Berriak Osasuna
Eu

Osakidetzaren historia klinikoak saria jaso du asistentzia-kalitatea eta segurtasun klinikoa hobetzeko egindako ekarpenagatik

2011.eko urriak 10

Aitorpen hori eman dio alor honetan estatuko erreferentzia den Asistentzia Kalitatearen Espainiako Elkarteak (SECA)

Osabide Global-ek paziente kronikoa hobeto zaintzen laguntzen du

Osabide Global Osakidetzaren historia kliniko elektroniko bakarrari kalitatea eta pazienteen segurtasuna hobetzeko Espainiako osasun-esperientzia onenaren saria eman diote. Alor honetan estatuko erreferentzia den SECA Asistentzia Kalitatearen Espainiako Elkartearen aitorpena da.

Zehazki, SECAk Euskal Osasun Zerbitzua saritu du arreta pazientean jartzen duen historia kliniko elektronikoa izaten lehena delako Espainian; horri esker asistentzia mailen arteko harremana eta lankidetza hobea izaten da, eta horrek sistemari eusten laguntzen dio, eta nabarmen hobetu, segurtasun klinikoa. Hala, iragan maiatzaren hasieran Txagorritxu Ospitalean ezarri zenetik, % 67 gutxitu dira medikazioarekin erlazionatutako akatsak, eta 4z biderkatu farmazialariak tratamenduak aztertzen, ospitalizatutako pazienteak bisitatzen eta abar ematen duen denbora (historia klinikoari esker errazago identifikatzen da eman beharreko medikamentua).

Osabide Global Estatuko 1.000 bat esperientzien artetik onena dela onartu dute; eta aitorpen hori asistentzia-kalitatearen eta -segurtasunaren arloan Espainian ematen den garrantzitsuena da. Azkeneko fasean, Andaluziako Juntaren segurtasun-planarekin, Murtziako Virgen de la Arrixaca unibertsitate-ospitalearen kirurgia kardiakoarekin erlazionatutako hilkortasuna gutxitzeko proiektuarekin eta Vall d´Hebróneko pazienteen segurtasun-planarekin lehiatu behar izan zuen.

Rafa Sánchez Bernal Osareanen koordinatzaile eta Osabide Global ezartzeko prozesuaren arduradunak jaso zuen saria María Angeles Palacios Murtziako Osasun eta Gizarte Politikako kontseilariaren eskutik. Sánchez Bernalek adierazi zuen sari honek, berezi-bereziki, Txagorritxu Ospitaleko profesionalen talde osoak erakutsi duen konpromiso sendoa hartzen duela aintzat, eta hori gabe Osakidetzaren historia kliniko elektroniko bakarra ez zela izango "gaur Asistentzia Kalitatearen XXIX. Biltzar Nazional honetan aurkeztu dugun tresna hain eraginkor eta erabilgarri hau". Sánchez Bernal Txagorritxu Ospitaleko zuzendari medikoa zen ezartze-prozesua abiatu zenean.

Txagorritxuko urgentziak, urriaren amaieran

Arabako Txagorritxu Ospitalea izan zen aurtengo maiatzean Osabide Global eta historia kliniko elektronikoa bere zerbitzu guztietara hedatu zuen Osakidetzako lehenengo ospitalea, Larrialdien Zerbitzura izan ezik, ezaugarri bereziak dituelako. Urriaren amaierarako zerbitzu honetara ere guztiz hedatuta egongo dela aurreikusi da.

Bien bitartean, aurrera jarraitzen du ospitaletan eta osasun-zentroetan tresna hori ezartzeko prozesuak. Euskal osasun-sistemako profesional gehienen babesa du (% 80). Ospitaletan, prozesua, 2012ko udaberrian bukatu da, eta atzetik iritsiko da lehen mailako arretako eskualdetara, eta urte amaierarako erabateko funtzionamenduan egongo da.

