1.- Ekimenaren bidez konpondu nahi diren arazoak
Ekimen hau abian jarrita, beharrezkoa da indarrean dagoen Debabarreneko Lurralde Plan Partziala berrikustea eta egokitzea, zeina apirilaren 12ko 86/2005 Dekretuaren bidez onartu baitzen, uztailaren 30eko 128/2019 Dekretuaren bidez behin betiko onartutako Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetara. Dekretu hori 2019ko irailaren 25ean jarri zen indarrean.
Kontuan hartu behar da 128/2019 Dekretuaren lehen xedapen iragankorrak ezartzen duela dekretua indarrean jartzen denean indarrean dauden lurralde-plan partzialak eta lurralde-plan sektorialak dekretuan xedatutakora egokituko direla dekretua indarrean jarri eta zortzi urteko epean. LPParen berrikuspen honek aipatutako xedapen iragankorra betetzen du, Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetara egokitzen baita.
2.- Proiektatutako erregulazioaren beharra eta horri buruz indarrean dagoen araudia
Lurralde Plan Partzialaren Berrikuspenak eta, ondorioz, Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetara (LAG) egokitzeak berekin dakar Debabarreneko eremu funtzionalaren lurralde-plangintzan gai berritzaileak eta garrantzitsuak sartzea, hala nola azpiegitura berdea, hiri-hazkundearen perimetroa, bizitegi-kuantifikazio berrikusia, paisaia, baliabideen kudeaketa jasangarria edo zeharkako gaiak txertatzea, hala nola euskara, genero-ikuspegia, lurralde-erlazioa, klima-aldaketa egokitzea eta arintzea, osasuna edo lurralde-plangintzarako irisgarritasun unibertsala.
3.- Berrikuspenaren helburuak
Berrikuspenak, 2019an onartutako LAGetara egokitzean, bere egiten ditu LAGen helburuak, eta Debabarreneko eremu funtzionalerako garatzen ditu, hau da:
a) Azpiegitura berdea eta ekosistemen zerbitzuen balioa txertatzea ingurune fisikoaren antolamenduan.
b) Lurralde-antolamenduan landa-habitata espezifikoki ikusaraztea.
c) Hiri-sisteman eraldaketa-ardatzen figura sartzea.
d) Dagoeneko artifizializatuta dagoen lurzoruaren erabilera optimizatzea, hiri-berroneratzea eta erabileren mistotasuna sustatuz, eta hazkunde mugagabea saihestea, hiri-hazkundearen perimetroa ezarriz.
e) Jarduera ekonomiko berrietarako lurzoruaren beharrei erantzun arin eta eraginkorra ematea sustatzea, batez ere lehendik dagoen lurzorua berroneratzearen, berritzearen eta birdentsifikatzearen alde eginez.
f) Paisaiaren kudeaketa sartzea lurralde-antolamenduko tresnen bidez.
g) Baliabideen kudeaketa jasangarriaren kontzeptua txertatzea: ura, subiranotasun energetikoa, ekonomia zirkularra eta autosufizientzia konektatua (lehengaien baliabideak).
h) Mugikortasun eta logistika jasangarria sustatzea, arreta berezia eskainiz oinezkoen eta bizikleten mugikortasunari, garraio publiko multimodalari eta garraiobideen konbinazioa optimizatzeari, abiadura handiko trenaren zerbitzuak kontuan hartuko diren denboraldian.
i) Lurralde-antolamenduan zeharkako izaera duten gai berritzaileak sartzea, hala nola irisgarritasun unibertsala, genero-ikuspegia, euskara, klima-aldaketa, osasuna eta lurralde-erlazioa.
j) Lurralde-antolamenduaren politika publikoaren kudeaketan gobernantza ona sustatzea, batez ere planen jarraipenaren eta ebaluazioaren, parte-hartzearen eta administrazio-integrazioaren bidez.
Zehazki, LAGen Memoriako kapitulu bakoitzak adierazten dituen helburuez eta LAGen Aplikazio Arauetako artikuluez gain, kontuan hartu behar dira Debabarreneko eremu funtzionalerako gidalerro espezifikoak, Memoria horretako 6.1.3 apartatuko IV.a puntuan (Eraldaketa-ardatzak eremu funtzionalen arabera) jasotakoak.
4.- Izan litezkeen bestelako aukera erregulatzaileak eta ez-erregulatzaileak
Ez jarduteko eta Lurralde Plan Partziala berrikusi eta ez egokitzeko egoerak, 2019an onartutako Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen lehen xedapen iragankorra betetzen ez jarraitzeaz gain, lurraldea egungo erronketara egokitu ahal izateko funtsezko gaiak ez sartzea dakar, hala nola klima-aldaketa arintzea eta horretara egokitzea, ekosistemen zerbitzuak galtzea, mendekotasun energetikoa, lurzoruaren kontsumoa edo biztanleriaren zahartzea.
-
A favor, siempre y cuando sea el tren el eje vertebrador del Bajo Deba. Es decir: que se mantengan y se mejoren TODAS Y CADA UNA de las actuales estaciones de la linea. Que no desaparezca ninguna.2023-05-29