Gobernuaren proposamenak Turismoa, Merkataritza eta Kontsumoa

Erabilera turistikoko etxebizitzen eta etxebizitza partikularretako logelen Dekretu-Proiektua

Eu
Hitzaurrea

Erabilera turistikoko etxebizitzetan eta etxebizitza partikularretako logeletan ostatu hartzea arautzen du dekretu-proiektu honek, establezimenduak libreki kokatzeko askatasunetik abiatuz eta legezkotasun-printzipioa eta eragindako interes guztiak behar bezala neurtzen direla bermatzeko helburuarekin. Hori dela eta, dekretu-proiektuak zenbait baldintza eta betekizun zehazten ditu, beharraren eta proportzionaltasunaren printzipioak gordez, merkatuan sartzeko justifikaziorik gabeko murrizketarik ezarri gabe, baina ahaztu gabe, ostatu turistikoa bizitegi-inguruneetan gauzatzen dela eta ingurune horietan auzoen arteko bizikidetza normala eta gainerako pertsonek beren etxebizitzaz inolako asaldurarik gabe gozatzeko daukaten eskubidea bermatzea beharrezkoa dela.

Arau honen helburua, alde batetik, ostatuen erabiltzaileak babestea da, zeinak turismo-jardueraren izaeragatik beragatik bereziki kalteberak baitira. Hain zuzen ere, informazioaren teknologiei esker merkatu berri honetan erabilgarri dauden zerbitzuei buruzko urrutiko informazio asko zuzenean eta berehala lor daitekeen arren, kontratuen kontua tentuz ibiltzekoa izaten da, zerbitzu-ematea ezin luzatuzkoa izaten baita eta, horrez gain, pertsona horiek normalean beren ohiko ingurumari fisikotik eta harreman-ingurutik kanpo egoten baitira. Helburu horrekin, etxebizitzei eskatu beharreko baldintzak arautzen ditu dekretu-proiektu honek, berehala egon daitezen egokiro erabiltzeko moduan, segurtasun fisikoa bermatuz erabil daitezen eta interesatuen arteko erlazioak segurtasun juridiko handiagoarekin izan daitezen laguntzeko..

Bestalde, hizpide dugun erabilera turistikoko etxebizitzen arauketak badu beste helburu bat, lehen adierazi dugun bezala: turismo-jarduera eta gainontzeko auzokideen eskubideak bateragarri egitea, jabetza horizontalaren araubidean eratuta dauden higiezinen kasuetan; jarduera-mota horrek aplikagarria den araudia bete dezala bultzatzea, arreta berezia jarriz hirigintza eta ingurumen arloetan, eta, azkenik, erraztea etxebizitzen titularrek, eragile ekonomikoak diren aldetik, behar bezala bete ditzatela zerga betebeharrak.

#ViviendasTurísticas
Zerikusia duten berriak
Komunikabideek behera kargatzeko