Gobernuaren proposamenak Lehendakaritza

Estrategia eta ekintza-plan eragilea Euskadin soldata-arrakala murrizteko

Eu
Hitzaurrea

Emakumeen eta gizonen arteko soldata-arrakala murrizteak funtsezko mugarri bat izaten jarraitzen du Gobernuak bere plan sektorial desberdinetan planteatutako hainbat helburu betetze aldera, eta baita garapen jasangarrirako helburuak ere, Nazio Batuen garapen jasangarrirako Agenda 2030ean ezarri bezala. Gainera, gizarte-eskubideen Europako oinarriak sendotzen laguntzen du.

Emakundek aurkeztu duen Euskal Autonomia Erkidegoko soldata-arrakala txostenetik ateratako datuen arabera, soldata-arrakalari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoan langile bakoitzeko urteko batez besteko irabazia 27.571,31 eurokoa izan zen 2015ean. Sexuaren arabera, 31.089 eurokoa gizonentzat eta 23.537 eurokoa emakumeentzat. Hortaz, EAEn, % 24,3ko (7.552€) soldata-arrakala dago, 2,2 puntu gehiago 2009koaren aldean (% 22,1), urteko irabazia kontuan hartuta. Bestetik, irabazia orduko aztertzen bada, Europar Batasunak egiten duen bezala, soldata-arrakalak behera egin du % 17,6tik 2009an % 12,8ra 2015ean.

Soldata-ezberdintasun hori arazo konplexua da, eta dimentsio aniztuna; beraz, dimentsio anitzetatik heldu behar zaio, eta agente inplikatu guztien eskutik. Soldata-arrakala zuzenaren kasuak ez ezik (gizon bati baino gutxiago ordaintzea emakume bati lanpostu berean), zeharkako arrakala bat ere bada, funtsean kulturan, enpresan eta lan-merkatuan sorburua duten faktoreek eragindakoa eta, beraz, abordaje integrala eskatzen duena.

Ildo horretatik, 2018ko uztailaren 17an, dokumentu bat aurkeztu zen Gobernu Kontseiluan: EUSKADIN SOLDATA-ARRAKALA MURRIZTEKO ESTRATEGIA ETA EKINTZA-PLAN ERAGILEAren aurretiazko dokumentua, emakumeen eta gizonen arteko soldata-arrakala murriztearen aldeko konpromisoa betetzea helburu duena 12 ekimen eragileren eta 60 neurriren multzo zabal eta koherente baten bitartez, gaiari ekintzekin, aldi berean elkar indartzen direnekin, heltzeko.

Proposatutako ekimen eragileen eta neurrien artean, herritarren aintzatespen eta erantzunkidetasun handiagoa, lan-merkatuarekin eta hezkuntzarekin lotutako politikak eta enpresen jardunak azpimarratzen dituzte aurreikusita dauden ekintza nagusiek.

#brechasalarial
Zerikusia duten berriak
Komunikabideek behera kargatzeko