Teknologia garbien euskal zerrenda eguneratu eta onartzeko agindu-proiektua. Aurretiazko kontsulta publikoa

qrcode
100 %alde
3 boto (3/0)
Eztabaida fasea itxita dago. Sentitzen dugu baina jadanik ezin duzu parte hartu.

1.- EKIMENAREN BIDEZ KONPONDU NAHI DIREN ARAZOAK:

Euskadin, Eusko Jaurlaritzaren (Ekonomia eta Ogasun Sailaren eta Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailaren bitartez) eta hiru foru-aldundietako zerga-organoen arteko lankidetza estu eta arinari esker, euskal produkzio-sarean ingurumen-portaera hobea duten ekipamenduak ezartzearen bidez produkzio-prozesuen efizientzia bultzatzen duen zerga-tresna bat dago. Tresna hori Teknologia Garbien Euskal Zerrenda da, eta zuzenean lotuta dago indarrean dauden plan, programa, estrategia eta legeekin.

Ildo horretan, 2006. urteaz geroztik, martxoaren 14ko 64/2006 Dekretuak Teknologia Garbien Euskal Zerrendaren erregulazioa ezartzen du, ingurumenaren ikuspegitik lehentasuna duten teknologiak zein diren identifikatzeko. Horrela, zerga-politika horietara bideratu ahal izango da, bi ildotan: batetik, zerga-neurrien bidez teknologia horiek enpresen ekoizpen-prozesuan barneratzea sustatuko da; eta, bestetik, gastu-politika ezarriko da.

Adierazitako Dekretuak xedatzen duenez, Zerrendan sartu beharreko teknologiak ingurumen-arloan eskumena duen Sailaren prospekzio aktiboaren bidez hautatuko dira, industria-arloan eskumena duen Sailaren laguntzarekin, eta Zerrendaren onarpenak eta eguneratzeak haren hirugarren artikuluan zehaztutako edukia jaso beharko du, bertan ezarritako irizpideak kontuan hartuta.

Esparru horretan, ingurumen-arloan eskumena duen sailburuaren 2006ko ekainaren 30eko, 2012ko irailaren 10eko eta 2016ko uztailaren 13ko Aginduen bidez onartu zen Teknologia Garbien Euskal Zerrenda.

Teknologiak, haien ezaugarriak eta haien ezarpen-maila aldatu egiten dira denborarekin. Dagoeneko 6 urte joan dira azken eguneratzea egin zenetik, eta zerrendako teknologia batzuek jada ez dituzte betetzen 64/2006 Dekretuan ezarritako irizpide batzuk. Aldi berean, zerrendaren bidez betetzen ziren eta ingurumen- eta energia-plangintzen bidez islatzen ziren Eusko Jaurlaritzaren behar batzuk bilakatu egin dira. Bi faktore horiek zerrendan bildutako teknologiak eguneratu behar direla iradokitzen dute. Ildo horretan, zaharkituta daudenak kendu eta ingurumen- eta energia-plangintzaren zerbitzurako teknologia berriak txertatu beharko dira.

Proposatutako aginduaren helburua da arau-ondarean teknologien zerrenda eguneratu bat txertatzea.

 

2.- ONARPENAREN BEHARRA ETA EGOKITASUNA

Euskadiko ingurumen- eta energia-plangintzak ingurumen- eta energia-helburuak lortzeko tresna gisa txertatu du Teknologia Garbien Euskal Zerrenda.

Euskadiko Ekonomia Zirkularrerako Estrategia 2030 izenekoak, 5.4 jarduketa-lerroan, Teknologia Garbien Euskal Zerrendari buruzko agindu berria lantzea ezartzen du, honako hau txertatuta: “baliabideen erabileran efizienteak diren teknologiak eta bigarren mailako materialak teknologia garbien zerrendan sartzeko azterlana”. Jarduera hori, halaber, Ekonomia Zirkularraren eta Bioekonomiaren 2024 Planean jasota dago. Zehazki, honako hau planteatzen du 5. jarduketa-lerroaren 26. puntuan: “bigarren mailako material eta teknologia efizienteak teknologia garbien zerrendan sartzeko azterketa”. Ildo berean, Euskadiko Hondakinak Prebenitu eta Kudeatzeko 2030eko Planak honela azpimarratzen du Teknologia Garbien Euskal Zerrenda 9. lan-ildoan: “hondakinen proiektuek finantziazioa lor dezaten errazteko, tresna ekonomikoak eta fiskalitate berdekoak garatzeko, materialen eta bigarren mailako produktuen lehiakortasunari laguntzeko eta isurketari pizgarriak kentzeko funtsezko tresna”.

