Eu

Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak hitzarmen bat sinatu dute euskara sustatzeko

2017.eko uztailak 03

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak eta Mathieu Berge Iparraldeko Euskararen Bulego Publikoko presidenteak hiru lurraldeetarako berariazko lankidetza-hitzarmena sinatu dute gaur goizean Nafarroako Jauregian.

Hitzarmenak Akitania-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeak Nafarroari martxotik eskaintzen dion lankidetza bide horretan sakontzen du, eta Ollo kontseilariak adierazi duenez, "elkarrekiko lankidetzari jarraituko dio, bikoiztasunak, beharrezkoak ez diren gastuak saihesteko eta eraginkortasunik handiena lortzeko".

Bestalde, Zupiria sailburuak, "hitzarmena sinatzen duten hiru administrazioak euskara hitz egiten den eremuan politika publikoak kudeatzen dituztela” adierazi du. Lankidetza hau oso era “naturalean” ikusten duela ere aipatu du: “Gure hizkuntzaren etorkizuna bermatzeko balioko due. Lankidetzarako esparru oso zehatzak daude, eta hitzarmenak hauetan sakontzea ahalbidetuko du”.

Halaber, Mathieu Bergék “hizkuntza-politika mailako lankidetza berri hori” nabarmendu du, azpimarratuz “euskararen transmisioa eta erabileraren sustapenerako ezinbestekoa” dela. Azkenik, Mathieu Bergék Europar finantzabideek eta bereziki POCTEFA ekintza programa berriek, hizkuntza politikaren erronkak kontuan hartzearen alde eraman beharreko elkar lana goraipatu du.

Lankidetza teknikoko 5 esparru

Dokumentuak ez du ekarriko inolako betebehar ekonomikorik, eta lankidetza teknikoko bost esparru ezartzen ditu. Helduendako euskararen hezkuntza eta irakaskuntzari dagokionez, besteak beste, hauek sustatuko dira: irakasleen eta ikasleen mugikortasuna eta trukatzeak, helduendako irakaskuntza-curriculuma garatzea eta irakasleen berariazko prestakuntza.

Hiru lurraldeek hizkuntza-gaitasun mailak ebaluatzeko probak eta sistemak ere prestatuko dituzte. Horrez gain, hirurek emandako tituluak elkarri aintzatetsiko dizkiote. Bestalde, eskola-esparrutik kanpo, neska-mutilendako aisialdi-jarduerak eta trukeak sustatuko dira euskararen erabilera bultzatzeko. Halaber, hiru alderdiek ingurune digitalean dauden informazioak trukatuko dituzte.

Hitzarmenak euskararen eta gogoeta-eremuen sustapena ere barne hartzen du, hiru alderdiek koordinatutako sustapen-programen bidez eta gogoeta egiteko eta ezagutzak partekatzeko eremuak sortuz. Hitzarmenaren bidez, egindako ikerketa soziolinguistikoen barruan lortutako eta bildutako datuak ere bateratuko dituzte elkarrekin. Bestalde, beste ikerketa-bide batzuk proposatuko dituzte euskararen egoera zein den jakiteko. Azkenik, harreman estua ere aurreikusten du hitzarmenak, Europako finantzazioek eta POCTEFA programa berriek hizkuntza-politikaren erronkak kontuan har ditzaten.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @iozamizu
    2017.eko uztailak 03

    Comentario de Twitter:
    El Gobierno Vasco, el Gobierno de Navarra y la Oficina Pública del Euskera de Iparralde firman un convenio para ... https://t.co/G6G2mxCvW6

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak