Gobernuaren proposamenak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak deialdi bat egiten du guztion artean berdintasunezko gizarte bat erakitzeko

2017.eko martxoak 22

Martxoaren 8an, Emakumeen nazioarteko eguna zela-eta, Emakundek bultzatu zuen kanpainaren bitartez, gobernuan berdintasun-politikekin daukagun konpromisoa adierazi nahi izan dugu beste behin ere, bene-benetan sinetsita baikaude desberdintasunik gabeko gizartearen alde lan eginda, emakumeen kontrako indarkeriarik gabeko gizartea sortzen ere lagunduko dugula.

Aurrera egin dugun arren, gurea ez da berdintasunezko gizartea, gizonentzat eta emakumeentzat.  Horrexegatik, “Berdintasuna nire baitan ere hasten da” izeneko kanpainaren bidez, Emakundek gutako bakoitza inplikatu nahi izan du, bakoitzak gure inguruan eta gure ingurukoekin bere apurtxoa egin dezagun, berdintasunezko gizartearen alde.

Edonola ere, zenbait adierazlek erakusten dute Euskadi ondo dagoela kontu honetan beste herrialde askoren aldean, Europa mailako Genero Berdintasunaren indizea erreferentziatzat hartzen badugu.  Hain justu, rankingeko bosgarrena da Euskadi: Suedia, Finlandia, Danimarka eta Herbehereak besterik ez ditu aurretik, eta Europar Batasuneko gainerako 24 estatu kideak, atzetik. Eustatek prestatu duen EAEko Genero Berdintasunaren Indizearen lehengo edizioak halaxe erakutsi du.

Postu on horrek, ordea, ez gaitu konforme utzi behar; alderantziz, gure gobernuarentzat pizgarria izan behar du berdintasunerako politikak ezartzen jarraitzeko aurrerantzean ere, oraindik horretarako premia dago-eta. Berdintasunaren indizea 58,5 puntutan dago oraindik, alegia, sexuen arteko berdintasunean punta-puntan dabiltzan herrietan ere, berdintasun erreala oraindik erdibideraino besterik ez da iritsi.

Hortaz, jakizue Eusko Jaurlaritzan berdintasunerako politikekin daukagun konpromisoari eutsiko egingo diogula; bakoitzak berean, ingurukoekin, denok egin behar dugu ahalegina, gure jokabidea, ekintzak eta erabakiak horretara jarrita, berdintasunezko gizartea lortu arte. 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau