Gobernuaren proposamenak Osasuna

Euskal sistema sanitario publikoko I+G+B erakunde sanitarioei eta haien gobernantzari buruzko dekretu-proiektua. Aurretiazko kontsulta Publikoa

Eu
0 boto

* Ekimen honen bidez konpondu nahi diren arazoak:

Ikerketari eta berrikuntzari laguntzea dute oinarri Euskadiko lehiakortasunak eta garapen sozialak, eta halaxe dago jasota 2020ko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Planean (ZTBP 2020). Halaber, ikerketa eta berrikuntza sanitarioari laguntzea Osasun Sailaren eta Osakidetzaren ildo estrategikoetako bat da.

I+G+B jarduerak errazteko eta bere eragina hobetzeko Osasun Sailak duen tresna nagusia Osasun-arloko Ikerketa eta Berrikuntzarako 2020ko Estrategia da (OIBE 2020). 2016ko otsailean aurkeztu eta zabaldu zen estrategia hori.

OIBE 2020k osasunaren arloko I+G+Bren jarraipena biltzen du, etapa hauek identifikatuta: oinarrizko ikerketa, garapen-gakoak, merkaturatzeko baimena eta osasun-sisteman txertatzea, hedatzea eta erabiltzea. Horrez gain, proposatzen duen eskeman, I+G+Bren jarraipen horretan erakundeak jarduten diren alderdiak adierazten ditu, edota erakunde sanitarioen alderdiak; bereziki, Ikerkuntza Sanitariorako Euskal Fundazioa (BIOEF), Biodonostia eta BioCruces (orain, BioCruces Bizkaia) ikerketa sanitarioko institutuak, Bioaraba (lehen ez zuen erakunde propiorik), Basurtuko eta Galdakaoko ospitaleetako ikerketa-unitateak eta Kronikgune ikerketa-zentroa.

Hasierako mapa hori eboluzionatzen ari zen, eta OIBE 2020k bere jarraipen-sisteman ezartzen zuen, bere indarraldiaren erdian (2018), bitarteko berrikuspena egingo zela, I+G+Bren egituren maparen eboluzioa aztertzeko. Bitarteko berrikuspen hori 2019ko martxoaren 20an aurkeztu zen Legebiltzarrean.

Era berean, OIBE 2020ren 2.2 helburuak aurreikusten du «Ikerketaren eta berrikuntzaren plangintza-, kudeaketa- eta gobernantza-eredua hobetzea ikuspegi sistemiko eta integratu baten bidez». Helburu hori lortzeko, estrategiak honako ekintza hauek ezartzen ditu, besteak beste:

  • Egituren mapa berria bistaratu eta komunikatzea, baita erantzukizunen eta eginkizunen mapa ere, plangintza, kudeaketa eta gobernantza errazte aldera. Halaber, lehendik dauden egiturak optimizatuko dira, eta, hala, bikoiztasunak saihestuko dira, eragingarritasuna eta eraginkortasuna handitzeko.
  • Osasun Berrikuntza eta Ikerketarako Fundazioa (BIOEF) eguneratzea, eta haren baliabideak etapa berri honetarako egokitzea.

Horrek guztiak X. Legegintzaldian hasitako bidean aurrera egiteko premiari erantzuten zion; Sistema Sanitario Publikoaren ikerketaren eta berrikuntzaren antolamendua egituratzeko bidean, hain zuzen. Honako hauek dira 2016. urtetik I+G+Bren inguruan egin diren aldaketa nagusiak:

  • BioCruces Bizkaia Institutua eraldatzea. Batzar orokorrak onartu zuen, 2018ko apirilean, eta estatutu sozialak aldatu ziren. Ondorioz, Bizkaiko lurralde historiko osoko osasunaren arloko ikerketa-gaitasunak biltzen ditu.
  • 2018ko uztailean, Osasuneko sailburuak Euskal Osasun Sistemako I+G+Bko erakundeen mapa onartzea. I+G+Bko lau zentrok (Bioaraba, BioCruces Bizkaia, Biodonostia eta Kronikgune) eta buru korporatibo batek osatzen dute mapa.
  • 2018ko azaroan, Bioaraba Ikerketa Sanitarioko Institutua eratzea.
  • 2019ko otsailean, Bioaraba Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko (ZTBES) agente gisa akreditatzea, ikerketa sanitarioko institutuen kategorian.

Ondorioz, eta Osasuneko sailburuak 2018ko uztailean onartu ondoren, sistema sanitarioko I+G+Bren mapa bost erakundek osatzen dute: I+G+Bko lau zentrok (Bioaraba, BioCruces Bizkaia, Biodonostia eta Kronikgune) eta buru korporatibo batek (BIOEF).

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko agenteak dira, eta, beraz, funtsezkoak dira Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sisteman. Hortaz, erakunde horien jarduerak, Sistema Sanitario Publikoaren beharrei erantzuteaz gain, bermatu behar du bat datorrela Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sistemarekin (gaur egun ZTBP 2020k eta RIS3k zehazten dituzte) eta Europako ildo estrategikoekin (Horizon 2020 eta beste batzuk), Euskadiren lehiakortasun-helburu orokorrei laguntzeko.

 

* Ekimena onartzeko premia eta aukera:

Egin nahi den araudiak bost erakundeen gobernantza arautu behar du, erakunde mota bakoitzaren (I+G+B zentroak eta buru korporatiboa) funtzioak eta horien arteko erlazioak ezarrita. Araudiak mapa, horren gobernantza eta kudeaketa agente guztientzat ezaguterrazak izaten lagundu behar du.

Halaber, berrikusi eta eguneratu beharko dira azken hamarkadan zehar Euskal Sistema Sanitario Publikoaren barruan I+G+B jarduerak kudeatzeko balio izan duten hitzarmenak. Hori guztia Osasun Sailaren antolamenduaren eta gaur egun bertako zerbitzu batzuek betetzen dituzten eginkizunen esparruan, eta Osakidetzarekin duten koordinazioa kontuan izanik.

Era eskematikoan azalduta, honako hauek barne har litzake araudiak:

  • Mapa osatzen duten erakunde mota bakoitzaren definizioa edo xedea; antolamendu-egitura; jarduerak/funtzioak eta jarduketa-eremua
  • Gobernantza: erlazio-eredua
  • Zentroen bideragarritasun-mekanismoa/aurrekontua

 

* Landu nahi den arau-proiektuaren helburuak:

Mapari sendotasun juridiko-legala emango dion araudia eginda lortu nahi den helburu nagusia da mapa hori osatzen duten elementuen lan kohesionatua bermatzea, bai eta mapak zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren euskal sistema osoarekin eta Estatuko eta Europako sistemekin duen lan kohesionatua ere, hala, euren I+G+B jarduerek honako hau lor dezaten:

  • Herritarren osasuna hobetzea.
  • Euskal Sistema Sanitario Publikoaren jarduera, eraldaketa eta jasangarritasuna hobetzea.
  • Euskadiren garapen sozioekonomikoari laguntzea.
  • Euskal sistema sanitarioaren prestigioa areagotzea eta sistema lehiakor gisa aitortzea.

Gainera, araudia eginez gero, erabat beteko dira Osasun-arloko Ikerketa eta Berrikuntzarako 2020ko Estrategiako ekintzak eta helburuak.

Aldeko argudioak
Gehienez 255 karaktere
Kontrako argudioak
Gehienez 255 karaktere
Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Ezer esateko?… Iritzia eman gobernuaren proposamen honi buruz