Armañóngo naturagune babesturako Natura Baliabideen Antolamendu Plana

Eu
Hitzaurrea

* Entzunaldiaren izapidea.

Armañóngo naturagune babestuan, lurralde-eremu berean, babeserako bi figura daude, Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen (EAENKL) testu bateginaren 13. artikuluak ezarritako naturagune babestuen moten arabera: natura-parkea eta Europako Natura 2000 sare ekologikoko kontserbazio bereziko eremua.

1997an, Armañóngo eremua Batasunaren garrantzizko leku (BGL) izateko proposatu zuten, eta duela gutxi, 2016an, espazioa Natura 2000 sare ekologikoko kontserbazio bereziko eremu (KBE) izendatzeko eta espaziorako kontserbazio-helburuak eta -neurriak onartzeko dekretua onartu zen.

Bestalde, eremu hori natura-parke izendatu zuten 2006an, Natura Baliabideen Antolamendu Plana onartu ondoren.

Armañóngo naturagune babestuak 3.004 hektarea ditu, eta Euskal Autonomia Erkidegoko landa-eremu garrantzitsuenetako batean dago. Nekazaritza-jarduerek eta, bereziki, abeltzaintzakoek baldintzatzen dute gehienbat haren paisaia. Hala ere, edertasun handiko natura-balio aipagarriak ere baditu, nagusi den kare-litologiari lotutakoak; horien artean daude, besteak beste: harkaiztiak, lapiazak, dolinak, arrailak...

Zorupean arkeologia, espeleologia eta fauna aldetik balio handia duten kobazulo asko daude; hortaz, kiropteroentzat Armañóngo mendigunea autonomia-erkidegoko lekurik garrantzitsuenetakoa da. Horien artean, Pozalagua haitzuloa nabarmendu dezakegu, dituen estalaktita eszentrikoengatik eta Karlistaren Torkarengatik. Azken hori ezagutzen dugun barrunberik handienetakoa da, eta 500 m-ko luzera eta 125 m-ko garaiera du.

Egun kontserbatzen diren basoen artean, eguteretako artadiak eta ospeletako pagadiak nabarmendu ditzakegu. Hala ere, aurrez esan dugun bezala, mendi-eremu horretan, zuhaixka- eta landare-egiturak dira ohikoenak eta bereizgarrienak. Lurraldea Kantabriako baso-eremu zabalekin dago lotuta, eta horrek faunaren aberastasuna handitzen laguntzen du. alde horretatik, interes handiko eremutzat jo dezakegu. Euskal Autonomia Erkidegoan, Raneron baino ez daude katazuriak eta elur-lursaguak. 

==================================================================

* Jendeaurreko informazioaren fasea (2018/06/16-2018/09/11).

Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen Testu Bategina onartzen duen apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren 7.d) artikuluak ezarritakoarekin bat, Baliabide Naturalak Antolatzeko Planari hasierako onespena eman ondoren, jendaurrean jarriko da hirurogei egunetan (EHAA). Dokumentazioa eta alegazioak aurkezteko inprimakia www.euskadi.eus/natura dago eskuragarri. Modu ireki eta publikoan iruzkinak eta iradokizunak egiteko interesa dutenek Irekiaren web-orrian egin dezakete zuzenean

#Armañon_plana
Zerikusia duten berriak