Osabide Global gaur egun

12 ospitaleak
10 OMZ
24 Anbulatorioa
1 Espetxea
123.452 Pazienteak
349.512 Ebolutiboak
1.729 Medikuak (osasun-arloko profesionalak)
157.864 Kanpo-kontsultak
137.794 Ospitalizazioa
53.854 Etxeko ospitalizazioa


Kronikoen Estrategiako 5. proiektua

Osabide Globalek Txagorritxu Ospitalean ezarri eta 6 hilabetera frogatu du ezinbesteko tresna dela gaixotasun kronikoak dituzten pertsonak behar bezala artatzeko; hain zuzen ere, oinarrizko euskarria da Euskadin kronikotasunaren erronkari aurre egiteko estrategia osatzen duten proiektu asko garatzeko (biztanleak estratifikatzea, paziente aktiboa, erizaintzako gaitasun aurreratuak, integrazio sanitarioa, lankidetza soziosanitarioa, osasun-arloan teknologia berriak garatzea, errezeta elektronikoa eta abar). Horrela:

 

  • Erraza da erabiltzeko, soila, intuitiboa, ikusita erakargarria eta atsegina, profesional bakoitzak dituen beharretara egokitzeko modukoa. Begiratu batekin ikusten da klinika garrantzitsuena.
  • Profesionalen % 92 gustura edo oso gustura agertu da tresna horrekin.
  • Pazienteen segimendu pertsonalizatua, egindako proba osagarrien emaitzen segimendua egiteko aukera ematen du.
  • Profesionalen arteko komunikazioa, koordinazioa eta lankidetza errazten ditu, eta elkarren artean komunikatzeko bide bat baino gehiago eskaintzen ditu, baita profesionalen eta beren pazienteen artean komunikatzeko ere.
  • Osabide Global hedatzen bukatutakoan, zentro eta ospitale desberdinetako profesionalek kasu jakin bat beren lan-lekutik bertatik analizatu ahal izango dute; pazienteak edo profesionalek ez dute lekuz mugitu beharrik izango. Guztiek izango dute paziente horren eboluzio-txostena denbora errealean, baita pazientearen ezaugarri berezien, jarrita duen tratamenduaren, hartzen dituen medikamentuen berri ere, eta abar. Paziente bakoitzarekin erlazionatutako alerta dinamiko eta aldakorren sistema bat du.
  • Kontsulta, ospitaleratze edo urgentzia bakoitzaren arrazoia zein izan den jakiteko ere balio du, edozein asistentzia-maila eta -modalitatetan (lehen mailakoa, espezializatua, kanpo-kontsultak, ospitalizazioa, etxeko ospitalizazioa, bloke kirurgikoa, urgentziak eta proba osagarriak).
  • Ezinbesteko tresna da asistentzia-integraziorako, asistentzia-maila desberdinen arteko profesionalen arteko koordinazio eta kolaborazio hobea izateko, hau da, lehen mailako arretaren eta arreta espezializatuaren artekoa. Zainketek behar bezalako jarraipena dutela bermatzen du, probak errepikatzea saihesten du, profesionalen eta profesional eta pazienteen arteko harremana hobetzeko balio du, asistentzia-baliabideak, bai giza baliabideak bai baliabide materialak, hobeto erabiltzen laguntzen du.

 

Best in Class

Aste honetan bertan Osakidetzaren zenbait zerbitzu-erakundek Best in Class kudeaketaren alorreko bikaintasun saria jaso dute. Zehazki, lehen mailako arretako Bilboko Eskualdea izan zen garaile osasun-zentro onenaren kategorian; urgentzia-zerbitzu onenaren kategorian eta pneumologia zerbitzu onenarenean, berriz, Donostiako Ospitalea eta Galdakao-Usansolokoa izan ziren garaile, hurrenez hurren.

Basurtuko Ospitaleak, berriz, bi sari jaso zituen, zehazki, ospitale horretako psikiatria- eta kardiologia-zerbitzuek. Horretaz gain, Espainiako ospitale onenaren saria jasotzeko baliabideen zerrendan ere badago, Donostia Ospitalearekin eta Galdakao-Usansolokoarekin batera. Sari hori, ordea, Bartzelonako Clinic Ospitaleak jaso zuen.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan