Berriak Lehendakaritza
Eu

Euskadik eta Kanadak lankidetza areagotuko dute kultur ondare komuna zaintzeko

2017.eko azaroak 02
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.
  • Lehendakariak memoranduma sinatu du Parks Canadá agentzia publikoarekin. Agentzia hori arduratzen da Kanadako giza ondarea eta ondare historikoa eta naturala kudeatzeaz
  • Akordio horri esker, profesionalen eta adituen arteko trukea egin ahal izango da, partekatzen dugun historia komunaren arloan esperientzia, ezagutza eta prestakuntza lortzeko

Euskadik eta Kanadak erabaki dute ondare komunaren zaintza sakontzea, bi herrialdeak batu ohi dituzten lotura historikoen eta kulturalen ondorioz. Lehendakariak Quebecera egindako bisita ofiziala baliatu du arlo horretan esperientziak trukatzea helburu duen lankidetza-memoranduma sinatzeko Parks Canadá agentzia publikoko arduradunekin.

Iñigo Urkulluk nabarmendu du gero eta handiagoa dela Euskadiko eta Kanadako ondare komuna sakontzeko interesa, batik bat zenbait aurkikuntza arkeologikoren ondorioz eta Red Bay euskal balea-arrantzako estazioa Gizadiaren Ondare izendatzearen ondorioz (Ternua eta Labrador probintzian dago Red Bay).

Ildo horretan, lehendakariak eskertu du Parks Canadá agentziak egin duen lana, ahalegin horri esker ezagutu ahal izan baita euskal arrantzaleek eta bidaiariek Kanadan utzitako hizkuntza- eta toponimia-ondarea. Adierazi duenaren arabera, Euskadiko eta Kanadako taldeen lan arkeologikoek aukera eman dute hobeto ezagutzeko Euskadik Kanadaren historian eta kulturan utzitako ondare materiala eta immateriala.

 “Kultura  da esparru egokienetako bat munduari jakinarazteko badagoela nortasun bereizia duen eta globalizazioa eta dibertsitatea uztartzeko gauza den erkidego bat” adierazi du lehendakariak.

Sinatu den lankidetza-memoranduma lagungarria izango da euskal kultura eta Euskadi-Basque Country nazioartean proiektatzeko; era berean, aukera emango du museoetako profesionalak, ikertzaileak, arkeologoak, etnologoak eta abar trukatzeko eta, hartara, Euskadik eta Kanadak partekatzen duten historiari buruzko esperientzia, ezagutza eta prestakuntza jasotzeko.

PARKS CANADÁ

Parks Canadá da Kanadako giza ondarea eta ondare historikoa eta naturala kudeatzen duen Kanadako Gobernuaren agentzia publikoa. Agentzia horren egitekoen artean dago, halaber, euskal ondarea duten Kanadako leku historikoak kudeatzea, hala nola Red Bay euskal balea-arrantzako estazioa, Ternua eta Labrador probintzian. 2013an Gizadiaren Ondare izendatu zuten estazio hori da, gaur egun, Amerikako itsaspeko gune arkeologiko preziatuenetako bat, eta bertan dago balea-arrantzaleen historia azaltzen duen interpretazio-zentroa, ondare historikoa babestea helburu duena.

1972. urtean Selma Huxley ikertzaileak hasitako ikerketen ondoriozkoa da aurkikuntza, eta Eusko Jaurlaritzak, 2014an, Lagun onari saria eman zion ikertzaile horri. Ikerketa horiei esker, Parks Canadáko urpeko arkeologo talde batek aurkitu zuen San Juan balea-ontzia, Pasaiako portutik irten eta 1565. urtean Kanadako kostaldean urperatu zena. Horrez gain, euskal balea-arrantzaleekin lotzen den balio handiko espazio bat ere aurkitu zuten. Red Bay estazioa euskaldunek XVI. mendean egiten zuten balea-arrantzaren eta ondoren Europan saltzen zen olio-produkzioaren adibide bikaina da. Itsaspeko indusketa arkeologikoak ia hiru hamarkada iraun zuen, eta ereduzkoa izan zen mundu osorako.

Canada-ko gobernu federalarekin bilera

Ottawan egiten ari diren egonaldiaren testuinguruan, Canada-ko gobernu federaleko Estrategia eta Berrikuntza Ministerioan izan dira, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako saileko ordezkariak, Arantxa Tapia sailburua buru zela, Javier Zarraoinaindia Industria sailburuordearekin eta Ainhoa Ondarzabal Nazioartekotze zuzendariarekin batera.

Canada-k erregioetako Berrikuntza Sistema da martxan enpresei balioa emateko lanean diharduena. Lehen aldiz andu du Industrializazio Plana eta CETA akordioarekin pozik agertu dira ministerioko ordezkariak.

Tapia sailburuak Euskadiko industria eta berrikuntza politikak azaldu ditu eta interes berezia piztu dute, alde betetik cluster estrategiak, eta bestetik, itsasoko energia berriztagarrietarako abian den Mutrikuko eta Armintzako ekimenek.

Ondoren, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako ordezkariek bisita egin dute Natural Resources Canada-n. Gobenuaren zentroa da non esparru ezberdinetako gaiak kudeatzen diren bestean beste gaur aztertu dituzten energia berriztagarrien politikak.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Gob_eus
    2017.eko azaroak 03

    Comentario de Twitter:
    #Euskadi-k eta #Kanada-k lankidetza areagotuko dute kultur ondare komuna zaintzeko ➡ https://t.co/9r0Wb5bN52 https://t.co/gBxuggjJVW

Ekitaldiko kargudunak