Berriak Osasuna
Eu

Jon Jarpón: “Adi jarraitu behar dugu HIES-aren aurrean, lehen mailako osasun-arazoa eta giza arazoa baita oraindik ere”

2017.eko abenduak 01

Abenduaren 1a, HIESaren Munduko Eguna

Osasun sailburuak euskal gizarteak azken hamarkadotan egindako lan handia azpimarratu du, eta elkarrekin lanean jarraitzearen alde agertu da, bide luzea egin behar baita oraindik prebentzioaren eremuan eta GIBa duten pertsonen estigmatizazioaren aurkako eta haien bizikidetza normalizatuaren aldeko lanean.

 “HIESa lehen mailako osasun-arazoa eta giza arazoa da oraindik ere; horregatik, erakundeok, GKEek, Osakidetzak eta abarrek gogor jarraitu behar dugu lanean prebentzioaren eremuan eta GIBa duten pertsonen estigmatizazioaren aurkako eta haien bizikidetza normalizatuaren aldeko lanean. Izan ere, funtsezko esparrua da, eta denok inplikatu behar dugu bertan”. Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Jon Darpónen hitzak dira, eta gaur bertan adierazi ditu, HIESaren Munduko Egunean, Bizkaiko Hiesaren aurkako Herri Batzordearen 30. urteurrena ospatzeko ekitaldian.

Jon Darpónek bereziki azpimarratu du euskal gizarteak hiru hamarkada baino gehiagotan gaixotasun horri aurre egiteko garaian eta, aldi berean, GIB-eramaileen eskubideak defendatzeko garaian bete duen ezinbesteko zeregina. Sailburuaren ustez, “HIESaren epidemiak gizarte hobe bihurtu gaitu, GIBa duten pertsonekiko eta aktibisten eta gaixoen elkarteekiko bizikidetzari esker balio gehiagoko gizarte solidarioagoa eta errukitsuagoa baikara”. Ildo horretan, esker ona erakutsi die eremu horretan diharduten elkarteei, eta euskal erakundeen babes irmoa jasotzen jarraituko dutela jakinarazi die.

Osasuneko sailburuak GIB/HIESa agertu zenetik gaur arte gertatu diren aldaketa handiak nabarmendu ditu: duela 30 urte, HIESa garatzen zuen pertsona baten bizi-itxaropena 60 egun inguru zen; gaur egun, berriz, GIBaren infekzioa gaixotasun kronikoa da, eta, are garrantzitsuagoa dena, infektatuta dauden pertsonek askoz bizi-kalitate hobea dute.

Gogoratu duenez, Euskadi aitzindaria izan zen gaixotasunari aurrea hartzeko eta seropositiboak integratzeko programak ezartzen, eta gaur egun ere HIESa eta Sexu Transmisiozko beste Infekzioak Prebenitu eta Kontrolatzeko 2015-2018 Plan Estrategikoaren inguruan lan egiten jarraitzen du. Plan horrek kasu berriei aurrea hartzeko eta gaixorik dauden pertsonei bizi-kalitatea hobetzen eta lotutako komorbilitateei eta, gezurra badirudi ere, XXI. mendean GIBa eta HIESa duten pertsonek jasaten duten estigma eta diskriminazioari aurre egiten laguntzeko prebentzio-ekintzak, laguntza-ekintzak eta gizarte-ekintzak biltzen ditu.

