Berriak Hezkuntza
Eu

Cristina Uriartek Bizikasi Ekimena aurkeztu du, eskola jazarpenaren aurkako eta elkarbizitza positiborako ekimena

2017.eko abenduak 04
  • Helburu nagusia: ikastetxeak biolentziarik gabeko eta elkarbizitza positiborako espazioak izatea, ikasleen eta gainerako hezkuntza-komunitatearen konpromisoaren bidez.
  • Hezkuntza-komunitate osoaren prestakuntza aurreikusten du
  • Ikasturte honen hasieratik, Berritzeguneetako 320 aholkularik, Hezkuntza Ikuskaritzako 80 kidek, eta ikastetxeetako 800 arduradun inguruk berariazko formazioa jaso dute
  • 2018-2019 ikasturtean, irakaskuntza publikoko irakasle guztiek eskola-jazarpenaren inguruko berariazko prestakuntza jasoko dute
  • Komunikazio kanpaina batek eskola jazarpena prebenitzeko eta errotik ezabatzeko inplikazioaren garrantzia zabalduko du gizartean

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, Maite Alonso sailburuordearekin batera, Bizikasi ekimena aurkeztu du gaur goizez, Euskal Hezkuntza Sisteman eskola-jazarpenaren aurka egin eta elkarbizitza positiboa sustatzeko plan berria.

Bizikasi ekimenak lehentasunezko helburu bat du: ikastetxea biolentziarik gabeko gune bihurtzea. Ikastetxeak garapen pertsonal zein sozialerako ikasteko espazioa izatea, eta espazio horretan, eskola komunitateko kide guztiek ezagutzaren eta denboran iraungo duen konpromiso partekatuaren bidez, gune hori elkarbizitza positiborako eta jazarpen egoerekiko tolerantziarik izango ez duen testuinguru seguru bihurtzea. Bizikasi, jazarpen egoerei aurrea hartzeko sortu da, eta halakorik gertatu den kasuetan jazarpena pairatu duen ikaslearekin esku-hartze egokia eskaintzeko. Baina baita jazarpenaren aurrean ikusle papera betetzen dutenekin eta jarrera jazarlea duten ikasleekin ere. Gogorarazi beharrekoa da eskola jazarpena haur eta gazteen artean gertatzen dela. Agerikoa da jazarpena pairatzen duenak egoera larria bizi duela eta babesa eta laguntza bermatu behar zaiola, baina jazarpena egiten duenak ere agerian uzten du orientazio beharra duela jarrera jazarlea utz dezan.

Eskola jazarpena fenomeno sozial konplexu eta paradoxikoa da. Menderatze-menpekotasun eskeman eta Isiltasunaren kodean oinarritua, asko eta anitzak dira bertan eragiten duten aldagaiak. Horrez gain, barne kode eta dinamika batez hornitua dago, ezkutuan gertatzen da, detektatzen zaila da, eta min handia eragiten die inplikatutako pertsona guztiei, eta baita hezkuntza sistemari berari ere.

Jazarpenari era koordinatuan aurre egin ahal izateko, Bizkasik garapen mailakatua izango duen proiektua planteatzen du. Hau da, era antolatuan, doituan eta ikasle guztientzako neurriz osaturiko hezkuntza-paradigmatik abiatuta, eskola-jazarpenari aurre egingo dio, eta elkarbizitza positiboa sustatuko. Horretarako ezinbestekoa da prebentzio neurriak hartzea, hau da, Hezkuntza Sisteman diharduten kide guztiak formatu, gaitu, hornitu, eta aberastu, beharrezko ikuskera, gaitasun, trebezia eta tresneriaz, ikastetxeetan izan litezkeen jazarpen kasuei aurre egiteko.

Horrela bada, hezkuntza-komunitate osoa izango da, bakoitza bere eremutik eta erantzukizun partekatuaren etengabeko konpromisoari ekinez, jazarpenaren aurrean tinko eta zorrotz jarriko dena ikastetxea jazarpenik gabeko eremu bilakatzeko.

Prestakuntza eta prebentzioa

Bizikasi ekimenak hiru esku-hartze maila jasotzen ditu: Prebentzioa, esku-hartzea eta ebaluazioa.

Lehen mailari (prebentzioari) dagokionez, nabarmentzekoak dira berariazko prestakuntza, eta ikastetxe bakoitzean lau lagunek osatuko duten talde dinamizatzailea sortzea: ikastetxeko zuzendaria, ikasketa burua, kontsultari / orientatzailea eta bizikidetza arloaz arduratzen den irakaslea. Talde honek gidatuko eta koordinatuko du jazarpen kasuak konpontzeko prozesua, eta beronek gidatuko ditu ikastetxean elkarbizitza positiboaren esparruan garatu beharreko ekintzak.  

