Berriak Lehendakaritza
Eu

AT! ikuskizuna, Madrilen

2012.eko martxoak 16

Etxepare Euskal Institutuak bere burua aurkeztuko du Madrilen, Institutuak berak ekoiztutako AT! ikuskizunaren bitartez. AT! talde-lanean egindako sorkuntza da, Fernando Bernuesek zuzentzen duena, eta erakundearen filosofiarekin bat egiten duena: elkarlanerako bide berriak sortzea, euskal egileen indarra erakusteko asmoz.

AT! Bilboko Arriaga Antzokian eman zen lehen aldiz, 2011ko martxoaren 15ean. Orain Madrilgo Círculo de Bellas Artesen eskainiko dute, bertsio berrian,  9 euskal idazlek propio sortutako testuak aurkeztuz. Horiek taularatzeko 10 antzezle, 4 abeslari, 3 musikari eta 5 dantzari bilduko dira eszenatokian. Ikuskizunaz gozatzera Madrilera hurbilduko direnen artean, Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburua,  Lurdes Auzmendi, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea, José Iribas Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilaria eta Maximino Gómez Serrano Euskarabideako zuzendaria.

AT! prentsaren aurrean aurkeztu da Eusko Jaurlaritzaren Madrilgo Ordezkaritzan, ordezkari eta sortzaileen laguntzaz. Aurkezpen horretan, Lurdes Auzmendik Etxepare Institutuak burutzen duen lanaren garrantzia azpimarratu du, “Mundu oro euskaraz” Kultur Sailaren leloarekin bat egiten duena. Gure hizkuntza eta kultura zabaltzeak duen garrantzia ere azpimarratu du, munduak “euskal gizartea den bezalakoa ezagutu dezan: modernoa, integratzailea, anitza eta askotarikoa”.

Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Aizpea Goenagak erakundearen helburuak eta jarduerak aurkeztu ditu, Etxepare “Instituto Cervantes edo Institut LLullen pareko” dela adieraziz. “Ilusioz beteriko egitasmo gaztea” dela gaineratu du, arin eta bizia, euskara eta euskal kulturaren ezagutza eta aitorpena lortzea helburu duena, eta horretarako elkarlanak sustatzen dituena.

Fernando Bernués AT! ikuskizuneko zuzendaria gaurko emanaldiaz mintzatu da, dantza, musika, interpretazioa edota ikusizko arteak biltzen dituela azalduz, egungo euskal kulturaren aniztasuna islatuz.

Azkenik Bernardo Atxaga idazleak, AT! ikuskizunean ere parte hartuko duenak, Institutuak kultur sorkuntzaren ikuspena lortzeko duen garrantzia aipatu du. Eta Koldo Mitxelena hizkuntzalaria ekarri du gogora, bakarkako kultur sorkuntza norberarentzat izateaz gain besteentzat ere badela -eta alderantziz- gogorarazteko, “artea besteen begiradaren menpe baitago beti”.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Irune Aguirrezabal Quijera, Delegada del Gobierno Vasco en Madrid, Blanca Urgell, Consejera de Cultura y Aizpea Goenaga, Directora del Instituto Etxepare