Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak Eusko Jaurlaritzaren Jarduera Plana erlijioa aitzakiatzat hartzen duen nazioarteko terrorismoaren aurrean aurkeztu du

2017.eko azaroak 20

Erronka estrategiko bikoitza du: Euskadiko komunitate islamiarrekin lankidetza sustatzea, eta poliziaren eta nazioartearen artean ahalik eta koordinazio handiena sostengatzea

Bere lan-programak sei akordio estrategikoko proposamen bat eta 17 jarduera-proiektu dauzka

Lehen akordio-proposamena da Euskadiko Komunitate Islamiarrekiko Lankidetzarako Aholku Batzordea sortzea 

Lehendakariak “Eusko Jaurlaritzaren Jarduera Plana erlijioa aitzakiatzat hartzen duen nazioarteko terrorismoaren aurrean” aurkeztu du gaur arratsaldean. Dokumentu hori lan-tresna bat da gizarte-kohesioan eta aniztasunarekiko errespetuan oinarritutako bizikidetza babesteko eta sustatzeko eta segurtasun-baldintza maximoak sortzeko erlijioa aitzakiatzat hartzen duen nazioarteko terrorismoaren aurrean. Planak 17 jarduera-proiektu eta 6 akordio estrategiko aurreikusten ditu, eta horien artean nabarmentzen da Euskadiko Komunitate Islamiarrekiko Lankidetzarako Aholku Batzordea sortzea. 

Lehendakariak Lehendakaritzan aurkeztu du nazioarteko terrorismoaren aurkako plana, eta harekin izan dira Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzako idazkari nagusi Jonan Fernández eta, lehendakariak eskatuta, sortutako dokumentua prestatzen ekainetik sailarteko taldean parte hartu duten sailetako sailburu titularrak: Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabal; Hezkuntzako sailburu Cristina Uriarte; Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Heredia, eta Lan eta Justiziako sailburu María Jesús San José. Aurrez, Sailarteko Lantaldearekin bildu da, non parte hartzen duten, baita ere, Ertzaintzako inspektore Carlos Muñozek; Gizarte Politiketako sailburuorde Lide Amilibiak; Hezkuntza Berrikuntzako zuzendari Lucía Torrealdayk eta Justiziako zuzendari Loli De Juanek. 

PLANAREN EGITURA

Gaur aurkeztutako plana bi zatitan egituratzen da: lehenak zer esparru orokorretan kokatzen den eta estrategia deskribatzen ditu; bigarrenak, berriz, lan-programa xehatzen du. Azken horrek esku hartzeko 4 ardatz ditu: (1) Euskadi: gizartearen kohesioa eta kulturen eta erlijioen integrazioa; (2) Segurtasuna eta polizia-lanak (prebentzioa eta erantzuna); (3) Prebentzioa gizartean eta hezkuntzan erradikalizazio biolentoa ez gertatzeko, eta (4) Jarrera politikoa EAEn eta nazioartean. Programa honetan 6 akordio estrategiko eta 17 jarduera-proiektu aurreikusten dira. (Ikus eranskina)

HELBURUAK ETA ERRONKAK

Lehendakariak nabarmendu du nazioarteko terrorismoaren helburu estrategikoa dela gure bizikidetza-esparruak oinarri duen aniztasuna errailetik irtenaraztea. Gaur aurkeztutako planak nabarmentzen duenez, hori ahulgune nagusia izanik, helburua da erlijioen eta kulturen artean giza duintasunaren, giza eskubideen eta, batik bat, aniztasunaren errespetuan oinarritutako bizikidetza-esparru bat partekatzea. Puntu horretan biltzen da plan honen estrategiak oinarri duen diagnostiko nagusia. 

Ildo horretan, lehendakariak azpimarratu du “beharrezkoa dela oinarrizko ideia bat kategoria gorenera eramatea: elkarrekin eta bakean bizitzea”. Horregatik, Eusko Jaurlaritzaren erronka estrategikoa terrorismo horren aurrean ahalik eta lankidetza handiena bilatzea bi norabidetan: barrurantz, Euskadiko komunitate islamiarrekiko lankidetza sustatuta; eta kanporantz, poliziaren eta nazioartearen artean ahalik eta koordinazio handiena sostengatuta esparru guztietan. 

 

NOLA GAUZATU? JARDUERA PROGRAMA

Ikuspegi estrategiko honek —nabarmendu du lehendakariak— Euskadiko komunitate islamiarrekin lan egitea dakar berekin. Eskuz esku egitea, erlijioa aitzakiatzat hartzen duen terrorismoaren aurrean zein xenofobia, islamofobia edo arrazakeriaren edozein formaren aurrean. Estrategia horren irudikapenak elkarrekiko lankidetza-azpiegitura sozial bat sortzea dakar berekin. 

Plan honen eduki bereizgarri argienetako bat da sei akordio estrategikoko bere proposamena, hari bultzada emateko Euskadiko komunitate islamiarrekin lankidetzan. Akordioen artean nabarmentzen da Euskadiko Komunitate Islamiarrekiko Lankidetzarako Aholku Batzordea, edo Erlijioarteko Euskal Kontseilua sortzea. Akordio estrategikoez gain, lan-programak 17 jarduera-proiektu aurreikusten ditu lehenago azaldutako lau ardatzetan egituratuta. (Ikus xehetasun gehiago erantsitako dokumentuan). 

IZAERA IREKIA

Gaur aurkeztutako planak arlo horretan sinergia soziala, politikoa eta instituzionala sustatzeko tresna izan nahi du. Horregatik, dokumentu honek elkarrizketara irekitako proposamenaren izaera dauka. Elkarrizketa Euskadiko komunitate islamiarrekin, erlijio guztiekin, Foru Aldundiekin, Eudelekin eta udalekin, Eusko Legebiltzarrarekin eta legebiltzar-taldeekin eta asoziazio-sarearekin. 

Horrela, aurkezten denetik eta behin betiko onartu aurretik, lau hileko epea zabaltzen da ekarpenak eta proposamenak biltzeko. Aldi berean, epe horretan zehar, Eusko Jaurlaritzak kontaktu-txanda bat egingo du plan honek bere osotasunean dakarren zereginaren eraginpeko aktore eta eragileekin.

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2017.eko azaroak 20

    Por una escuela laica sin religión que adoctrine a los niños y niñas...estamos en el siglo xxI...y existe la ciencia

Ekitaldiko kargudunak