Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak Quebecerako bidaiaren balorazio positiboa egin du, kulturaren, erakundeen eta ekonomiaren arloko loturak estutzeko baliagarria izango baita

2017.eko azaroak 03

Ottawan amaitu da lehendakariaren bidaia ofiziala, Montrealen eta Quebecen garatutako bost eguneko agendaren ostean 

Iñigo Urkullu lehendakariak, bidaia ofizialari amaiera emateko, balorazio-prentsaurrekoa eskaini du, eta Euskadi eta Quebec batzen dituzten loturen balioa nabarmendu du. Euskal ordezkaritzak zer ekitalditan parte hartu duen gogorarazi ostean, lehendakariak nabarmendu ditu bilera instituzionalak, CETA akordioaren ondoren zabaltzen diren aukera berriak eta elkarbizitzaren arloko lankidetza.

Arlo instituzionalean eta publikoan, lehendakariak Euskadiren eta Quebecen arteko lankidetza-memoranduma eta lehen ministroarekin egindako bilera nabarmendu ditu. Horren ondorioz, Eusko Jaurlaritza mundu osoan eratzen ari den Bazkide Estrategikoen Sarearen parte da Quebec. Asanblea Nazionaleko talde guztiekin izandako bilerak ere aintzat hartu ditu. Ildo horretan, lehendakariak zuzen-zuzenean ezagutu ahal izan du “bizikidetasun politikoa sakontzeko elkarrizketa eta akordioa oinarri dituen herrialde plural baten errealitate politikoa, instituzionala eta soziala”. Hartara, Euskadik eta Quebecek sinatutako MOU hitzarmenari esker, bi herriek, harreman puntuala izan beharrean, lankidetza estuagoa izango dute berrikuntzaren, kulturaren, ingurumenaren, immigrazioaren eta garapen ekonomikoaren arloetan. Gaur bertan Gobernu Federaleko Kanpo Harremanetarako Parlamenturako Idazkari Tom Decourcey-rekin izan dira.

Arlo ekonomikoari dagokionez, lehendakariak bi alderdi nabarmendu du: (1) Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren sorrera, helburu izango duena enpresei balio erantsi handiagoko zerbitzuak egitea; eta, bestetik, (2) Euskadiko ikerkuntza kooperatiborako guneak eta zentro teknologikoak batuko dituen erakunde bakarra sortzea.

Quebecek biltzen du Kanada osoko ekonomiaren % 20 eta industria-produkzioaren % 24. Berriki sinatu den CETA merkataritza-akordioak merkataritza-harremanetarako aukera berriak zabaltzen ditu. Lehendakariak adierazi duenez, “Euskadi izan daiteke Kanadako produktuak Europara sartzeko atea eta, aldi berean, Kanada izan daiteke euskal produktuak Ipar Amerika osora sartzeko bidea”.

Gizarte-mailan, Urkulluk indarkeriara eramaten duen erradikalizazioa saihesteko  zentroarekin egindako bilera hartu du aintzat. Immigrazio, Aniztasun eta Inklusioko ministroak parte hartu zuen topaketa horretan, eta gizarteratze-politiken arloko esperientziak trukatzea adostu zuten. Alderdi hori garrantzi handikoa da Europan, eta lehendakariak azaldu du arlo horretan elkarlanean jardutea erabaki dela, betiere Gogora Institutuaren bitartez eta beste erakunde batzuen bitartez.

Azkenik, eta kultura eta ondarearen arloan, lehendakariak parte hartu du Parks Canadá erakundearekin elkarlanean jarduteko protokoloa sinatzeko ekitaldi hunkigarrian: Euskadik eta Kanadak ondare historiko eta kultural komuna dute, adierazi du lehendakariak. Ondare horren gunerik adierazgarriena Red Bay euskal balea-arrantzaren gunea da, UNESCOren aitormena duena. Akordio horri esker, harremanak areagotuko dira, “gure historia komuna kontserbatzeko eta hedatzeko” erantsi du Urkulluk.

Montreal, Quebec eta Ottawa hirietan emandako bost egun hauetan, lehendakariarekin batera izan dira Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua, Marian Elorza Kanpo Harremanetarako zuzendari nagusia, industriako sailburuordea eta Ainhoa Ondarzabal eta Leyre Madariaga zuzendariak. Lehendakariak Quebeceko “Euskaldunak” euskal etxeari eskerrak eman dizkio, egin dieten harreragatik.

KATALUNIA

Katalunian sortzen ari ziren albisteen giroan egin da bidaia ofiziala. Hedabideei egindako galderei erantzunez, lehendakariak aditzera eman du gaur egungo egoera “zentzugabekeria” dela eta “politikaren porrota” izan dela. Agerian geratu da, lehendakariaren iritziz, “Estatu-ereduak porrot egin duela” eta egoera horren aurrean behar-beharrezkoa dela nazio bereiziak aitortzea.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak