Videos Presidency
(*) This subtitling service is generated in an automated way with a software version under test. Sorry for any errors.

At the meeting of the Basque Language Advisory Council, the Lehendakari stressed the need to continue reinforcing the Basque language offer in all areas

2022 December 5
Transcription
(lehendakariaren hitzaldia laster hasiko da) Sailburua, saileko ordezkariok, Batzorde kideok guztiok, jaun-andreok, arratsalde on eta ongietorriak. Euskararen Nazioarteko Eguna ospatu berri dugu eta denok dugu gogoan haren ospakizunetan Euskararen Legearen berrogeigarren urteurrenak izan zuen oihartzuna. Osagai ugari ditu onespen horrek, baina adostasuna berezko eremu duen Batzorde honetan, adostasuna bera da, osagai horietan aipagarriena. Izan ere, begien bistakoa hau bilakatzeraino egin du bidea gaur denon ondarea den uste errotuak: adostasuna eta eraginkortasun inklusiboa oinarri dituen gizartegintza aurreratuaren osagarri ezinbestekoa da euskararen biziberritzeko ahalegina. Euskal gizartearen komunitate irizpide sendoenen artean lehentasunezko tokia bereganatu du printzipio horrek. Munduan, gaur erabateko lege denez, etengabeko aldaketa egoeran bizi da gure gizartea eta bere baitan gauzatzen diren prozesuak etengabe berraztertzeko premia du, baita euskararen biziberritzearen alorrean ere. Euskal gizartearen osaera ez da duela berrogei urtekoa. Oso bereziki gure gazteen bizimoduari dagokionez, eta zer esanik ez komunikazio eta harreman moldeei dagokienez. Badakigu aldaketa bera izango dela dinamika sozialen konstante bat. Beste horrenbeste aurreikus dezakegu euskara biziberritzeko langintzari buruz. Maiz aipatzen ari gara ezagutza eta erabileraren arteko zubigintza. Horretan ari gara hausnarketa jarraituan, eremu eta alor askotan. Erabilerarako esparru eta aukerak irabaztea erronka nagusi dugun honetan, ezinbestekoa dugu pertsonen bizi baldintzak, ohiturak, ahalmenak eta aukerak kontuan hartzea, horietan euskara ohikotasunez txertatzeko bidea urratzeko proposamenak egiterakoan. Oso bereziki gazteei dagokienez. Adostasuna, eraginkortasuna eta ikuspegi inklusiboa dira Euskararen Legeak abian jarri zuen ibilbidearen zutabe sendoenak. Orain, haien arteko sintesi berritzaile bat saiatzea dagokigu. Gizarte eleaniztun batean ezinbestekoagoa da hiru zutabe horien arteko sintesia kontuan izatea. Bereziki zaindu behar baita helburuaren beraren erakargarritasuna, euskararekiko esperientziaren erakargarritasuna, alegia. Euskal hiztunaren autoestimuarekin batera, nagusiki, berriz ere, gazteengan. Euskaraz ere bizitzeak erosoa gertatu behar du eta herritarren premiei egoki erantzuteko nahikotasuna bermatu behar du modu progresiboan. Euskararen unibertsoak gero eta aukera sendoagoak eskaintzen ditu bide horretan aurrera egiten jarraitzeko. Modu integralean jarraitu behar da alor guztietako euskararen eskaintza indartzen, kultura eta aisialdiaren alorretan bezala, lan munduaren edo herritarren parte-hartze sistemetan ere. Horrelakoetan jokatuko dugu aurrerantzean eleaniztasun orekatuaren partida. Zehatzago esanda, euskaraz ere bizitzeko gai diren herritarrek osaturiko euskal gizarte batean hizkuntza hautua modu eraginkor eta jasangarria bermatzeko partida. Duela berrogei urte Euskararen Legeak finkaturiko oinarriaren gainean egiten hasi ginen eraikinak babes egokia eskaini dio euskararen aldeko lanari. Emaitza deigarriak eskuratu ditu euskal gizarteak bere ahaleginaren ordainetan. Etorkizunari begira, funtzionalitate berriak erantsi beharko dizkiogu eraikinari, erabileraren erronkari eraginkortasunez aurre egingo badiogu. Orain arte bezala jokatuz: urratsez urrats sendo, ez jauzi zorotan, aurrera eginez, eta oso argi izanik euskarak ezin duela inor atzean utzi. Xede horrekin, ongi etorriak eta eskerrik asko zuen ekarpenangatik!nangatik!
There are still no comments
  • Something to say?… comment on this video
Politicians attending the event