Berriak Hezkuntza
Eu

Puntako zientzialarien eta Bigarren Hezkuntzako ikasleen arteko topaketa jendetsua, Donostian

2017.eko urriak 30
  • Maila goreneko ikertzaileekin jardun dira 310 ikasle eta irakasle
  • DIPCk Topaketa honekin zientzia eta ikerketarekiko jakin-mina sustatu nahi du

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak eman dio hasiera gaur, astelehena, top@DIPC – Zientziarekin solasean! topaketari, Donostiako Eureka! Zientzia Museoan. Albert Fert —Fisikako Nobel sariduna—, Pilar Hernandez —CERNeko zientzialaria— eta Angela Nieto —Biologo molekular entzutetsua— izan dituzte solaskide Bigarren Hezkuntzako hainbat ikaslek eta irakaslek. Zientziaz, ikerketaz eta bi gai horiekiko duten grinaz jardun dira topaketan izan diren zientzialariak, eta ikasleen galderei ere erantzun diete.

Jendetsua izan da topaketen bederatzigarren edizioa. Orotara, 61 euskal ikastetxek hartu dute parte ekitaldian; ikasleak eta irakasleak, berriz, 310 izan dira. Cristina Uriarte, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak eta Javier Benito, Telefonica Euskadiko zuzendariak eman die hasiera topaketei. Giro atseginean jardun dira elkarrekin ikasleak eta zientzialariak, bai eta umoretsu ere zenbait unetan. Eskerrak eman dizkiete antolatzaileei batzuek zein besteek, horrelako aukera eskaintzeagatik.

Irekiera hitzaldian, Uriarte sailburuak gazteen artean zientzia zaletasuna zabaltzeko egiten duten ahalegina eskertu die ikertzaileei, eta ikasleei zuzendu zaie ondoren. “Seguru nago zuetariko askok erakargarri ikusten duzuela jada zientzia, zientziaren mundu zabala. Badakit gaur hemen zuekin dauden irakasleek zeresan handia izan dutela horretan. Eta ziur naiz, bestalde, gaurko ekitaldia bukatzerakoan, beste askok ere horrela sentituko duzuela”, baieztatu du sailburuak. “Lanbide zirraragarri bezain gogorra da zientzialariena. Haien lanari esker, munduak aurrera jarraitzen du. Medikuntzak, materialek, teknologiak oro har, bizitza hobea izaten laguntzen digute. Baina aurrerapauso horietariko bakoitzak, zientzialari askoren ahalegina eta esfortzua ditu atzetik”, gogorarazi die gazteei.

Asturiasko Printzea sariduna, Pedro Migel Etxenike, UPV/EHUko katedraduna eta Donostia International Physics Centerreko (DIPC) lehendakaria, aritu da moderatzaile-lanetan, eta hau adierazi die ikasle eta irakasleei amaiera-ekitaldian: "Abentura intelektual bat da zientzia, eta grinatsuki ekin behar zaio; aurrera egin ahala, galdera batzuei erantzuten die, baina, aldi berean, beste batzuk sortzen ditu". Albert Fertek, berriz, "zientzia, ororen gainetik, sormena" dela gogorarazi du; eta Pilar Hernándezek, “zailena beti galdera egokia egitea da, hor egoten baita erantzuna aurkitzeko gakoa”; Ángela Nietok, azkenik, "gazteak oso garrantzitsuak zarete zientziaren katean" esan du. "Ikusten duzuenez, pertsona normal-normalak dira zientzialariak. Lana eginez eta ilusioz jardunez, haiek bezalakoak izatera iritsi zaitezkete", adierazi die Etxenikek ekitaldira bildu diren ikasleei.

Telefónicak, DIPCren patronoa denak, aurten ere sari bana eman die galderarik burutsuena, sortzaileena eta originalena egin duten ikasleei. Hona hemen saridunak: Aitor Aizpitarte Goiburu, Errenteriako Koldo Mitxelena BHI institutukoa (“Erantzun zuzena jasoko lukeela jakingo bazenute, zein galdera egitea gustatuko litzaizueke?”); Iñaki Lasa, Donostiako Summa Aldapetakoa (“Enbrioien garapenean geneen espresioa aldatu baldin badaiteke zelula bidaiari izan ez daitezen blokeatzen dituzten sustantzien tratamendu baten bidez, zergatik ezin da minbizian prozesu hori erabili, gure gorputza kaltetzen duten eta tumore sekundarioak sortzen dituzten zelula bidaiari hauek berriro aktibatu ez daitezen?”); eta Ohier Goicoechea Corzo, Donostiako Bidebieta BHI institutukoa, (“Materia eta antimateriaren suntsipenak energia kantitate izugarriak sortzen dituenez, helburu energetiko baliagarrietarako erabiltzen bukatu al daiteke etorkizunean?”).

Zientziaren garrantzia eta edertasuna hedatzea du xede nagusi top@DIPC - Zientziarekin solasean! topaketak, eta zientzia eta ikerketarekiko zaletasuna sustatzea. Donostia International Physics Center-ek (DIPC) antolatzen du, Euskampus, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Nazioarteko Bikaintasun Campusaren esparruaren baitan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren babesarekin. Kutxa Gizarte Ekintzaren Eureka! Zientzia Museoak ere laguntzen du eta Telefónica-ren laguntza eta parte-hartze berezia jasotzen du.

www.topadipc.eu webgunean duzue top@DIPC Zientziarekin solasean! topaketari buruzko informazio guztia. 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Pedro Miguel Etxenike (DIPC), Albert Fert,Pilar Hernandez eta Angela Nieto