http://www.irekia.euskadi.eus/eu/pages/15679

Irekia

Irekian parte hartzeko baldintzak

Irekia-Gobernu Irekia leihoa zabalik dago, herritarrek esku har dezaten, eta informazio-hedabide ere izan nahi du, Eusko Jaurlaritzaren ekimenak ezagutu, eta horiei buruzko iruzkinak eta iritziak plazaratu daitezen. Irekiaren helburua da herritarrei zuzeneko informazioa ematea, euren iritzia eratzen laguntzearren, eta interesdunei aukera ematea informazioa eskatu edo euren proposamenak aurkezteko.

Irekia, batez ere, webgune bat da, eta toki egokia izan nahi du gai publikoetan ekarpen eraginkorrak egiteko eta parte-hartze kualitatiborako. Horrenbestez, informazioa emateko eta jendarteratzeko izango dira esparru honetan herritarren eskari, iritzi eta iruzkinei ematen zaizkien erantzunak, eta inoiz ez dira lotesleak izango, eta ez dute arau-interpretaziorik ekarriko.


Irekian parte hartzeak berekin dakar onartzea "Irekian Parte Hartzeko Baldintza" hauek irakurri, ulertu eta ontzat hartu direlakoa, eta plataforma honen erabilera-baldintzak ezagutu eta betetzen direlakoa.

Nolanahi ere, gogoan hartu behar da Irekiak zabaldu eta osatu egiten dituela Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan jartzeko aukerak, eta ez dituela egungo komunikazio-bideak baztertzen, hala nola posta arrunta, posta elektronikoa edo Zuzenean, Herritarren Arreta Zerbitzua.

Ildo horretatik, kontuan hartu behar da plataforma honetan ez zaiela erantzunik ematen gai edo izapide partikularren gaineko galdera edo kexei, horretarako Zuzenean Zerbitzua baitago. Plataforma honek ez ditu barne hartzen, ezta ere, Administrazioarekiko beste komunikazio-mota batzuk, hala nola entzunaldi publikoaren izapidea edo herritarren araugintza-ekimena, euren prozedura bereziak dituzte eta.

Irekian parte hartzeko, beraz, herritarrek euren esku dute proposamenak eta informazio-eskariak aurkeztea Jaurlaritzari, edota euren iritzia ematea Jaurlaritzak aurkeztutako proposamenetan.

Irekian parte hartzeko, erabiltzaile-kontua sortu behar du interesdunak, eta posta elektronikoko helbide baliodun batekin erregistratu. Pertsona bakoitzeko kontu bana baino ez da onartuko. Banakako kontua izan behar da, beraz, eta zuzenean jardun behar da Irekiarekin, ez beste hirugarren baten bitartez, edo webgune edo zerbitzu baten bidez.


Herritarren proposamenak eta informazio-eskariak

Irekia plataforma erabil daiteke Eusko Jaurlaritzarengana jotzeko, proposamen batekin edo informazio-eskari batekin.

Proposamenak eta informazio-eskariak egiteko, nahitaez errespetatu behar dira Irekiak finkatutako esku-hartze baldintzak. Baldintza horiek sustatu eta erraztu egiten dute pertsonek Jaurlaritzari proposamenak aurkeztea, Jaurlaritzak arazoren bati ekin diezaion edo sentsibilitate batzuk jaso ditzan. Eztabaida zentratze aldera, hauetara mugatuko dira parte-hartzea eta informazio-eskariak: Jaurlaritzak garatzen dituen gaietara eta jardueretara, oraingo Legegintzaldirako Gobernu Programan baitaude jasota. 

Proposamen edo informazio-eskariren bati iritziz gero parte hartzeko baldintza hauek edota ezarritako erabilera-baldintzak urratzen dituela, ez zaio jaramonik egingo. Nolanahi ere, ez dira baztertuko Jaurlaritzaren ekimenei kritika egiten dieten edo ekimen horiekin bat ez datozen ikuspegiak.

Proposamen bat egin edo informazioa eskatzeko, interesdunak online formulario erraza bete beharko du, hauek adierazita:

  • Proposamenaren edo informazio-eskariaren izenburua edo gaia.
  • Azalpen argi bat, hauek adierazita: proposamenaren gaia eta proposatzen den ekintza, Jaurlaritzak gauzatzekoa, edo informazio-eskari zehatza. Bestela, ez zaio jaramonik egingo.
  • Jaurlaritzaren zer saili egiten zaion proposamena edo informazio-eskaria; hala ere, gure esku dago proposamena edo eskaria dagokion sailera bideratzea.

Jaurlaritzaren sailek ahalik eta lasterren emango diete erantzuna herritarren proposamen eta informazio-eskariei.

Jaurlaritzaren proposamenak

Jaurlaritzaren sailek euren ekimenei buruzko parte-hartzea sustatuko dute, herritarren iritzia ezagutu eta jaso, ekarpen horiek aztertu, eta hartutako erabakien eta iritsitako ondorioen berri emateko.

Parte hartzeko prozesuak irekiko dira intereseko gaiak jorratzeko, zenbait fase edo aldiren arabera, eta fase horiek proposamenen beharrei egokituko zaizkie.

1. fasea.- Interesatuek euren iritzia osa edo era dezaten, Jaurlaritzak bere proposamenei buruzko informazioa emango du multimedia materialaren bitartez (berriak, bideoak, elkarrizketak, eta estatistika-datuak, zenbait iturritakoak), eta gauzatuko den parte-hartze prozesuaren helburuen berri emango du, eta prozesu horren helburua argitu.

2. fasea.- Gero, interesa duten pertsonek eztabaidan parte hartu ahal izango dute, euren iritziak agertu, arrazoiak azaldu eta aldeko edo kontrako botoa eman. Era berean, informazioa osatu ahal izango dute, parte hartzeko prozesurako interesgarri diren beste dokumentu batzuei buruzko erreferentziak aipatuta, adibidez.

3. fasea.- Interesa duten pertsonek eta taldeek, batzuetan, euren esku izango dute aldatzea parte hartutako ekimenen ondorioz proposatu diren testuen zirriborroak, eta horretarako tresna berezi bat izango dute, erabilerraza eta arina.

4. fasea.- Eztabaidaren ondorioak eta, halakorik bada, onartutako edo eskumena duen organoari bidaltzeko azken dokumentua interesdun guztien esku egongo dira Irekian.