautzaileak

Aurreko ataletan azaldutako inguruabarrak kontuan hartuta, beharrezkoa da araudi espezifiko berri bat egitea, eta ez da bestelako konponbide aukerarik ikusten.

Aldeko argudioak
Gehienez 255 karaktere
Kontrako argudioak
Gehienez 255 karaktere
Oraindik ez dago iruzkinik
  •  erabiltzaile
    Ezer esateko?… Iritzia eman gobernuaren proposamen honi buruz