Eu

Urak ez dauka preziorik

2017.eko apirilak 27

Ura ondare oinarrizkoena dugun arren, batzuetan baino ez gara harekin gogoratzen: urik ez darionean, ur-jasak estutzen gaituenean edo ur-goraldi azkar batek harri eta zur uzten gaituenean ibaietatik gertu ezarri ditugun erabilerak urpetuta utzi dituelako. Baina, nolanahi ere, gure egunerokotasunean ur guztia egoera onean egotea behar dugu, bai gure lurraldean aske dabilena, bai etxera heltzen zaiguna, baita erabili ondoren lurraldera itzultzen duguna ere.

Aurten, Nazio Batuen Erakundeak “Ura eta Hondakin-urak” leloa aukeratu du Uraren Munduko Egunerako: oroigarri eta gonbidapen bat da, ingurune akuatikoari albait kalte gutxien eginez bete ditzagun gure ur-premiak. Gonbidapen bat, Euskadin ere gogoeta egin dezagun.

Izan ere, datu globalekin konparatuta gurea egoera pribilegiatua izateak ez gaitu salbuesten hobeto beharrekoa hobetzetik. Kontsumitzen dugun ura kudeatu behar dugu, ingurunera bueltatzen dugunean isuriak albait gutxien alda dezan ingurune akuatikoa (ingurune horri kendu baitiogu aurretik ur hori); are gehiago kontuan hartuta ingurunetik kendutako uraren ehuneko 75 baino gehiago hiria hornitzeko erabiltzen dugula. 

Azken hamarkadetan, ur-masen egoera hobetu da administrazioek eta inplikatutako sektorek hondakin-uren isurien egoera hobetzeko egindako ahaleginari esker.  Horrela, saneamenduko oinarrizko azpiegitura asko eraikitzen amaitu dugu, eta horren ondorioz nabarmen hobetu da erkidegoko arroetako ur-masen egoera. Baina oraindik erronka hauek guztiak ditugu zain:

  • Saneamendu- eta arazketa-azpiegitura berriak ezarri behar ditugu: behar diren ur-araztegi eta saneamenduko sistemari atxikitako kolektore-sareak eraiki behar dira hondakin-urak jasotzeko, bai hiri-aglomerazioetatik datozenak, bai eta, hala badagokio, biztanleguneetatik eta/edo industrietatik datozenak ere. 
  • Dauden sistemak ingurumeneko kalitatezko helburu berrietara egokitu behar dira, ur-masa bakoitzaren ingurumeneko helburuak betetzeko bermeak hobetzeko helburuaz.
  • Aurrera egin behar dugu euri-urak jasotzeko sistemak orokortze aldera: sare banatzaileak eta/edo ekaitz-deposituak, isuriak arazteko sistemak eraginkorragoak izan daitezen.
  • Gune txikietarako saneamenduko irtenbideak ezarri behar ditugu: Hondakin Uren Araztegien (HUA) arazte-sistemetan sartu behar dira (oro har lehenengo mailako tratamenduak) orain arte irtenbide autonomoak zituzten biztanleguneetako hondakin-urak, eta lehendik dauden sistemak hobetu behar dira.

Uraren kudeaketa onak ez dauka preziorik. Eta lurrean dabilen ura kudeatu behar da, bai eta helburu desberdin askotarako erabiltzen duguna ere.  Kudeaketa hori hobetu egin dugu, eta are hobeto egingo dugu, egiteke dagoena eginez, eta euskal eragile eta herritar guztiek parte hartuz; horrela baino ez baitugu bermatuko kalitatezko behar beste ur izatea gaur eta bihar.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau