Gobernuaren proposamenak Hezkuntza

Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Legearen Aurreproiektua. Aurretiazko kontsulta publikoa.

Hitzaurrea

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza legearen Aurreproiektua izapidetzea aurreikusten du.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 133.1 artikuluan jasotzen den bezala, nahitaezkoa da arau-xedapenaren proiektu bat egin aurretik, kontsulta publikoa egitea, hori dela eta  administrazio eskudunaren web-atariaren bidez partehartzera gonbidatzen zaitugu.

Era berean, 2017ko abenduaren 12ko Gobernu kontseiluaren erabakia betetze aldera, zeinaren bidez xedapen orokorrak egiteko prozedura aplikatzeari buruzko jarraibideak onartzen diren, aurretiazko kontsultaren izapide honetan argitaratutako informazioa Gobernu Irekiaren plataformara -Irekia- eramaten da. Bertan, herritarrek Administrazioaren jarduerak ezagutu ahal izango dituzte, eta beren iritziak modu erraz, ireki eta informalean eman ahal izango dituzte, eta, hala badagokio, argitaratutako jarduerei buruzko eztabaidak sortu ahal izango dituzte.

Informazio hori bera Legegunean ere agertuko da, administrazio-espedienteak argitaratzeko gune gisa, gardentasunari buruzko legeriaren ondoriozko publizitate aktiboko betebeharrak betetze aldera.

Kontsulta publiko honen helburua, etorkizuneko arauak uki ditzakeen pertsona eta erakunde adierazgarrienen iritzia jasotzea da.

Hori dela eta, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO HEZKUNTZA LEGEAREN AURREPROIEKTUA egin aurretik, aipatutako aurretiazko kontsulta-izapidea bete nahi da,  arauak eragiten dien gainerako erakunde eta herritarrek, parte hartzeko aukera izan dezaten, planteatzen den arauari ekarpenak eginez.

Hogei egun balioduneko epea ezartzen da, eragindako erakundeek eta  herritarrek egoki iritzitako iradokizunak aurkez ditzaten.

#LeyEducación
Zerikusia duten berriak