2016. urtean, Osakidetzak 36,1 miloi euro bideratu zituen erretrobirusen kontrako tratamenduetarako, eta GIBa zuten 5.661 pertsona tratatu ahal izan ziren. Halaber, gaixotasun infekziosoetarako eta sexu-transmisiozko infekzioetarako kontsulta espezializatuak, gaixotasun infekziosoetarako laguntza-unitateak (ospitalekoak eta anbulatorioak) eta bikote diskordanteentzako laguntza bidezko ugalketako programak eskaintzen ditu Euskadik. Era berean, Euskal Osasun Zerbitzuak erretrobirusen kontrako tratamenduaren ondoriozko aurpegiko lipodistrofia duten gaixoentzako tratamendu konpontzailea eskaintzen du. Halaber, gibel-transplantea egiteko aukera ireki zaie GIBa eta C hepatitisaren birusa (CHB) dituzten gaixoei, eta C hepatitiserako erretrobirusen kontrako tratamenduak zabaldu dira ondoren. Eta ez dugu ahaztu behar lehen mailako arretako profesionalei zuzendutako GIBari eta sexu-transmisiozko beste infekzio batzuei buruzko prestakuntza-programa. Dagoeneko 600 profesionalek baino gehiagok hartu dute parte programa horretan. Gaur egun, Donostia Unibertsitate Ospitaleko gaixotasun infekziosoen zerbitzuaren bitartez, GIBarekiko esposizioaren aurreko profilaxiko behaketa-azterlan bat egiteko asmoa du Osakidetzak, profilaxi hori GIBa duten pertsonen kopurua murrizteko baliabide egokia izan daitekeen aztertzeko helburuarekin.

Euskal farmaziek bete duten zeregina ere azpimarratu du Jon Darpónek, GIBaren test lasterra egin zuten lehenak izan baitziren Europan. Gaur egun, Euskadiko 50 farmaziak eskaintzen dute zerbitzu hori, eta GKEetan eta Osakidetzako zentroetan ere egin daiteke testa. Halaber, 1990. urtean xiringak trukatzeko abian jarritako programak azpimarratu ditu sailburuak.

Horrez gain, Osakidetzako profesionalek Euskadiko espetxeen barruan HIESaren prebentzio eta tratamenduaren arloan egiten duten lan handia aipatu du sailburuak.

Informazioaren eremuan, Osakidetzak hainbat tresna erabiltzen ditu, hala nola GIBari buruzko informazio-telefonoa, online kontsultak webgunean, GIB/HIESari eta sexu-transmisiozko gaixotasunei buruzko albiste nagusiak astero posta elektroniko bidez zabaltzen dituen SIDAMEDIA sistema eta gizonekin sexu-harremanak dituzten gizonentzako online kontsulta birtuala. Hezkuntzaren arloan, GIBaren prebentzio-programa azpimarratu beharra dago. Programa hori 16-18 urteko gazteei zuzenduta dago batez ere, eta sexu-harremanei lotutako arrisku guztien prebentzioa lantzen du. Joan den ikasturtean, 84 ikastetxeko 6.100 ikaslek hartu zuten parte.

 

OSASUN PUBLIKOKO ARAZOA

OMEk berak azpimarratu duenez, HIESa osasun publikoko arazorik larrienetako bat da oraindik munduan, diru-sarrera txikiak edo ertainak dituzten herrialdeetan bereziki.

2015. urtean, mundu osoan GIBa zuten 36,7 milioi pertsonen % 46 baino ez ziren tratamendu espezifikoa jasotzen ari.

Euskadin, GIB/HIESaren egoera epidemiologikoak bilakaera handia izan du. Izan ere:

1984tik 2016ra bitarte, 5.930 HIES kasu diagnostikatu dira. 94., 95. eta 96. urteak izan ziren epidemiaren unerik gorena (500 HIES kasu berri inguru agertzen ziren urtean), baina, harrez geroztik, beheranzko joera ez da eten. 2016. urtean, 39 HIES kasu berri diagnostikatu ziren.

Hala ere, GIBarekin ez da gauza bera gertatzen; 2016. urtean, 158 diagnostiko berri agertu ziren Euskadin, hots, infektatutako hiru pertsona astean.

Beste alderdi kezkagarri bat 2000ko hamarkadaren hasieratik sexu-transmisiozko infekzioek (hala nola sifilisak eta gonokoziek) izan duten gehikuntza da. Ordura arte, infekzio horien kopurua ez zen esanguratsua.

 



Bilbo, 2017ko abenduaren 1a

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @jeslarra
    2017.eko abenduak 02

    Comentario de Twitter:
    RT @jdarpon: https://t.co/IHZSit50Sn

Ekitaldiko kargudunak