Gobernuaren proposamenak Lehendakaritza

Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Plana 2017-2020

qrcode
Hitzaurrea

Oraingo testuinguruan eta bizikidetzaren ikuspegitik, garrantzizko zereginak daude oraindik betetzeko: indarkeriaren amaiera ordenatua (ETAren armagabetzea ziurtatzea eta baieztatzea, eta desegitea, eta iraganari buruzko gogoeta kritikoa egitea), biktima guztiei errekonozimendua eta ordaina ematea, iraganaren memoria kritikoa, espetxe-politika, giza eskubideen inguruko erronka berriak…

Bost urte baino gehiago igaro dira ETAren indarkeriaren amaiera iragarri zenetik. Iraganaren zauriak itxi beharrean gaude, eta oraindik zintzilik dauden arazoak konpondu eta etorkizunari begira bizikidetza demokratikoaren kultura sendotu. Plan estrategiko hau beharrezko tresna da etorkizun hobeagoa lortzen laguntzeko eta asmoa da beharrezko giltzarri guztiak biltzea bizikidetza normalizatu eta memoriadun bat finkatzeko, aurretik egindako lanari jarraitasuna emanez.

Aurreko planak Bake eta Bizikidetza Plana zuen izena eta Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Plana izena hartu du oraingoak. Bakea, terrorismoak eta indarkeriak erasotako garai baten amaierari lotuta, atzean geratzen ari den agenda bat balitz bezala ikusten da orain gizartetik. Giza eskubideei lotutako bizikidetzak formulazio bat adierazten du eta, itxi gabe dauden erronkak ahaztu gabe, sortzen ari diren desafioetara hobeto egokitzea du helburu, beti aldakor eta ziurgabetasunez inguratuta ageri zaigun mundu honetan.

Gizartearen elkar hartzea da plan honen helburu estrategikoa. Gizarte demokratiko baten balio gorena adierazten du: bizikidetza adostua lortzea. Gizartearen elkar hartzea adostasunean oinarritzen da, giza eskubideen eta euskarritzat duten giza duintasunaren balio gorenaren inguruan. Memoriari eusten dion bizikidetzari egiten dio aipamen, itxi gabe dagoen iraganeko agendari begiratzen dionean, baita bizikidetza solidarioari ere, sortzen ari diren erronkei begiratzen dienean.

Bai munduan bai gure tokiko esparruan kezken agenda berri bat kontsolidatu da, XXI. mendearen errealitatera egokitutakoena. Sortzen ari diren eztabaidak dira horiek, bizikidetzan edo hezkuntzan, aniztasuna eta solidaritatea bezalako balioen kudeaketarekin zerikusia dutenak, eta errealitate hauetan aditzera ematen direnak: errefuxiatuak, migrazioak, pluraltasun erlijiosoa edo kulturala, esklusioaren eta bidegabekeriaren agertoki berriak, edo nazioarteko terrorismoaren edo gerraren mehatxuari emandako erantzunak. Gainera, planak gai hauei heltzen die. 

#PlandeConvivencia
Zerikusia duten berriak
Komunikabideek behera kargatzeko