Gobernuaren proposamenak Gobernantza Publikoa eta Autogobernua

EAEko Sozietate Zibilen Erregistroaren Erreglamendua onartzen duen dekretu-proiektua. Jendaurrean jartzeko izapidea

0 boto
Eztabaida fasea itxita dago. Sentitzen dugu baina jadanik ezin duzu parte hartu.

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak Euskal Autonomia Erkidegoko Sozietate Zibilen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen dekretu-proiektua prestatu du, eta Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren abenduaren 22ko 8/2003 Legearen arabera izapidetu behar da.

Aipatutako 8/2003 Legearen 8.1 artikuluaren arabera, (prozedura honetan aplikagarria, Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren ekainaren 30eko 6/2022 Legearen xedapen iragankorrean ezarritakoaren arabera) herritarren eskubide eta interes legitimoei eragiten dieten xedapen orokorrak jendaurrean jarriko dira, eta gauza bera egingo da xedapenen izaerak hala eskatzen duenean.

Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko ekainaren 25eko 5/2015 Legeak, ondareari buruzko zuzenbidearen printzipioen epigrafean, 16. artikuluan, kofradiak, ermandadeak edo mutualitateak izenekoak arautzen ditu. Artikulu horrek xedatutakoaren arabera, modu tradizional horietako batean eratutako sozietate zibilak Eusko Jaurlaritzak horretarako sortuko duen erregistro berezian inskribatu ahal izango dira eta, bestalde, askatasuna izango dute beren antolamendua eta funtzionamendu-arauak arautzeko. Hori horrela, Eusko Jaurlaritzak, Euskal Zuzenbide Zibila garatzeko duen eskumena baliatuz, erregistro hori arautu behar du.

Bestalde, gaur egun, Auzitegi Gorenaren otsailaren 24ko 1407/2000 epaiaren ondoren, sozietate zibilak ezin dira Merkataritza Erregistroan inskribatu, eta horrek arazoak eragin ditzake sozietate horien izatea eta antolaketa hirugarrenen aurrean egiaztatzeko.

Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzak, Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko ekainaren 25eko 5/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritakoa garatzeko, artikulu horretan aipatutako modu tradizionalen batean eratutako sozietate zibilak inskribatu ahal izateko erregistroa arautu behar duenez, beharrezkotzat eta egokitzat jo da Sozietate Zibilen Erregistroa arautzea. Erregistro horretan Euskadiko beste sozietate zibil mota batzuk ere sartu dira.

Gauzak horrela, Dekretu-proiektua honen xedea Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten eta beren jarduerak lurralde-eremu horretan garatzen dituzten Sozietate Zibilen Erregistroa arautzea da, beren jarduerak garatzeko behar duten publikotasuna izateko aukera eduki dezaten, bai trafiko juridikoan bai merkataritza trafikoan.

Aldeko argudioak
Eztabaida fasea itxita dago. Sentitzen dugu baina jadanik ezin duzu parte hartu.
Kontrako argudioak
Eztabaida fasea itxita dago. Sentitzen dugu baina jadanik ezin duzu parte hartu.
Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko