Eu

Partaidetza digitalari buruzko konklusioak Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen (LAG) berrikusketan, aurrerapenetik hasierako onespenera arte (2017). 2.fasea

2017.eko abenduak 21

A)   AURREKARIAK

2016ko azaroan aurkeztu zen Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen Berrikusketaren Aurrerapena. Parte-hartze prozesu zabal baten emaitza izan zen, parte-hartze digitala zein presentziala, baita gizartearena zein instituzioena ere (prozesua eta azken emaitzak web-orrian daude)

Parte-hartze instituzionala.

2017ko parte-hartze instituzionala Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen esparruan egin da. Lege horren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordeak (EAELAB) eta Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Politikarako Aholku Batzordeak (LPAB) txostena egin beharko diote dokumentu horri, Aurrerapenaren ondoren eta hasierako onespenaren eta behin behineko onespenaren aurretik.

Bestalde, Lurralde Antolakuntzari buruzko Legeak eskatutakoa alde batera utzita, Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Politikarako Aholku Batzordeak bilkura egin zuen uztailaren 5ean Aurrerapenaren egoera aztertzeko entzunaldi-izapidea egin ondoren, eta uztailaren 12an, bilkura egin zuen EAELABak. Bilkura horretan, egindako txostenak azaldu zituzten batzordekideek.

Horrez gain, beste bilera batzuk ere egin dira instituzioekin: EUDELekin (uztailaren 7an eta 28an) eta lurralde mugakideekin (Akitania, Nafarroa, Errioxa, Gaztela Leon eta Kantabriarekin) maiatzaren 29an Gasteizen.

Instituzioen parte-hartzearen ekarpenak 42 idazkitan bildu dira. Horietatik, LALaren 10.5 artikuluak aipatzen duen Aurrerapenari buruzko oharpenak, proposamenak eta alternatibak dira 33 eta hasierako onespenaren aurretiko nahitaezko txostenak dira 9.

Gizartearen parte-hartzea

Aipatutakoaz gain, gizartearen parte-hartzea ere sustatu da, herritarrei irekitako hiru saio antolatu baitziren Aurrerapena ezagutzera emateko:

- Bilbon egin zen saio bat, maiatzaren 11n.”LAG eta zu: zer nolako hiria nahi dugu?” izenburupean aurkeztu zen Aurrerapena, azalpen-panelak jarri ziren eta hitzaldiak eman zituzten Jose Fariñak eta Ines Sanchez de Madariagak. Guztira, 93 pertsona bertaratu ziren.

- Donostian egin zen beste saio bat, maiatzaren 17an,”LAG eta zu: mugituko al gara klima-aldaketaren aurka?” izenburupean. Aurrerapena aurkeztu, hainbat panel jarri zen, eta hitzaldiak eman zituzten Jose Mª Ezquiagak eta Marta Olazabalek. Guztira, 67 pertsona bertaratu ziren.

- Gasteizen ere aurkeztu zen Aurrerapena, azalpen-panel eta guzti, eta hitzaldiak eman zituzten Cristina del Pozok, Juan Requejok eta Albert Cuchik. “LAG eta zu: natura-ingurunea etorkizuneko inbertsio gisa”izenburupean egin zen saioa eta 70 pertsona bertaratu ziren.

Osagarri gisa, jardunaldi horietan parte-hartze tailerrak egin ziren arratsaldez, Aurrerapenaren eta Lurraldearen Antolamenduko Gidalerroen edukia aztertzeko. Bilbon 45 pertsonek hartu zuten parte, 35 pertsonek Donostian eta beste 35ek Gasteizen.

Azpimarratzekoa da, halaber, aurten LAGen edukia jende espezializatuari ezagutarazteko hainbat ekintza egin dela. Alde horretatik, nabarmentzekoa da, urtarrilaren 18an, Bilbon, Euskal Herriko arkitektoen elkargo ofizialean egin zen Aurrerapenaren aurkezpena (aldi berean, dokumentuari buruzko panelen erakusketa egin zen toki berean), baita urtarrilaren 23an AUDAPen (Agence d`urbanisme atlantique et Pyrenées) egin zena, edota Bilbon, ekainaren 16an, Elkarlan sarien banaketa zela-eta egindako prozesuaren aurkezpena ere. Azkenik, IVAPek antolatuta, apirilaren 27an Bilbon egin zen ikastaro espezifiko bat aipatuko dugu, hain zuzen, bizitegien kuantifikazioari buruzkoa.

Parte-hartze digitala eta sare sozialak.