Era berean, 2050erako Klima Aldaketaren Euskadiko Estrategiak honako hau jasotzen du 14. jarduera-lerroaren 38. ekintzan: “Ingurumenaren arloko zerga-sistemaren neurriak definitzea eta abian jartzea (adibidez, isuri-kanona, ordainketa sortzeagatik, tasa lehengaiak erauzteagatik), baita zerga-pizgarriak ere, hondakinen sorkuntza minimizatzeko, baliabideak erauzteko eta zabortegian uzteko”.

Azkenik, energia-plangintzaren esparruan, 2030erako Euskadiko Energia Jasangarritasunaren Estrategiaren 1. jarduketa-lerroko 1.1.1.5 ekimenak honako hau ezartzen du: “energia-aurrezpenaren sustapena ETEetako energia jasangarrian inbertitzeko zerga-pizgarrien bidez” (hala nola Teknologia Garbien Euskal Zerrendaren bidez).

Tresna baliagarria izan dadin, beharrezkoa da teknologiak eguneratuta eta plangintzen beharrekin lerrokatuta egotea. 64/2006 Dekretuak berak adierazten duenez, “Zerrenda dinamikoa izan dadila nahi da, aldian-aldian eguneratu daitekeena; horrekin nahi dena da zerrendan jaso daitezela soilik ingurumenaren aldetik eragimen handiena duten teknologiak, eta zerrendatik kanpo utzi ahal izan daitezela ingurumenaren ikuspuntutik begiratuta hobeak diren beste teknologia alternatibo batzuek dagoeneko gaindituta dauden teknologiak”.

 

3.- ARAUAREN HELBURUAK

  • 2016an onartutako teknologien zerrenda eguneratzea, honako helburu hauekin:
    • Zaharkituta dauden teknologiak kentzea.
    • Plangintzetan ezarritako helburuak lortzeko teknologia berri garrantzitsuak txertatzea.

 

4.- IZAN LITEZKEEN BESTELAKO AUKERA ERREGULATZAILE ETA EZ-ERREGULATZAILEAK

Agindua eguneratzea funtsezkotzat hartzen da tresnak bere helburua bete dezan; 64/2006 Dekretuaren arabera, helburua da sektore publikoak “ingurumenaren ikuspuntutik lehentasunezkoak diren teknologiak” sustatzea.

Ez da alternatiba ez-erregulatzailerik planteatzen, baina aginduaren onarpena alternatiba ez-erregulatzaileekin osatzea planteatzen da. Ildo horretan, zerrendaren bertsio berria behar bezala zabaltzeko elementu osagarriak garatuko dira hainbat mailatan.

Jarduera horien barruan, araua onartu ondoren zabaltzeko jarduerak daude, eta, agindua izapidetzeko prozesuarekin batera, azterketa batzuk egingo dira, zerrendaren kostuaren eta efizientziaren arteko erlazioa eta ingurumen- eta energia-helburuetarako ekarpena hobetzea ahalbidetuko duten hobekuntzak identifikatzeko. Egin daitezkeen hobekuntzen artean, egungo zerrendaren norainokoa zabaltzea eta tresnaren kudeaketa administratiboa arintzeko hobekuntza operatiboak aipa daitezke. Hobekuntzei buruzko azterketa horien bidez, etorkizunean 64/2006 Dekretua bera eguneratzeko proposamen bat sor liteke.

Aldeko argudioak
Eztabaida fasea itxita dago. Sentitzen dugu baina jadanik ezin duzu parte hartu.
Kontrako argudioak
Eztabaida fasea itxita dago. Sentitzen dugu baina jadanik ezin duzu parte hartu.
3 iruzkin
  • Argazkia Xaver
    2023-03-16

    Y cuidar no acaben copiadas por terceros países no colaboren adecuadamente con la justicia donde la transparecia es más que deseable ante lo que pueda resultar una ceguera comunitaria de no saber de normativa siquiera ni tener intención de saberlo.

  • Argazkia Xaver
    2023-03-16

    Eta zaindu ez daitezela hirugarren herrialdeek kopiatu, ez dezatela justiziarekin behar bezala lagundu, gardentasuna desiragarria baita Europako Erkidegoak arauez ez jakiteko eta jakiteko itsutasuna sor dezakeenaren aurrean.

  • Argazkia Ander
    2023-03-07

    ¿Pero no se comparten las tecnologías que son? ¿O aquí solo se plantea la conveniencia de realizar la actualización, cuyo contenido se dará a conocer posteriormente?

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan