Berriak Hezkuntza
Eu

Cristina Uriartek Euskadiko Irakurketa Plana aurkeztu du

2018.eko urtarrilak 31
  • Euskadiko Irakurketa Plana webgune berri batekin batera dator; planaren eduki guztiak jasotzeaz gain, Irakurgunea weba erabilerak berak aberastuko du.

Hezkuntza Sailak gaur goizez aurkeztu du Euskadiko Irakurketa Plan berria. Cristina Uriartek ikasturte hasieran iragarri zuen moduan, ikasturtearen lehen hiruhilekoan zehar Hezkuntza Sailak Irakurketa Plan berria atondu du, ikasleen irakurmena hobetzeko asmoz.

Testuak ondo eta zuzen ulertzeak eragin zuzena du ikasgai guztietan, irakurketarekin lotura zuzena duten ikasgaietatik harago –Literatura edo Euskara ikasgaiak, kasu-. Horregatik, Hezkuntza Sailak estrategiko deritzo irakurketa hobetzeko lanean azpimarra jartzeari, gainerako hezkuntza-edukietan ere hobetzeko funtsezko lanabesa baita hori. Testuak zuzen eta egoki ulertzearen eragina globala da.

Gaur aurkeztu den Irakurketa Plana atontzean, aintzat hartu dira hainbat ikastetxetan eta hezkuntza saretan dagoeneko abian diren esperientziak, Hezkuntza-Ikuskaritzaren zein Berritzeguneen esperientziekin batera. Lan honen emaitza Irakurketa Plan bizia da, ekimen gehiagorekin osatzen jarraitzeko bokazioz sortu dena, esperientzia-trukaketa sustatuko duena eta familiengandik hurbilekoa.

Helburuak

Ikaslearen ikasketa prozesuko gainerako eremuetan gertatzen den legez, irakaslea izango da lanabes berri honen erabileran erreferente nagusia. Horregatik, Irakurketa Planaren helburua da irakasleei ikastetxean irakurketa plana diseinatzen laguntzea, ikasleekiko jarduera hobetzeko. Hau da, ikasleen irakurmena optimizatzea. Ikaslea izan dadila…:

  • Beharrezko duen informazioa ulertzeko eta eskuratzeko gai
  • Aisialdian, atsegina sortaraziko dion irakurketa-ohitura hartzeko gai
  • Ahozko zein idatzizko komunikazioa hobetzeko gai

Irakurketa Planak, beraz, ikastetxe bakoitzeko irakurketa plana diseinatzeko gomendioak jasotzen ditu, betiere ikastetxe bakoitzeko Hizkuntza Proiektuarekin lotura estuan. Ikastetxeko errealitateak definituko ditu erritmoa eta helburuak, baina beti honako ezaugarri hauek aintzat harturik:

  • Malgua eta moldakorra izatea
  • Gradualki aplikatzea
  • Aniztasunari arreta ematea
  • Erantzunkidetasuna

Lanerako ardatzak

Irakurketaren inguruko ikastetxeetako lana, honako hiru ardatz nagusi hauetan egituratu daiteke:

 

 

IRAKURTZEN IKASI: Irakurtzeko gaitasuna lantzea da, irakurketaren trebezia funtzional oinarrizkoak eskuratzea.  Alfabetizazioarekin eta irakurketa eraginkor errazarekin lotuta dago.

 

 

 

 

IKASTEKO IRAKURRI: Irakurketa jakintza eta ikaskuntza lantzeko ezinbesteko jotzen du multzo horrek, nola eskolan hala eskolatik kanpo. Ikasleei irakurle on izaten lagundu nahi die batez ere, informazioa eta deskubrimendua eskurago izateko, eta jakinduria gehiago hartzeko.

 

IRAKURZALETASUNA: Irakurtzeko ohitura hartzearen helburua zera da, ikasleei beren kasa edonolako testuak irakurtzeko ohitura hartzen laguntzea.  Irakurtzeko ohitura kuriositatea pizteko bidea ere badenez, irakurtzeko zaletasuna hartzeko ez ezik, irakurketaren bidez jasotzen den jakintzaz gozatzeko ere balio du. 

 

 

             

Elkarri josita daudenez hiru multzoak, bat hobetzen bada gainerakoak ere hobetu egiten dira: irakurtzeko ohitura hartuz gero, jakiteko, ikasteko eta ikasitakoa banatzeko irakurketa gehiago egiten da, eta aldi berean, erakusteko irakurketa zenbat eta gehiago eta hobeto erabili, gehiago eta hobeto garatuko da irakurtzeko ohitura. Hori dela-eta, irakurketaren inguruko erabakiak egituratzeko ere balio dute ardatz hauek.

Aipaturiko ardatz horiek ikastetxeak kudeatuko ditu zuzen-zuzenean, antzemandako premien arabera.

 

Ikastetxeko Irakurketa Plana diseinatzeko pausoak

Irakurketa Planak ikastetxe bakoitzak bere plana diseinatzeko edo eguneratzeko bost pauso proposatzen ditu, bere ibilbidearen eta errealitatearen arabera: diagnostikoa egitea, helburuak definitzea, jarduerak proposatzea, hauek abian jartzea eta ebaluazioa.

Kontuan izan behar da irakurketak ez duela arreta hau jaso izan maiz. Hala ere, irakasle guztiak bost pauso hauetan inplikatu ahala gertatuko da irakurmena hobetzea.

Irakurketa Planak bost pauso horietako bakoitzari loturiko estrategiak azaltzen ditu, irakasleek egin beharreko lana errazteko helburuz. Gainera, baliabide-banku interesgarri bat ere eskaintzen du, aurrerago aipaturiko ardatz bakoitzarentzat sailkatutako baliabideekin. Askotariko baliabideak, hala nola, artikulu eta bideoak, jarduerak, testuak, proposamen metodologikoak, unitate didaktikoen adibideak, txantiloiak, nahiz bestelako erremintak.

Irakurgunea

Ikastetxeen esku ipini den lanabes berria ahalik eta dinamikoena izan dadin, Irakurketa Planaren eduki guztiak webgune batean kokatu dira. Irakurgunea deituriko webgune hau –Irakurketa Planaren eduki guztiak jasotzeaz gain- ikastetxeek burutzen dituzten jardueren ekarpenekin osatu eta aberastu daiteke. Familiei zuzenduriko gune bat gehitzea ere aurreikusten da, irakurketarekin zerikusia duten gomendioak, ekimenak edo iradokizunak jasotzeko.

Irakurgunea dimentsio digitalarekin lotura duen tresna da. Ezin zitekeenez bestela izan, baliabide eta material digitalek ekarpen esanguratsua egiten dute irakurmena garatzeko eta, zalantzarik gabe, baita Euskadiko ikastetxeetan burutzen diren jarduera egokiak gizarteratzeko ere.

Gainera, hezkuntza komunitate guztiari ikasleen irakurmena hobetzeko proiektu honetan parte har dezan gonbidapena egiten dion gune bat ere bada Irakurgunea, irakurle bikainak izan daitezen, eta gehiago eta hobeto irakurriz gozatzeaz gain, konpetentzia guztiak ere gara ditzaten. 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @jmbarandiaran
    2018.eko otsailak 01

    Comentario de Twitter:
    A ver. Educación. Cristina Uriarte presenta el Plan Lector de Euskadi https://t.co/PT8VGHxffi @Gob_eus

Ekitaldiko kargudunak