Berriak Lehendakaritza
Eu

Iñigo Urkullu Lehendakariak Quebec bisitatuko du urriko azken astean, bidaia ekonomiko, instituzional eta kultural batean (Gobernu Bilera 2017-10-24)

2017.eko urriak 24

Bidaia ofizialari urriaren 30ean emango zaio hasiera, Montrealen, eta azaroaren 3an emango zaio amaiera, Ottawan

Iñigo Urkullu lehendakariak, Quebecera bidaiatuko du, izaera ekonomikoa, instituzionala eta kulturala duen bidaia ofizialean. Lehendakariak Montreal, Quebec eta Ottawa hiriak bisitatuko ditu, eta harreman politikoak, historikoak eta kulturalak estutuko ditu. Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzak bilerak egingo ditu Quebeceko agintari eta erakundeekin, baita enpresen, hezkuntzaren eta kulturaren munduarekin eta euskal kolektibitatearekin ere. 

Quebec lehentasuneko bazkidea da Euskadi-Basque Country 2020 nazioartekotzeko esparru estrategiaren barruan. Haren kultura eta hizkuntza-aniztasunaren babesagatik, Euskadirekin lotzen duten harremanengatik, berrikuntzaren aldeko apustuagatik edota aldaketa klimatikoaren kontrako jarreragatik katalogatu da lehentasuneko bazkide. Lehendakari batek Quebec bisitatzen duen lehen bidaia ofiziala da. Berarekin batera Arantxa Tapia, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituren sailburua eta Marian Elorza Kanpo Harremanetarako Idazkari Nagusiak izango dira.. Urkullu lehendakariak legegintzaldi honetan (2016tik aurrera) atzerrira egiten duen bosgarren irteera izango da. Aurrekoetan Erroman, Auschwitzen, Bruselan eta Bogotan izan zen.

Euskadirentzako zein Quebecentzako aukeren agertoki batean biltzen da bidaia ofiziala. Aukerak erakunde-harremanen arloan, lehen aldiz bilduko baitira bi gobernuak, eta kulturaren eta ekonomiaren arloan, CETA akordioa onartu ostean. Gainera, Eskoziak eta Quebec-ek legaltasun printzipioa eta printzipio demokratikoa uztartzearen eredu dira hitzartutako legezko galdeketaren bitartez. 

Bidaia ofizialaren edukia 

Egonaldi horretan, Eusko Jaurlaritzako ordezkaritzak erakunde-harremanak izango ditu Philippe Couillard Quebeceko lehen ministroarekin, eta lankidetza-memoranduma sinatuko dute. Horrez gain, Quebeceko Parlamentuko kideekin bilduko da, baita Lehen Ministrordea eta Ekonomia, Berrikuntza eta Zientziako ministroa denarekin ere. 

Bestalde, lehendakariak bi hitzaldi egitea ere aurreikusi da, bat Montrealeko Nazioarteko Harremanetako Kontseiluan (CORIM) eta bestea herrialdeko unibertsitate garrantzitsuenetako batean, Laval Unibertsitatean. 

Enpresa-topaketei dagokienez, euskal ordezkaritzak zuzen-zuzenean ezagutuko ditu nazioartekotutako euskal enpresa batzuk eta Quebeceko punta-puntako sektoreak, hala nola ORBINOX. Halaber, Lehendakariak IREQ bisitatuko du, nazioarteko eremuan erreferentziazko energiarekin lotutako I+G institutua. 

Era berean, aurreikusita dago Quebeceko euskal erkidegoarekin biltzea eta euskal balea-arrantzaleek inguru horretan utzitako ondarearekiko hurbilketa egitea, Parcs Canada erakunde federalarekin akordio bat sinatuta, erakunde horrek kudeatzen baitu Kanadako kultura- eta natura-ondarea. Azkenik, Gobernu Federalaren Global Affair saileko ordezkariekin ere batzarra izango du (Kanpo Harremanak, Nazioarteko Merkataritza eta Lankidetza). 

Euskadi - Basque Country proiektatzea 

Hau izango da lehendakariak legegintzaldi honetan atzerrira egiten duen bosgarren irteera. Atzerrirako bisitaldi hauekin, Eusko Jaurlaritzak, lehendakaria buru dela, Basque Country estrategia kanpoan proiektatzen jarraitu nahi du, eta, horretarako, erakundeekin eta politikaren, ekonomiaren eta kulturaren munduko kideekin biltzen da, eta beste herrialde batzuekin itunak sinatzen ditu. Quebec sartuko da Aliantza Estrategikoko Sarean. Sare hori 6 eskualde liderrek osatzen dute (Akitaniak, Bavariak, Flandriak, Querétarok, Jiangtsuk eta Cundinamarcak.) 

Euskadi-Quebec harremana 

Harreman historikoa dago Euskadi eta Quebec artean, eta etorkizunean lankidetza-bide berriak jorratzeko oinarria izan daiteke harreman hori. Kulturaren arloan, euskal balea-arrantzaleak Quebeceko lurraldean finkatu ziren garaietan hasi zen bi herrien arteko harreman historikoa. Quebeceko kostaldeko lurraldeetan duela mende batzuetatik izan da euskal presentzia. Esate baterako, Trois Pistoles herrian Euskal Abenturaren Parkea dago, eta handik kilometro gutxira, Ternua eta Labrador probintzian, oraindik ere euskaldunen “nazioarteko lehen ezarpen” handiaren arrastoak daude, balearen arrantza eta industria. Gaur egun, Montrealeko Euskal Etxeak biltzen du Quebecen bizi den euskal-erkidegoa. 

Azken urteotan, harreman estua sortu da ingurumenaren arloan, eta batez ere klima-aldaketaren arloan. Bestalde, Euskadik zein Quebecek kanpoan proiektatzeko ikuspegi bera dute, eta etorkizunean baterako ekintzak gauzatzeko nahia azaldu dute. 

Ekonomiaren arloan, berriz, eta CETA behin-behinekoz abian jarri ostean, Euskadi Europara —Atlantikoko aurrealdean—  sartzeko atea izan daiteke Quebecentzat, eta, era berean, Quebecek erraztu dezake euskal produktuak Kanadako eta Ameriketako Estatu Batuetako merkatuan sartzea —euskal esportazioen helmuga nagusietako bat—.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko