Berriak Hezkuntza
Eu

Uriarte sailburuaren adierazpenak Hezkuntza publikorako mobilizazio berriak iragarri direla eta

2018.eko urtarrilak 11

Hezkuntza Sailak, ELA, LAB eta STEE sindikatuek mobilizazio gehiagorako egin duten deialdiaren berri hedabideen bidez izan ondoren, honako hau azaldu nahi du:

- Sindikatuek, grebarako deialdi berri honen bidez, negoziaziorako eta akordiotara iristeko borondaterik eza erakusten dute.

- Hezkuntza Sailarentzat onartezina da sindikatuek irakaskuntza publikoan konfiantza ipini duten milaka familia bahituta hartu nahi izatea, lan hobekuntzak aldarrikatzeko helburuz.

- Gabon garaia baino lehen, Hezkuntza Sailak proposamen berriak* helarazi zizkien sindikatuei. Horiek aztertu eta opor ostean erantzuteko konpromisoa hartu zuten sindikatuek, Mahai Sektorialean. Aipaturiko Mahai Sektorial hori datorren asterako dago aurreikusia. Hala ere, Eusko Jaurlaritzari euren iritzia helarazi eta edukiez eztabaidatzeko aukera izan baino lehen, sindikatuek mobilizazio-egutegi berria iragartzea erabaki dute. Jarrera honekin, aipaturiko sindikatuok Mahai Sektorialari ematen dioten garrantzi eta balio eskasa erakusten dute, sarritan defendatzen dutela esan izan duten mahaia, bestalde. Hala ere, Hezkuntza Sailak akordioaren alde lan egiten jarraitzeko borondatea berresten du.

- Hezkuntza Sailak berretsi egiten du, beste behin, ikastetxeak lan-gatazketatik eta aldarrikapen sindikaletatik babesteko beharra; alde guztien erantzukizuna da konfrontazioa Negoziazio Mahaietara mugatzea, eta ikastetxeei euren ohiko funtzionamenduan jarraitzen uztea.

- Iragarritako mobilizazio-egutegia gauzatuko balitz, nahiz eta horren helburua Hezkuntza Sailari euren aldarrikapenak osotasunean onar ditzan presio egitea izan, ikastetxe publikoetako ikasleak eta familiak izango dira ondorioak zuzen-zuzenean pairatuko dituztenak. Ikasturteko azken hiruhilekoak ezin du jasan etengabeko greba eta mobilizaziorik. Horiek bultzatzen dituztenak, eragin litzaketen ondorioen (antolakuntza ondorioak, sozialak nahiz akademikoak) erantzule izango dira.

- Azpimarratzekoa da, hezkuntza publikoaren aldeko direla dioten sindikatuek, hurrengo ikasturterako aurrematrikula epearen atarian iragarri dituztela mobilizazioak. Garai erabakigarria izaten da hau, familiek seme-alabentzat zein ikastetxe eta zein proiektu nahi duten erabakitzen baitute. 

- Orain arte ere, greba deialdiak egiteko nahikoa arrazoi ez zegoela pentsatu izan du Hezkuntza Sailak. Sindikatuei berriki aurkeztu zaizkien proposamenenekin iritzi hori indartu egiten da.

 

 

*Sindikatuei egindako proposamenetatik zenbait:

 

Irakasleak:

  • 2018ko EPE: 1.511 plaza Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako irakasleen kidegoetarako. Orotara, 5.000 plaza legealdi honetan. Neurri honekin irakaskuntza publikoan behin-behinekotasuna %27tik %17ra jaistea lortuko da.
  • Adinagatik eskola-orduak murriztea: 60 urtetik gorako irakasleek, aukera izango dute eskola-ordutan heren bateko lanaldi murriztua eskatzeko. Haur eta Lehen Hezkuntzan, 59 urtetik gorakoek astean bi eskola-orduko murrizketa eskatzeko aukera izango dute.
  • Ordezkapenak: Lehen Hezkuntzan, ordezkapenak lehen egunetik. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan, ordezkapenak bosgarren egunean egin beharrean hirugarrenean egingo dira. Halaber, baja programatuak (aurreikusi daitezkeenak), lehen egunetik ordezkatuko dira hezkuntza maila guztietan.
  • Lehen Hezkuntzako geletan errefortzua: tutoretza bikoitza baliatzeko aukera emango da, ratioak baimentzen duen ikasle kopuru maximoa izan eta berariazko hezkuntza-laguntza behar duten ikasle kopuru jakin bat duten ikasgeletan.
  • Lanpostuak erregulatzea: Dekretuz 160 plaza erregulatzea Bigarren Hezkuntzako kidegoan. Plaza hauek irakasleen plantila estrukturala handituko dute, eta ondorioz, etorkizuneko EPEtan eskaini ahal izango dira.
  • Bitarteko irakasleen egonkortasuna (klaustro egonkorragoak): iraileko bileran aurreraturikoaren ondoren, bitarteko irakaslea egokitu zaion plazan gelditu dadin metodologia zehaztu da, plaza hori behin betiko bete artean (EPEak edo lekualdatze lehiaketak)

 

 

Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei arreta emateaz arduratzen diren profesionalak:

  • EPE: kidego honetarako eta legealdi honetan zehar 260 plaza inguruko EPE bat (Enplegu Publikorako Eskaintza) deitzeko aukera (bide juridiko guztiak jorratuz). Plaza kopuru honek egungo behin-betikotasuna 30 puntuan jaistea lekarke.
  • Kidego honetako 50 plaza dekretu bidez erregulatzeko aukera. Plaza horiek 2017an dekretuz onartu diren beste 122 plazei gehitzen zaizkie. Honela, plaza horiek guztiak plantila estrukturaleko bihurtu eta etorkizuneko EPEtan eskaini ahal izango dira.
  • Gizarte Funtsa eratzea kidego honetarako, era honetan kidego hau gainerakoekin berdinduz.
  • Soldata parekatzea: Fisioterapeuten, terapeuta okupazionalen eta gizarte-langileen soldata maisu-maistrenekin parekatzea
  • Ordezkapen zerrendak irekitzea, eta hauek irekita mantentzea
  • 37,5 orduko lan-astea ezartzea

 

Sukalde eta garbiketako langileak:

  • Prestakuntza Plan Integrala, sukalde nahiz garbiketako langileentzat, honako arlo hauetan: sukaldeko dieta berrien inguruan, prestakuntza higieniko eta sanitarioa, edo lan arriskuen prebentzioan (psikosoziala, ergonomia).
  • Euskalduntzeko liberazio kopurua bikoiztea, eta legealdi honetan EPE bat egiteko aukera aztertzea
  • Ikastetxe bakoitzean dagoen dieta mota desberdintasuna aintzat hartzea, pertsonal premiak modulatzeko (sukaldeko langileei dagokionez)
  • Gutxienik 30 plaza erregulatzea, formalki langileen zerrendan sartuta, eta horrela horiek ere plantila estrukturaleko eginez.

 

Haurreskolak Partzuergoa:

  • Hezitzaileen ordezkapenak lehen egunean egitea, kasu guztietan.
  • Haur-eskola guztiek eskainiko dute eguneko 8 orduko zerbitzua. Proposamen hau bat dator toki guztietara berdintasunez iristeko Eusko Jaurlaritzaren nahiz Partzuergoaren beraren konpromisoarekin, izan landa eremuetan, izan hiriguneetan.
  • Enplegu Publikorako Eskaintza Haurreskolak Partzuergoko administrazio eta kudeaketako langileentzat. Horretarako, 2018an zehar lanpostu zerrendak egokituko dira, etorkizuneko EPErako.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau