Gobernuaren proposamenak Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza

Gorbeiako naturagune babesturako Natura Baliabideen Antolamendu Plana

Hitzaurrea

* Entzunaldiaren izapidea.

Gorbeiako naturagune babestuan, lurralde-eremu berean, babeserako hiru figura daude, Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen (EAENKL) testu bateginaren 13. artikuluak ezarritako naturagune babestuen moten arabera: natura-parkea, biotopo babestua eta Europako Natura 2000 sare ekologikoko kontserbazio bereziko eremua.

Gorbeiako eremua EAEko natura-parke izendatu zuten 1994an, eta urte berean haren Natura Baliabideen Antolamendu Plana (NBAP) onartu zen. Urtebete geroago, 1995ean, natura-parkeko Itxinako mendigunea biotopo babestu izendatu zuten.

1997ko abenduan, natura-parkeko eremu bera Batasunaren garrantzizko leku (BGL) izateko proposatu zuten, eta duela gutxi, 2016an, espazioa Natura 2000 sare ekologikoko kontserbazio bereziko eremu (KBE) izendatzeko eta haren kontserbazio-helburuak eta -neurriak onartzeko dekretua onartu zen.

Gorbeiako naturagune babestuak 20.226,45 hektarea ditu, eremu menditsu zabala da eta Kantauriko eta Mediterraneoko isurialdeen banalerroan dago, Bizkaiko eta Arabako lurralde historikoetan. Eremu garaia denez, mendialdeko klima du. Mendigunea horma gisako bat da Bizkaiko golkotik datozen haize hezeentzat, eta horrek desberdintasun handiak eragiten ditu iparraldeko isurialdearen eta hegoaldekoaren artean. Iparraldekoa hezeagoa da; hegoaldekoa, berriz, lehorragoa eta eguzkitsuagoa. Hortaz, Gorbeiak mendialdeko ekosistemen aberastasun izugarria du, eta, gainera, ondo kontserbatuta dago.

Haren topografia malkartsuari, bestalde, gizakiek inguru honetan milaka urtez egin duten abereen erabilera gehitu behar zaio. Horrek guztiak natura-balio eta ingurune-aniztasun handiko eremua osatu du; bertan, baso naturalak, txilardi eta belardi menditarrak, harkaiztiak, hezeguneak eta errekastoak daude. Naturagune babestu (NB) honen eremuaren bi heren baino gehiago baso-masek hartzen dituzte; horien bi heren hostozabalak dira eta beste herena konifero-sailak.

Natura- eta ekologia-balioez gain, kontuan hartu behar da Gorbeia eta ingurunea EAEko paisaian erreferentzia nagusietako bat direla, eta sinbolo izaera ere eskuratu dutela, kulturaren ikur adierazgarritzat ere hartzen dituzte-eta euskal herritar guztiek eta, zehazki, inguruetako biztanleek.

==================================================================

* Jendeaurreko informazioaren fasea (2018/06/16-2018/09/11).

Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen Testu Bategina onartzen duen apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren 7.d) artikuluak ezarritakoarekin bat, Baliabide Naturalak Antolatzeko Planari hasierako onespena eman ondoren, jendaurrean jarriko da hirurogei egunetan (EHAA). Dokumentazioa eta alegazioak aurkezteko inprimakia www.euskadi.eus/natura dago eskuragarri. Modu ireki eta publikoan iruzkinak eta iradokizunak egiteko interesa dutenek Irekiaren web-orrian egin dezakete zuzenean.

 

#Gorbeia_plana
Komunikabideek behera kargatzeko