Eu

Euskal literaturak presentzia nabarmena izan du Guadalajarako Liburu Azokan, garrantzitsuenetako bat nazioartean

2017.eko azaroak 30

Euskal literatura presentzia nabarmena izaten ari da egunotan ospatzen den Guadalajarako Liburu Azokan, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eta haren menpe dagoen Etxepare Euskal Institutuaren eskutik. Erakunde honen ekimenez, Kirmen Uribe idazle ondarrutarra mundu mailako  beste hainbat profesional, editore eta egilerekin batera izan da azken egun hauetan. Horrez gain, Euskal Editoreen Elkarteak eta Euskadiko Editoreen Elkarteak dozena bat argitaletxe bildu dituzte stand batean. Joxean Muñoz Kultura sailburuordea ere azoka honetan izan da euskal egileei Jaurlaritzaren babesa eskainiz.

Kirmen Uribe idazleak ‘Elkarrekin esnatzeko ordua’ eleberria aurkeztu du azoka garrantzitsu honetan eta hainbat ekitaldi eta jardueratan parte hartu du da: irakurzaletasuna bultzatzeko mahai-inguru bat, hitzordu bat bere irakurleekin edota ikasleekin antolaturiko topaketa bat. Gaur bertan, Mexiko Hiriko euskal kolektibitatearekin izango da hango Euskal Etxean eta, horren ostean, Mexikoko Nazio Unibertsitate Autonomoan antolaturiko topaketa batean izango da.

Etxepare Euskal Institutuak urtero eraman ohi du egile bat Guadalajarako Liburu Azokara, eta azken urteotan Iban Zaldua, Arantxa Urretabizkaia, Bernardo Atxaga, Karmele Jaio, Harkaitz Cano eta Mikel Ayerbe, eta Anjel Lertxundi izan dira. Bestalde, urtero bezala, Euskal Editoreen Elkarteak eta Euskadiko Editoreen Elkarteak stand bat izan dute azokan. Han, Euskadiko dozena bat argitaletxek eramandako lanez gain, bost argitaletxetako ordezkariak izan dira.

Mundu mailako erreferentzia

Joxean Muñoz Kultura sailburuordeak hitzordu honen garrantzia nabarmendu du: “Guadalajarakoa gaztelaniaz mundu mailan dagoen azokarik garrantzitsuena da. Azoka profesionala izanik, batetik, nazioarteko editoreak eta egileak etortzen dira. Bestetik, publikoari irekia ere bada, eta oso deigarria da hona datorren jendetza, horietako asko gazteak”.

Era berean, sailburuordeak euskal editoreek eta egileek egin duten balantze ona azpimarratu du. “Euskal Editoreen Elkartea eta Euskadiko Editoreen Elkartea etorri dira aurten. Egin diguten balantzea oso positiboa da, pozik daude egin dituzten kontaktuekin eta itxi dituzten negozioekin. Badirudi arnasa datorrela sektorera. Egileei dagokienez, Kirmen Uribe etorri da aurten, Etxepare Institutuaren eskutik, eta harrigarria izan da ikustea Mexikoko irakurleek agertu duten pasioa eta arreta haren azken eleberriarekiko. Editoreen aldetik eta egileen aldetik oso garrantzitsua da nazioarteko foro hauetara etortzea. Era berean, Eusko Jaurlaritzaren kultura-politiken ikuspegitik giltzarria da horrelakoetan izatea”.

Iberoamerikako literaturan zentratuta, mundu mailako literatura jaialdi garrantzitsuenetakoa da FIL (Feria Internacional del Libro de Guadalajara) delakoa.  31. edizio izan da aurtengoa eta 41 herrialdetako 700tik gora egile bertaratu dira, 620 nobedade inguru aurkezteko asmoz.             

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak