Noticias Seguridad
Es

Segurtasun Sailak 700era igo du Ertzaintzaren 28. Promozioan bete beharreko lanpostu-kopurua (Konseilua Bilera 2019-03-26)

26 de marzo de 2019
  • Elkarrizketak egitea falta denean, 876 pertsonak gainditu dute orain arte hautaketa-prozesua, eta horietatik 635 gizonezkoak dira eta 241 emakumezkoak

 

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltran de Herediak gaur jakinarazi dio Gobernu Kontseiluari Ertzaintzaren 28. Promozioaren hautaketa, prestakuntza eta sarbide prozesuan bete beharreko lanpostu-kopurua 700era igotzea erabaki dela. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari Malentxo Arruabarrenak emango du beste 200 lanpostu gehitzeko ebazpena. Deialdian bertan dago jasota aukera hori, eta Ertzaintzan izandako bajei eta erretiroei aurre egiteko da.

 

2018ko abenduan argitaratu zen EHAAn Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako agente kategorian sartzeko hautaketa-prozeduraren deialdia. Deialdian, 500 lanpostu eskaini ziren, eta guztiek 1. hizkuntza-eskakizuna zuten ezarrita.

 

Era berean, ebazpen horretan jaso zen deitutako plaza-kopurua handitzeko aukera, “betiere hautaketa-prozesu hau gauzatu bitartean edozein arrazoi dela bide sortzen diren plaza hutsen arabera”. Lanpostu-gehikuntza hori ere deialdiko oinarriek arautuko dute, eta behin-behineko zerrendak argitaratu aurretik egin beharko da.

 

Segurtasun Sailak 2018an izandako bajei eta erretiroei buruzko datuak (guztira 486) eta datu horiek 2019ko lehenengo hiru hilabeteetan izandako bilakaerari buruzkoak (114 izan dira) ikusita hartu du erabakia.

 

Ez da Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak oposizio-fasean Ertzaintzaren deialdi bateko lanpostu-kopurua handitzen duen lehenengo aldia, berez promozio batean baino gehiagotan gertatu da. 26. Promoziorako deialdian 250etik 300era igo zen plaza-kopurua eta 27. Promozioan 300etik 380ra.

 

“Gure helburua belaunaldiak antolatuta eta programatuta berritzea da, eta horregatik dugu hartuta Ertzaintzarako agenteen deialdia urtero egiteko konpromisoa. Deialdiko plaza-kopurua premien eta aukeren arabera joan da igotzen” adierazi du Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak.

 

Berez 1993ko deialdira arte egin behar da atzera orain deitutakoa baino plaza-kopuru handiagoa (700) eskaini zuen deialdi bat aurkitzeko. Urte hartan batera egin zen 13. eta 14. promozioen hautaketa, eta guztira 600 plaza eskaini ziren eta azkenean 1.200era iritsi ziren.

 

Oraingo promozioan, eta Bilbao Exhibition Centerren joan den otsailaren 23an hasi ziren probak egin ondoren, guztira 876 pertsonak gainditu dituzte hautaketa-prozesuan orain arte egindako probak. Hautaketa-prozesuan jarraitzen duten 876 pertsona horietatik 635 gizonezkoak dira eta 241 emakumezkoak (% 27,5).

 

Aurreikusten da izangaiek irailaren hasieran hasi ahal izatea formakuntza-aldia Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian.

 

Eguneratzea eta birziklatzea

 

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia bere aldirik gorenean dago Ertzaintzako promozio berrien eta udaltzainak hautatzeko eta prestatzeko kudeaketa-aginduak izenpetu dituzten Euskadiko udalerrietako udaltzaingoetako agenteen prestakuntzan.

 

Era horretara, datorren udazkenean, 700 ertzain-izangaiei batuko zaizkie hirugarren deialdi bateratuan udalek aurkeztutako premiei erantzuteko udaltzaingoetarako beste 260 izangai.

 

Bestalde, Arkauteko Akademiak jarraitu egingo du kategoriaz igotzeko eta eguneratzeko ikastaroak barne hartzen dituen formakuntza-planarekin, bai Ertzaintza osoari zuzenduta bai beste lurralde eta tokiko erakunde batzuetako eta Euskadiko segurtasun publikoaren sistema osatzen duten organismoetako pertsonalari zuzenduta.

 

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak Euskadiko segurtasun publikoaren zerbitzura jarritako formakuntza-jarduera bizi horrek eskatzen du, batetik, aldaketak egitea Akademiaren baliabide propioen kudeaketan, eta, bestetik, Akademiaren beste baliabide propio batzuk eta besteren baliabideak osagarri moduan erabiltzeko proposamena egitea, tartean diren erakunde guztien erantzukidetasuna eskatuz.

 

Todavía no hay comentarios
  • Faceless avatar thumb 70
    ¿Algo que decir?… comenta esta noticia
Descargas medios de comunicación