Orain arte, ikasturte honetan zehar, honako hauek jaso dute prestakuntza:

  • Berritzeguneetako 320 aholkularik
  • 80 ikuskarik
  • Ikastetxeetako talde dinamizatzaileen ardura duten 800 irakasle inguruk. Datozen asteetan beste 200 profesionalek jasoko dute prestakuntza.

Prestakuntza horrekin batera, aldi berean, hasi zaie gainerako irakasleei ere prestakuntza ematen. Helburua da sare publikoko irakasle guztiek berariazko prestakuntza hori jasoa izatea 2018-2019 ikasturtea amaitu baino lehen.

Nola nahi ere, irakasleen formazioa ezartzerakoan, eredu honi jarraituko zaio: ikastetxe batean jazarpen kasu bat izan dela egiaztatu bada, ikastetxe horretako klaustroak derrigor eta lehentasunez jasoko du aipaturiko berariazko prestakuntza. Kasurik detektatu ezean ere, ikastetxe bakoitzak bere borondatez eskatu ahal izango du formazio hori, egokien deritzonean. Gogorarazi beharrekoa da ikastetxe publiko guztietako talde dinamizatzaileek aurki jasoko dutela prestakuntza.

Prestakuntza, era berean, irakasle ez diren ikastetxeko gainerako langileengana ere iritsiko da, baita eskolaz kanpoko jardueretako taldeei ere.

Esku-hartzea

Ikastetxe batek eskola-jazarpenaren aurrean prebentzio lan egokia egin dezan, ezinbestekoa da hura antzemateko nahiz jarraipena egin ahal izateko tresnak izatea. Prestakuntza jasotzean, ikastetxeek beharrezko kontrolak gauzatzeko materiala ere jasotzen dute: behaketarako eta detekziorako erremintak, taldeko harremanen diagnostikoa egiteko erremintak, txekeo-zerrendak, autoinformeak, heteroinformeak… Helburu nagusia da balizko jazarpen kasuei aurrea hartzea: prebentzio, inplikazio eta jarraipen lanak egitea.

Ikasgelak, hau da, taldeak, jokamoldeen erregulatzaile bihurtu behar du. Horretarako, beharrezkoa da ikasleak ahalduntzea. Ahalduntze hau, ikasgelan lantzeko prestatzen ari den materialaren bidez egingo da, honako helburu hauetarako:

ü  Ikasleen artean ikasgelako eta ikastetxeko eguneroko elkarbizitzan gertatzen diren tratu on eta txarrak identifikatzeko trebetasun eta estrategiak garatzeko

ü  Pertsonen arteko komunikazioa hobetzeko

ü  Enpatia eta asertibotasuna garatzeko

ü  Ikasleen artean, dilema moralen aurrean jarrera etikoa hartzeko gaitasuna garatzeko

ü  Neska-mutilen artean erantzukizun sentimendua eta talde-ongizatearekiko konpromisoa garatzeko

ü  Taldeari “gu”-arekiko kontzientzia positiboa emateko, horrek harremanen erregulatzaile gisa eragin dezan.

ü  Taldeko kideen artean lankidetzarako gaitasuna indartzeko

Hau da, ikasleen banakako zein taldeko konpromisoaren bidez, eta jazarpen kasuak errotik ezabatzeko haien parte hartze aktiboaren bidez, ikastetxea leku seguru eta jazarpenarekiko inolako tolerantziarik izango ez duen gune bihurtzeko bidean pausoak emateko.

Prebentzio lana eginagatik ere, eskola jazarpena hainbat egoeratan azalduko den errealitatea da. Detektaturiko kasuen kudeaketa funtsezkoa da konponbide zuzena izan dezaten. Identifikaturiko kasuetan, talde dinamizatzaileak, zuzenean zeresana duten irakasleekin batera, Bizikasi ekimenean aurreikusiak dauden jarraibideak garatuko ditu. Gainera, Berritzeguneak eta Ikuskaritza Zerbitzuak elkarrekin koordinatuta arituko dira, egoera bideratu eta horrela kasua konponbidean jartzeko.