Lau izan dira prozesu honetan erabilitako online plataformak, 2016an erabilitakoak finkatuta: Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzaren web-orria, Irekia, Facebook eta Twitter.

- Irekia: Gardentasunaren eta parte-hartzearen Eusko Jaurlaritzaren Irekia atarian “Gobernuaren proposamen” berri bat sortu da: “Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen berrikusketa. 2. fasea” du izena.

  • Aurkezpen-fasea urtarrilaren 15etik apirilaren 15era egin da, prozesua modu eguneratuan azaldu delarik.
  • Eztabaida-fasea apirilaren 12tik ekainaren 30era izan da. Gaika planteatu da eztabaida, gai bakoitzaren helburuak eztabaidatuta. Herritarrek aukera izan dute parte-hartzeko.
  • Ekarpen-fasea apirilaren 12tik irailaren 30era izan da. Herritarrek dokumentuaren gainean zuzenean egin ahal izan dituzte iradokizunak, horretarako prestatutako sistema baten bitartez.
  • Konklusio-fasea urriaren 1etik abenduaren 27ra artekoa da.

- Sare sozialei dagokienez, Aurrerapenaren edukia zabaltzeko erabili da Facebook, eta parte-hartzea modu zuzenagoan sustatzeko bide bezala Twitter erabili da. Laburbilduta, 2017ko urtarrila eta iraila bitartean:

  • Facebook (Lurraldearen profila): 97 sarrera LAGekin zuzenean lotuta (gaztelaniaz eta euskaraz, edukiari zein prozesuari, testuei, irudiei eta bideoei lotutakoak). Horien artean daude Aurrerapen dokumentuaren esaldiak, astearteetan argitaratutakoak martxoaren 7tik uztailaren 18ra arte bitartean.
  • Twitter (@Lurraldea_eus): 227 sarrera LAGei buruzkoak (gaztelaniaz eta euskaraz, eduki ezberdinekin, testuak, irudiak edota bideoak). Horien artean daude parte-hartzea sustatzeari buruzko hainbat galdera, ostegunero argitaratutakoak martxoaren 9tik uztailaren 9a bitartean. Laburpen gisa:
    • Prozesuari eta hitzaldiei buruz informazioa ematekoak: 141 sarrera.
    • Parte-hartzea sustatzeko edo aurrerapenaren edukiari buruzkoak: 86 sarrera.

- Sailaren web-orrian iazko parte-hartzea bildu da aurtengoa nabarmentzeko, egituratu egin da prozesua eta jasotako ekarpenak biltzen joan gara. Lege-tramitazioari dagokionez, ahalik eta argitasun eta zehaztasun handienarekin jokatzen ahalegindu gara. Irudia hobetzea ere nahi izan dugu, eta, horretarako, GeoEuskadiren sintesi-mapa txertatu dugu. Edukiak eta egitura argitzen ere ahalegindu gara. Prozesuaren gardentasuna bermatu duen ataria izan da, beraz.

Parte-hartze digitalari dagokionez, LAGen berrikuspeneko web-orriak 5.167 bisita izan ditu 2016ko apirilean sortu zenetik, eta 1.529 izan dira deskargak. Sare sozialetan, 22 iruzkin LAG eta prozesuari buruz; 111 “atsegin dut”, 219 birtxio eta profilez kanpoko aipamenak 72; Facebooken, 97 argitalpen egin dira LAGei buruz, 116 “atsegin dut” eta 2 aldiz partekatu; Irekian, 2 iruzkin jaso ziren eztabaida-fasean, bat tramitazioari buruzkoa, eta bestea, naturagune babestuei buruzkoa, eta 4.963 ziren klikak 2017ko azaroaren 29an.

Prozesuari buruzko informazio guztia Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzaren web-orrian kontsulta daiteke:

http://www.ingurumena.ejgv.euskadi.eus/r49-565/es/contenidos/informacion/revision_dot/es_def/index.shtml

 

B)   HURRENGO URRATSAK

LAGak berrikusteko prozesuak aurrera jarraitzen du; hasierako onespena eta gero, dokumentuari buruzko parte-hartze epe bat egongo da, non pertsona orok azaldu ahal izango du egoki iritzitako oharpenak eta iradokizunak.

Horretarako, Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzak eskuragarri jarriko du beharrezkoa den dokumentazio guztia eta zabalkundea emango zaio. Jendeak oharrak egin ahal izateko bideak ere eskainiko dira.

Denon artean eraikitzen ari garen lurralde-estrategia honetan parte-hartzera animatu nahi zaituztegu.

Anima zaitez eta hartu parte!

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau