Berriak Lehendakaritza
Eu

Justo Garate: Medikuntzari eta euskalgintzari eskainitako bizitza. Jaso zituen sariak Euskadin gordeko dira

2017.eko azaroak 17

Joan den asteleheneko arratsaldean, azaroak 13, ekitalde xume baina oso hunkigarria izan da Garate sendiaren etxean, Argentinako Mendoza hirian. Justo Garate Arriola doktorearen hiru seme-alabek bere aitak bizitzaren zehar jaso zituen sariak entregatu dizkiote Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria den Gorka Álvarez Aranbururi, Euskadin gordetzeko.

Nerek, Javierrek eta Miren Amaiak goretsi nahi izan dute horrela bere aitaren memoria, medikuntzaren eta euskalgintzaren zerbitzuan eman zuen bere bizitza osoa erbesteko gizonak.

Justo Garate Arriola 1900eko abuztuaren 5ean jaio zen Bergaran (Gipuzkoa) eta Argentinako Mendoza hirian hil zen 1994ko uztailaren 2an. XX. mendeko euskal kulturako pertsonaiarik garrantzitsuenetakoa da.

Medikua zen eta Madrilgo eta La Platako (Argentina) unibertsitateetako doktorea izan zen. Espezializazio-ikasketak egin zituen Friburgo, Paris, Berlin, Heidelberg eta Munichen. Mediku jardun zuen Bilbon eta Argentinako Tandil eta Mendoza hirietan. Klaseak eman zituen Basurtoko ospitaleko unibertsitate-eskolan lehenago, eta gero Mendozako Unibertsitateko Medikuntza fakultateko klinika medikoko katedradun izan zen.

9 hizkuntza baitzekizkien

Medikuntzaren alorrean psikologia, patologia, pedagogia medikoa eta medikuntzaren historia jorratu zituen, eta euskal kulturari zion maitasun handiaren ondorioz, euskal filologia, historia eta etnografia ikertu zituen. Europa eta Estatu Batuetako ikerlari eta pentsalari ezagunenen lanak itzuli egin zituen. 9 hizkuntza baitzekizkien eta 10 liburu idatzi eta 620 lan baino gehiago argitaratu zituen.

Justo Garatek egin zuen lan handia gerra aurreko euskal kultura suspertzeko, funtsezkoa izan zen erakunde batean: Eusko Ikaskuntzan. 1921ean Euskal Unibertsitatea sortzearen aldeko agiria sinatu zuen eta 1932tik aurrera Eusko Ikaskuntzako batzorde iraunkorreko kide izan zen Jose Migel Barandiaran, Arturo Kanpion, Serapio Mujika, Julio Urkixo, Anjel Apraiz, Sebero Altube, Manuel Lekuona, Manuel Irujo eta Telesforo Arantzadi-rekin batera.

1931ko hauteskundeetan Eusko Abertzale Ekintzako (EAE-ANV) hautagaia izan zen errepublikarrek eta sozialistek sortutako taldean. 1936an, Jose Antonio Agirre Lehendakariaren aginduari jarraiki, Bilboko Medikuntza Fakultatea sortu zuen beste hainbatekin batera. Fakultate hura Euskal Herriko Unibertsitatearen lehen oinarria izatea nahi zuten, eta urte asko pasa eta gero horrela izan zen.

Argentinara erbesteratzerakoan ere lan handia egin zuen ete bere adimen oparoak fruitu edarrak eman zituen: 1940an lehen Euskal Jaiak antolatu zituen Tandil hirian, erbesteratuentzat dirua biltzeko asmoz. 1950ean "Instituto Americano de Estudios Vascos" elkartea sortu zuen Buenos Airesen eta euskal kulturaren sugarra ez itzaltzea lortu zuen horrela.

Ohorezko Euskaltzain izendatu zuten eta Bilboko Zientzia Medikoen Akademiako kide, 1987an Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria jaso zuen eta, azkenik, Euskal Herriko Unibertsitateak honoris causa doktore izendatu zuen. Sari horiek Euskadin gordeko dira hemendik aurrera.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak