Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak Bilboko Familia Elkargune berria inauguratu du

2017.eko abenduak 18

Santutxu auzoko instalazio berriek 300 familiari baino gehiagori egingo diete zerbitzu eta, guztira, 400 adingaberi baino gehiagori

Iñigo Urkullu lehendakariak, María Jesús San José Lan eta Justiziako sailburuarekin batera,  inauguratu ditu, gaur goizean, Santutxu auzoko Bilbaoko Familia Elkargunearen instalazio berriak.

Familia Elkarguneak espazio neutralak eta egokiak dira, Eusko Jaurlaritzak adingabeen amen, aiten edo tutoreen esku jartzen dituenak, adingabeak bisita ahal izan ditzaten edo baten eskutik bestearen eskura pasa daitezen, tartean agindu judiziala dagoenean. Doako erabilerako espazioak dira, eta segurtasun-berme maximoak eskaintzen dituzte, batez ere familia-nukleoa akordiorik gabe edo modu gatazkatsuan hausten den egoeretan, tratu txarrak daudenean, eta abar. Elkargune horietan, diziplina anitzeko talde psikosozialek eta adituek lan egiten dute, eta une oro zaintzen eta babesten dituzte adingabeak.

Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia Sailak kudeatzen ditu Bilbaoko, Donostiako eta Vitoria-Gasteizko Familia Elkarguneak, dagozkien udalekin lankidetza-hitzarmena sinatuta, baita Barakaldoko eta Portugaleteko Familia Elkarguneak ere (azken horrek “antena” bat du Zalla udalerrian Enkarterri eskualdeari zerbitzu egiteko).

Bilbaoko Familia Elkargune berriak unitate funtzional bakarra osatzen du, nahiz eta banatuta dagoen eraikuntza-etxadi bereko bi lokaletan. Sagarminaga kaleko 8 zenbakian, 245 m²-ko azalera du, eta Georgia kaleko 3 zenbakian 148 m²-ko azalera du.  Guztira, 14 bisita-areto du (214 m²), erabilera anitzeko 3 areto (44 m²), 3 harrera-eremu (88 m²) eta bulego-zonak, itxarongelak eta komunak. Lokalak Eusko Jaurlaritzaren jabetzakoak dira, eta Eusko Jaurlaritzak 495 mila euro bideratu ditu obretarako, altzarietarako eta instalazioetako ekipamendurako.

Deribazio Judizialaren bidezko Euskal Autonomia Erkidegoko Familia Elkarguneen 2016ko Ebaluazio Txostenaren arabera —hori da azken ebaluazio-txostena—, guztira 1.078 adingabe artatu dira: 558 mutil (% 52) eta 520 neska (% 48). 3 eta 11 urte artekoak dira adingabeen % 65, eta gehienak (% 86) Euskadin jaio dira.

Helduen kopuruari dagokionez, 1.563 pertsonak baliatu du zerbitzua, eta gehienak aitak edo amak dira (% 96). Horien adina aztertuta, 35 eta 44 urte artean du % 39k, eta 45 urtetik gorakoak % 23 dira. Gehienak (% 60) Euskal Autonomia Erkidegoan jaio dira, eta % 25 atzerrian jaio da.

Neska-mutilen zaintza duten pertsonei edo erakundeei dagokienez, kasuen % 85ean amak du zaintza.

Arlo horretako espediente judizial guztien jatorriko epaitegiak aztertuta, ikus daiteke kasuen % 72 emakumearen aurkako indarkeriaren arloko epaitegietatik (% 42) eta familia-epaitegietatik (% 30) datozela.

Guztira 798 familia artatu ziren, eta horietako 278 familiek indarrean zituzten babes- eta urruntze-aginduak. Babes-agindu gehienak emakumea babestekoak ziren (% 94); % 2 gizonezkoak babestekoak ziren, % 3 adingabeak babestekoak eta % 1 elkarrengandik urruntzekoak edo babestekoak.

2016. urtean, Euskal Autonomia Erkidegoko 5 Familia  Elkarguneetan 18.000 jardun baino gehiago egin zen: 11.000 hartu-eman, 7.100 babespeko bisitaldi eta gainbegiratu gabeko 555 bisitaldi. 31.000 jardun programatu baino gehiago egin zen.

Prentsa oharra irakurri

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @mirenepalacios
    2017.eko abenduak 19

    Comentario de Twitter:
    El Lehendakari inaugura el nuevo Punto de Encuentro Familiar de Bilbao #Bilbao #Euskadi https://t.co/eQfMnTdLhJ

Ekitaldiko kargudunak