Berriak Lehendakaritza
Eu

Tapiak iragarri du “Nazioartekotzeko Euskal Agentzia / Basque Trade and Invest” agentziaren sorrera, enpresei balio erantsi handiagoko zerbitzuak egiteko

2017.eko urriak 31

Lehendakariak eta sailburuak Orbinox euskal enpresak Montrealen duen planta bisitatu dute

Quebecen dagoen Eusko Jaurlaritzako ordezkaritzak Orbinox euskal enpresak Montrealen duen planta bisitatu du. Bertan, Tapia sailburuak iragarri du laster eratuko dela Nazioartekotzeko Euskal Agentzia / Basque Trade and Invest. Agentzia horrek Eusko Jaurlaritzaren nazioartekotzeko gaitasunak eta aktiboak barnean hartu eta indartuko ditu.

Lehendakaria, Tapia sailburua eta Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia bildu dira Tolosan jatorria duen Orbinox enpresako ordezkariekin, enpresaren jarduera zuzen-zuzenean ezagutzeko (gillotina-balbulen Europako fabrikatzaile nagusia da enpresa hori). Planta bisitatu ostean, Tapia sailburuak adierazi du Orbinox enpresa nazioartekotu den euskal enpresaren eredua dela. Ustiapenaren, merkataritza-jardueraren eta ekoizpenaren faseetan nazioartekotuta dago, eta logistikako eta bezeroei arreta egiteko zerbitzuak ditu.

Egin dituen adierazpenetan, Tapiak aditzera eman duenez, euskal enpresak gero eta gehiago ari dira nazioartekotzen eta “iritsi da nazioartekotzeko estrategiaren kudeaketan Euskadik urrats kualitatiboa egiteko unea”. Hori dela eta, iragarri du beste organo bat eratuko dela, Nazioartekotzeko Euskal Agentzia / Basque Trade and Invest agentzia. Agentzia horrek berrantolatu eta indartuko ditu enpresari laguntzeko politika publikoak. 

NAZIOARTEKOTZEKO EUSKAL AGENTZIA

Nazioartekotzeko Euskal Agentzia / Basque Trade and Invest agentziaren xede soziala izango da euskal ekonomia eta enpresak nazioarteko daitezen sustatzea, euskal enpresei laguntza eskainiz haien nazioarteko proiekzioan, baita Euskal Autonomia Erkidegora kanpoko inbertsioak erakartzeko eskumena duten eragileei ere.

Halaber, aurreikusi du balio erantsiko beste zerbitzu-zorro bat zabaltzea, zenbait enpresa-profiletarako segmentatua, bere gaitasunak eta eragile laguntzaileen gaitasunak uztartuko dituen eredu integral baten barruan.

Kanpoko bulego sarea

Helburuak lortzeko, kanpoan bulego-sare bat antola dezake, euskal enpresen eta erakundeen zerbitzu-sarearen ekarpena eta lankidetza areagotzeko.

Gaur egun, SPRIren kanpo-merkataritzako sarea 14 bulegok osatzen dute eta guztiak Agentzia berri horren mende egongo dira.

Lehia Adimeneko Unitatea

Agentziak Lehia Adimeneko Unitate bat izango du, merkatuei buruzko ezagutza aurreratua sortuko duena eta enpresentzat aukera berriak irekiko dituena. Lehia Adimeneko Agentziak, beraz, merkatuen joerak aztertuko ditu, beste aukera batzuk hauteman eta kudeatuko ditu, bertako politikak ebaluatuko ditu, kanpoko politikak ikertuko ditu, eta nazioartekotzearen arloko ezagutza-itunak eratzea sustatuko du, guztia euskal enpresen eta ekonomiaren onurarako.

Giza kapitala, Basque Country marka eta erakunde-koordinazioa

Ordura arte jarraitutako politiken ildotik, Nazioartekotzeko Euskal Agentzia / Basque Trade and Invest agentziak bere gain hartuko ditu giza kapitala prestatzeko programen kudeaketa, eta enpresen nazioartekotzean espezializatutako trebakuntza eskainiko du.

Agentziak Euskadiren eta bertako enpresen aitorpena areagotzeko eta zabaltzeko lan egingo du mundu osoan. Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren jarduera Basque Country markarekin lotuko du, eta, era berean, ekonomiaren eta enpresen arloko alderantzizko misioak indartuko ditu.

Funtsezko eragilea izango da Nazioarteko Euskal Sistemaren barruan, eta etengabe koordinatuko da Basque Consortium-Euskal Nazioartekotzeko Kontseilua osatzen duten erakundeekin.

Nazioartekotzeko Euskal Agentzia / Basque Trade and Invest agentziaren kudeaketa-erregimena

Sociedad Pública Agencia Vasca de Internacionalización / Basque Trade and Investment, SA sozietatea, bestalde, sozietate publikoei aplika dakiekeen xedapenen arabera eta Kapital Sozietateen legeriaren arabera eraenduko da.

2018ko urtarrilaren 1ean jarriko da indarrean, eta pixkanaka barnean hartuko ditu Euskadiren Administrazio Orokorraren eta Sociedad para la Transformación Competitiva - Eraldaketa Lehiakorrerako SAren (SPRI) giza baliabideak eta baliabide teknikoak eta ekonomikoak. Prozesua 2018ko martxoan amaituta egotea aurreikusi da.

ORBINOX

Orbinox, Tolosan jatorria duen eta gaur egun Donostian egoitza duen enpresa, da gillotina-balbulen Europako fabrikatzaile nagusia. 80ko hamarkadan hasi zen esportazio-jarduerarekin. 2000an hasi zen nazioartean hedatzen, eta gaur egun filialak ditu 11 herrialdetan, eta 5 kontinenteetako 70 herrialdetan zabaltzen den merkataritza-sarea du.

Orbinox enpresa nazioartekotu den euskal enpresaren eredua da. Ustiapenaren, merkataritza-jardueraren eta ekoizpenaren faseetan nazioartekotuta dago, eta logistikako eta bezeroei arreta egiteko zerbitzuak ditu.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak