EKIMENAREN BITARTEZ KONPONDU NAHI DIREN ARAZOAK
Euskararen ezagutzan erronka berriak datoz, kontuan hartzen badugu EAEko gazterian dagoen ezagutza % 80tik gorakoa dela eta horiek oraingo administrazioko langileak ordezkatzera deituak daudela. Funtzionarioen euskararen ezagutza kontuan hartuta, normalizazioaren bigarren urratsa eman nahi da, eta lan jarduketan euskaraz eta gaztelaniaz lan egingo duen administrazioa lortzeko bidean jarri.
ARAUA ONESTEA BEHARREZKOA ETA EGOKIA DEN
Dekretu bakar batean batu nahi dira Euskal Sektore Publiko osorako normalizazio arau orokor amankomunak; erakunde bakoitzaren autonomia mantenduz, planifikazio tresnen bitartez bakoitzaren berezitasunek isla eduki dezaten beren normalizazio prozesuan.
ARAUAREN HELBURUAK
- Erakundeen autonomia eta berezitasunak aintzat hartuz, normalizazio arau orokor amankomunak ezarri Euskal Sektore Publikoan.
- Hizkuntza Planifikazioaren tresnen arloa garatu.
- Hizkuntza eskakizunen izendapena Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren mailetara egokitu.
- Ezagutzatik erabilerara jauzia egiteko bitartekoak garatu.
- Egungo araudian antzemandako hutsuneak konpontze aldera hobekuntza teknikoak txertatu.
IZAN LITEZKEEN BESTELAKO AUKERA ERREGULATZAILE ETA EZ ERREGULATZAILEAK
Aurreko idatz-zatietan azaldutako inguruabarrak direla-eta, nahitaezkoa da dekretu berria izapidetzea, ezinezkoa baita bestelako konponbideak bilatzea egun indarrean dauden dekretuak aldatu edota ordezkatzeko.
Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendari jaun agurgarria:
Apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuak bere fruituak eman ostean, eta horren aplikazioan eskuratutako ezagutza kontuan harturik, ordezkatu nahi den arauditik haratago joan behar litzateke. Lehenik eta behin, ezin dugu ahaztu sistema osoak euskaldunon hizkuntza-eskubideak bermatzea helburu duela eta, ondorioz, egoera egokia litzateke herritar euskaldunon hizkuntza-eskubideen urraketen aurrean neurri zehatzak eta zehatzaileak ezartzea, herri administrazioen esparruan ez bada ere.
Bigarrenik, euskararen normalkuntzari begira, xedetzat jarri beharko genuke herri administrazioek ahal duten guztietan euskaraz funtzionatzea eta lan egitea. Gure herri administrazioek ez badute euskaraz lan egiten, ez du beste ezein administraziok eginen. Ondorioz, hizkuntza-eskakizuna eskuratu duten herri langile orok (okupatzen duen plazak derrigortasun-data ukan zein ez) euskaraz lan egin beharko luke eta, soil-soilik herritarrak gaztelaniazko arreta edo erantzuna eskatu duenean, gaztelaniaz egingo luke lan. Horiek horrela, barneko sorkuntza-lana euskaraz izan beharko litzateke, ele bitan egin beharrekoa araudiak hala eskatzen dituen egoeratara murriztuz; gaur egun, euskaraz lan egin nahi duten herri langile frankok gainkarga gisa hartzen dute, ezin baitute euskara hutsean lan egin.
Hirugarrenik, hemendik aitzinera egiten diren hautaketa-prozesuetan derrigorrezkoa izan beharko litzateke kidego edo plaza bakoitzari dagokion hizkuntza-eskakizuna eskuratuta izatea edo prozesuan eskuratzea. Halaber, oposizioko probetako bat edo horietako atal batzuk euskaraz egitea derrigorrezkoa litzateke, bereziki, gerora egingo duten lanarekin lotura zuzena dituztenak, hala nola, kasu praktikoak ebaztea eta antzekoak.
Laugarrenik, behin lanean egonda, euskalduntze-prozesuak amaitu beharko lirateke eta, behar-beharrezkoa denean soilik, birziklatze-ikastaroak eskaintzea. Dena den, kontuan hartu beharko genuke lana euskaraz burutuz gero bermatuta geratuko litzatekeela euskarazko gaitasuna mantentzea.
Bosgarrenik, hizkuntza-eskakizunen jaitsiera eten beharko litzateke, azken urteotan lanpostu ugaritan 4. eskakizunetik 3.era edo 3.etik 2.era igaro baita; lan teknikoa, txosten mardulak edo lan juridikoa egiteko, esaterako, nahitaezkoa da 4. HE edukitzea eta horixe bera jaso zuen HABEk bere Curriculumean, C2 mailari zegokion atalean. Benetan lana euskaraz egingo bada, gutxieneko maila batzuk nahitaezkoa izan beharko dira eta arreta berezia eskaini beharko zaie arduradun-lanpostuei.
Seigarrenik eta azkenik, dekretu berriaren aplikazio-esparrua hedatu beharko litzateke, herri-administrazioen eta horien mendeko erakunde guztietako, sozietate publikoak eta bestelakoak barne, eremu guztietara hedatuz.
Ekarpenak aintzat hartuko dituzulakoan, begirunez agurtzen zaitut.