Dekretu-proiektuaren xedea
Dekretu proiektu honen xedea honako hau da:
Herritarrei eman beharreko arreta eta informazioa arautzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoarekin harremanak izateko duen eskubidea arautzea, zerbitzu publikoetara iristeko eta administrazio-prozedurak izapidetzeko bitarteko elektronikoen bidez, bai eta zerbitzu horiek emateko behar den administrazio-antolamendua arautzea, horretarako ezarriko diren baliabideak arautzea eta dagozkion eginkizunak arautzea ere
Xedapen orokorrak kanal anitzeko herritarrentzako arreta eta zerbitzu publikoetarako sarbide osoa arautuko ditu. Zehazki, gai hauek jorratuko dira: herritarrek Administrazio honekiko harremanetan dituzten eskubideak eta betebeharrak, herritarrei eman beharreko informazioa, Interneteko presentzia, zerbitzu eta prozedura elektronikoak, herritarrei arreta emateko kanal desberdinak eta herritarrentzako arretaren gobernantza.
Dekretuaren helburuak
Hauek dira dekretu honen helburuak:
a) Herritarrentzako arreta-zerbitzu kalitatezko, integral eta multikanala eskaintzea.
b) Herritarrek eskubideak balia ditzaketela bermatzea eta salbuespeneko egoeretan eskubide horiek babesteko kontuan hartu beharreko alderdiak arautzea.
c) Enplegatu publikoek eta herritarrek arreta-harremanetan izan behar dituzten eginbeharrak ezartzea.
d) Herritarrei arreta emateko modalitate eta mailak ezartzea, eta administrazio-organo guztien erantzunkidetasuna finkatzea zerbitzuan dagokien mailaren arabera.
e) Informazioaren oinarrizko alderdiak ezartzea herritarrentzako arretan, hargatik eragotzi gabe publikotasun aktiboari eta informazio publikoa irispidean izateko eskubidea baliatzeari buruzko araudia.
f) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoak Interneten duen presentzia, eredua eta elementu komunak arautzea, eta horiek kudeatzeko eginkizunak eta erantzukizunak ezartzea.
g) Administrazio elektronikoaren zerbitzu komunak eta alderdi nagusiak arautzea.
h) Arreta-kanal eta -modalitate ohikoenen alderdi nagusiak arautzea eta, aurrerapen teknologikoen arabera, beste kanal batzuk aurreikustea eta arian-arian gaitzea
i) Webguneen eta gailu mugikorretarako aplikazioen irisgarritasuna bermatzea.
j) Zerbitzu publikoen eta administrazio-prozeduren ikuspegia indartzea herritarrak erdigunean jarrita.
k) Administrazio-organo eskudunaren gaitasuna eta baliabideak doitu eta egokitzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko sailek sortu eta herritarrek eskatzen dituzten aurrez aurreko eta telefono bidezko arreta-zerbitzuen arabera.
l) Proaktiboki kontsultak eta zerbitzuak pertsonaliza daitezen sustatzea
m) Herritarrentzako arretaren kalitaterako eta etengabeko hobekuntzarako tresnak ezartzea; bereziki, kexa eta iradokizunen sistema.
n) Herritarrei arreta emateko erantzukizunen antolamendua eta banaketa ezartzea, bai eta jarraipen-, kontrol- eta koordinazio-mekanismoak ere
o) Erakundeen arteko elkarlanerako mekanismoak ezartzea herritarrentzako arretaren arloan.