Gobernuaren proposamenak Lehendakaritza
Hitzaurrea

Zientzia eta genero-berdintasuna ezinbestekoak dira 2030 Agendan jasotako Garapen Jasangarriaren Helburuak betetzeko. Azken 15 urteotan, nazioarteko komunitateak ahalegin handia egin du neskek eta emakumeek zientzian parte hartzea sustatuz. Tamalez, oraindik ere diziplina horretan erabat parte hartzea eragozten dieten zenbait oztopo aurkitzen dituzte neskek eta emakumeek.

EUSTATen datuen arabera, EAEn emakumeak dira Ikerketa, Garapen eta berrikuntzako (I+G+i) jardueretan diharduten pertsonen % 37, eta portzentaje hori sektorearen arabera aldatzen da. Bestalde, emakumeen proportzioa nabarmen gutxitzen da, karrera zientifikoan edo lidergo‑postuetan gora egin ahala.

Nazio Batuen Batzar Orokorrak otsailak 11 jo zuen Zientziaren arloko Nesken eta Emakumeen Nazioarteko Eguntzat, helburu hauek lortzeko: nesken zein emakumeen sarbide eta partaidetza erabatekoa eta ekitatiboa zientziaren arloan, arlo horretan neskak eta emakumeak ahalduntzea eta genero-berdintasuna. Hala, bada, egun horrek gogorazten digu neskek eta emakumeek funtsezko eginkizuna betetzen dutela komunitate zientifiko eta teknologikoan, eta indartu beharko litzatekeela haien partaidetza. Kontua da agenda global berrian ikustaraztea bi aspektu hauen arteko lotura, zeinak funtsezkoak eta zeharkakoak diren: alde batetik, eremu guztietan genero-berdintasuna lortzea (Garapen Iraunkorreko 5. Helburuetan islatzen da), eta, bestalde, zientzia, teknologia eta berrikuntza, garapen iraunkorraren eragileetariko batzuk diren heinean. Horrela aitortzen da 2030 Agendaren helburu asko lortzeko oztopo handia dela emakumeak komunitate zientifikoan eta teknologikoan baztertuta egotea edo berdintasun‑baldintzarik ez izatea arlo horretan parte hartzerakoan (dela sortzaile, dela erabaki-hartzaile, dela erabiltzaile gisa).

Ildo horretan, EUSKADI 2020 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planak, genero‑berdintasuna sartzen du bere zeharkako ardatzen artean (plan hori 2014ko abenduaren 16an onartu zuen Gobernu Kontseiluak). Hala, haren barruan berdintasunarekiko konpromisoa nabarmentzen da, bi ekimen hauek sustatzen baititu: Ikerketa, Garapen eta berrikuntzako politika publikoetan genero-berdintasuna sartzea, zeharkako printzipiotzat joz, eta bultzatzea emakumeek teknologiaren sektore aurreratuen eta trinkoenetan egiten duten lana.

Bestalde, EAEko Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako VI: Planak (VII.a onartzeke dago) jasotzen dituen helburuetako bat bereziki zuzentzen zaio emakume-talde desberdinen jarduera- eta lan-tasa handitzeari kalitatezko enpleguetan parte hartzearen bidez, eta, horrez gain, lehentasunezkotzat jotzen du zenbait eremu akademiko, zientifiko, teknologiko, ekonomiko eta finantzariotan diharduten emakume ikerleen kopurua handitzea, bai eta teknologiaren sektore aurreratuenen eta intentsiboenetan ere.  

Horregatik, ezinbestekoa da erakunde publiko guztiek, bai eta gizarte osoak ere, jarraitzea lanean emakumeek aurrera egin dezaten zientzian, eta hori horrela izateko inolako diskriminaziok baldintzatu ez ditzan; izan ere, teknologia- eta berrikuntza-eremuek ere lagundu dezakete neurri handi batean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzen.

 

ERREFERENTZIAK:

 

#MujeryCiencia
Zerikusia duten berriak