Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak 71,6 milioi euroko inbertsioa egingo du Euskadi 2020. urtean gobernantza publikoaren arloan Europako eskualde berritzaile gisa sendotzeko

2017.eko abenduak 12

Gaurko programatutako irakaskuntzako grebaren aurrean, hezkuntza publikoaren aldeko bere apustua "argia, nabaria, ukaezina eta agerikoa" dela adierazi du Exekutiboak

Gobernu Kontseiluak Gobernantza eta Berrikuntza Publikoko 2020 Plan Estrategikoa onartu du gaur. Lan-dokumentu horrek 71.615.503,29 euroko zuzkidura du, eta Eusko Jaurlaritzak Euskadi gobernantza publikoaren arloan ere Europako eskualde berritzaile gisa kokatzeko garatutako zeharkako estrategia gisa sortu da. Plan integrala da, eta aste honetan bertan bidaliko du Jaurlaritzak Legebiltzarrera, Euskal Administrazio Publikoa irizpide berriei jarraikiz eraldatzeko erronkari aurre egiteko (hots, kudeaketa publikoaren efizientzia eta koherentziari, gardentasunari, herritarren parte-hartzeari, kontu-emateari, emaitzetara bideratutako orientazioari, emakumeen eta gizonen berdintasunari eta abarri lotutako irizpide berriei jarraikiz).

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailburu Josu Erkorekak azaldu du Gobernu Kontseiluaren ondoren Eusko Legebiltzarrean agertzeko eskaera egin du, datozen hiru urteetarako asmo handiko plan estrategiko horren xehetasunak azaltzeko. Plan horretan, herritarrak izango dira lanaren antolamenduan, forman eta kulturan gertatuko den aldaketaren protagonistak. Izan ere, lana gobernantza publikoaren balio zorrotzei jarraikiz egingo da aurrerantzean.

Gobernantza eta Berrikuntza Publikoko 2020 Plan Estrategikoa XI. Legegintzaldirako Gobernu Programaren 62. konpromisoa da. Bat dator Zentzuzko Hazkunde Jasangarri eta Integratzaile baterako Europako Estrategiarekin –Europa 2020–, Garapen Jasangarrirako Munduko Estrategiarekin – Agenda 2030– eta Europar Batasuneko Administrazio Elektronikoaren inguruko 2020 Ekintza Planarekin. Gainera, euskal botere publikoek tratu- eta aukera-berdintasunaren, rol eta estereotipoen desagerraraztearen, politika publiko guztietan genero-ikuspegia txertatzearen eta abarren arloan egin beharreko jarduna zuzendu eta bideratu behar duten printzipio orokorren arabera eratuta dago.

GREBA HEZKUNTZAN

Gobernu Kontseiluak onetsitako gaiak ezagutzera eman diren prentsaurreko berean, gaurko programatutako irakaskuntzako grebaren ondorioei buruz galdetu diote bozeramaileari. Eusko Jaurlaritzak adierazi duenez, jarraipenaren datuak ohar batean ezagutzera eman ondoren, hezkuntza publikoaren aldeko bere apustua “argia, nabaria, ukaezina eta agerikoa” da, eta horren erakusgarri dira Aurrekontuak, non “lau euro bakoitzetik bat Hezkuntzara zuzentzen den”. Gainera, gogora ekarri duenez, “legealdian zehar Gobernuak irekiko duen enplegu publikoaren % 40” irakaskuntzaren sektorean kokatzen da. 

Dena den, sindikatuekin negoziatzeko eta beren erreibindikazioen inguruan akordio bat lortzeko euskal Exekutiboaren borondatea eta nahia adierazi ditu Erkorekak. 

2017-12-12 gai-zerrenda

Prentsa txostena

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
  • Josu Erkoreka Gervasio
    Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua eta Gobernuaren bozeramailea (XI legealdia)