Gobernuaren proposamenak Lehendakaritza

Maiatzaren 28a, Emakumeen Osasunaren aldeko Ekintzaren Nazioarteko Eguna

Hitzaurrea

Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzea Eusko Jaurlaritzaren funtsezko zeregina da. Gai etiko bat da, eta justizia sozialari lotutako gaia, giza eskubideen gaia, baina baita aukera adimentsua eta erantzukizunezkoa ere, garapenaren alde apustu egiten duen gizartearena, aurrera egiteko guztion beharra duela dakien gizartearena.

Osasunaren eremuak neurri handi batean lagun dezake gizonen eta emakumeen arteko berdintasun horretan, osasunean ekitatea bultzatuz, hain zuzen ere.

Aldi honetan, Maiatzaren 28a, Emakumeen Osasunaren aldeko Ekintzaren Nazioarteko Eguna ospatuko dugu, egun horrek gogorarazten baitigu emakumeek eta gizonek arrisku-faktore diferentzialak dituztela eta, horren bidez, berretsi egiten dela osasunerako eskubidea emakumeen giza eskubide gisa, inolako murrizketarik edo esklusiorik gabe erabili behar dutena beren bizitza-zikloan zehar.

Emakume askok, bizi ditugun aurrerapenak nabarmenak izan arren, lan txarragoak eta soldata txikiagoak dituzte, erabakiak hartzeko aukera gutxiago dute, desabantaila handiagoak dituzte gizartean, estres fisikoa eta mentala jasaten dituzte, baita lan emozionalak eragindakoa ere familia osoaren zaintzaile diren aldetik. Gainera, erantzukizun horiek eragiten dute ariketa fisiko gutxiago egitea, ordu gutxiago lo egitea eta aisaldiaz gutxiago gozatzea. Gainera, generoagatiko diskriminazioa emakumeen kontrako indarkeria gisa ager daiteke: tratu txarra bikotekidearen edo bikotekide ohiaren aldetik, eta horren emaitzaz erailda izanik ere muturreko kasuetan, neskatilen eta nerabe adingabeen sexu-erasoa, eta laneko sexu-erasoa edo sexu-jazarpena. Hala, egoera horiek guztiek ondorio suntsitzaile izugarriak dakartzate haien osasun fisikoan, psikikoan eta sozialean.

Ondorioz, emakumeak eta gizonak ez dira gaixotasun berdinek erasanda gaixotzen, ezta maiztasun berarekin ere; ez dute sintomatologia bera adierazten eta ez diete berdin erantzuten tratamenduei.

Osasuna, zentzu orotan, fisikoan eta mentalean, funtsezko giza eskubide bat da. Oinarria da ongizaterako eta partaidetzarako bizitzaren alderdi guztietan.

Zentzu horretan, nabarmentzekoa da Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak lehentasunezko arlotzat bultzatzen diharduela emakumeen osasuna bere 2013-2020 Osasun Planean, esku-hartze estrategiak deskribatzen ditu desberdintasun sozialak eta generokoak murriztera zuzenduak, eta ekitatea hartzen du osasun-politikaren lehentasunetako bat bezala. Bestalde, EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VI. Planak (orain lantze-fasean da EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VII. Plana) emakumeen osasuna sustatzera zuzendutako helburuak biltzen ditu bere programen artean.

Ezinbestekoa da instituzio publiko guztiek, baita gizarte osoak ere, osasunaren aurrerabideari eustea inolako diskriminazioaren ondorioz baldintzatuak izan gabe.

 

Erreferentziazko dokumentuak

2013-2020 Osasun Plana

Osasun Sailaren Lerro Estrategikoak 2017-2020

Ikuskerak - Sanidad 2015 azterlana

Emakundek antolatutako solasaldia

#DíaSaludMujeres
Zerikusia duten berriak