Une horretan, Bizikasi Hezkuntza Sailean detektaturiko kasuetarako dagoeneko existitzen den protokoloari lotuko zaio, eta baita zeresana izan lezaketen gainerako erakundeekiko (Udalak, Aldundiak edo Fiskaltza) koordinazio ahalik eta onena izate aldera berriki sortu den protokoloari ere.

BAT, Bullying-aren aurkako taldea

Eskola jazarpenaren aurkako inplikazioaren garrantzia gizarteari helarazi beharraz jabeturik, Bizikasi komunikazio kanpaina eta guzti dator. “Mozorroa kenduko diogu bullying-ari” lelopean, eskola jazarpenak jolasaren, txantxaren edo une bateko tira-biraren mozorroa hartzea saihesteaz kontzientzia zabaldu nahi da gizartean, ekimen honen bidez. Lehentasunezkoa da eskola jazarpena pairatzen duenari laguntza ematea, baina era berean, garrantzitsua da jokamolde jazarlea duen ikasleari ere laguntzea, mozorro hori erantzi dezan, eta sortu duen minaz jabetu dadin. Eta zeregin horretan, guztion inplikazioa behar da.

Kanpaina honek gonbidapena luzatzen dio gizarte guztiari, BAT – Bullyin-aren Aurkako Taldearekin bat egiteko, hasi ikasle eta irakasleekin, segi familiekin eta lagunekin, eta gizarte guztiarenganaino. Datorren abenduaren 11tik aurrera kanpaina hau telebistan, irratietan, prentsan eta sare sozialetan egongo da.

Iragarkia Elorrioko ikastetxe publikoko eta institutuko ikasle, irakasle, zuzendari eta familien laguntzari esker grabatu ahal izan da.

 

Bizikasi ekimenaren ezaugarriak:

 

  • Hizkera eta begirada berbera.
    • Hezkuntza Sisteman diharduten eragileen artean, eskola jazarpenaren kontzeptualizazioaren inguruan ezagutza eta hizkera bateratua izatea, eta ikuspuntu berbera kasua konpontzeko prozesuan
  • Formazioa Hezkuntza Sistemako eragileen artean.
    • Ikuskaritza
    • Berritzeguneak
    • Talde Dinamizatzaileak
    • Irakasleak
    • Ikasleak
    • AZP
    • Familiak
    • Eskolaz kanpoko ekintza-taldeak
  • Hezkuntza paradigma hezigarria. Hezkuntza neurriak denontzat.
    • Bizikasi ekimena, jazarpen egoerak ebazterakoan neurri hezigarriak aplikatzearen aldeko paradigmatik abiatzen da.
  • Esku-hartze sistemikoa.
    • Jazarpen kasuak kudeatu eta ebazteko esku-hartze sistemikoa aplikatzea. Hau da, erantzukizun partekatuaren bidez, hezkuntza-komunitatearen eremuetan eta eremu horietako kideekin esku-hartuko da
  • Ikaslea erdigunean.
    • Ikaslearen ongizate sozio-emozionala xede nagusia izanik Hezkuntza Sistemako zerbitzu guztiak horri begira jartzeko apustua. Elkarbziitza positiboan oinarritzen den ikastetxea. Tratu ona IHPko zutabe nagusia.
  • Ikastetxea ahaldundu egitura trinko batekin. Talde Dinamizatzailea.
    • Ikastetxea ahalduntzea jazarpen kasuak ebazteko erreferentzia izango den Talde Dinamizatzailea sortuz.
  • ikasleak formatzea eta ahalduntzea. ikasgelan lantzeko berariazko materialak.
    • Jazarpenarekin lotutako jokabideak errotik erauzteko banakako zein konpromiso kolektiboetara heltzea tutoretza orduetan era sistematikoan landuko diren espresuki diseinatutako materialen laguntzaz.
  • Ikuskaritza eta Berritzegune Zerbitzuen arteko lan koordinatua
    • Ikuskaritza eta Berritzegunearen lan bateratua.
  • Familiekin batera
    • Ikastetxeak jazarpen egoeratan inplikatuta daudenen familiei laguntza eta aholkularitza doitua emango die kolaborazioan oinarritutako hezkuntza esku-hartze sistematiko-sistemiko batean
  • Ebaluatuko den prozesua.
    • Ekimena ebaluatua izango da.

 

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @aranmata
    2017.eko abenduak 08

    Comentario de Twitter:
    Cristina Uriartek Bizikasi Ekimena aurkeztu du, eskola jazarpenaren aurkako eta elkarbizitza positiborako ekimena https://t.co/pIkEFMJHSG

Ekitaldiko kargudunak