BEATARRAK BAI, BAINA ZERTARAKO?
Kaixo,
Pasa den ikasturtean hasi ziren martxan eskola publikoetako berrikuntza arduradunak edo BeAtarrak. Aprobetxa dezadan esateko, itunpekoetan ere kontzertatu beharko liratekeela profesional horiek.
Asko poztu nintzen BeAtarren perfila sortu zenean eta oraindik ere pozik nago, iruditzen baitzait eskoletan behar den profesionala dela berrikuntza arduradunarena. Nik, egia esan, hobekuntza arduraduna deituko nioke edota, bestela, arduradun pedagogikoa; izan ere, berrikuntza ez baino, etengabeko hobekuntza behar dugu eskoletan. Esan beharra nuen! Je, je!
BeAtarrak behar-beharreko ikusten ditudan arren, oso dezepzionatuta nago betetzen ari diren rolarekin: Hezkuntza Sailetik goitik behera datozen proposamenak eskolaratzen dihardute, alegia, Hezkuntza Sailetik datozen ustezko berrikuntzan eskolan inplementatu nahian. Aitzitik, non geratzen dira klaustroaren formazio, hausnarketa... beharrak? Nire ustez, horri erantzun beharko liokete BeAtarrek. Eta, bide batez esanda, zer formazio jasotzen ari dira? Zer formazio eredu? Nire ustez, BeAtarrek praktika gogoetatsuan formatu beharko lukete, irakasle-taldea "zirikatu" beharko lukete, hausnarketa sistematikorako kultura ezarri beharko lukete... Tamalez, oso urruti daude gaur egun BeAtarrak esan berri ditudan horiekiko. Finean, BeAtarren rola dinamizatzaile pedagogikoarena izan beharko luke.
Jarraibide ofizialek (2022ko azaroaren 2koek) halaxe diote: "BeAtarren egiteko nagusia izango da, ikastetxeetan ikaskuntzako berrikuntza-prozesuak sustatu, dinamizatu eta koordinatzeaz gain, prozesu horiek lotzea eta norabide koherente bakar batean kokatzea, IHPrekin eta haren ondoriozko dokumentu estrategikoekin bat etorriz." Bada, ez dira, nire ustez, inolaz ere lan horretan ari.
Irakasleen etengabeko prestakuntzaz esaten dena eta BeAtarrak egiten ari direna ere ez datoz bat, nire ustez: https://www.euskadi.eus/irakasleen-etengabeko-prestakuntza-zer-da/web01-a3htreba/eu/
Laburtuz, BeAtarrak, bai, baina klaustroak dinamizatu ahal izateko behar besteko formazioarekin eta eskolako formazio, hausnarketa... beharretatik abiatuta.
Nire hausnarketak baliagarri bazaizkizue, ni, pozik. Gai honi buruz hitz egin nahiko bazenute ere, prest nengoke.
Animo! Eta jar dezagula irakasle-taldearen garapen profesionala lehentasun gisa.