Eu

Eusko Jaurlaritzak Nekazaritza Politika Komunaren 48 milioi euro baino gehiagoren laguntza zuzenak iragarri ditu 2017rako (Gobernu Bilera 2017-03-14)

2017.eko martxoak 14

Finantzatuko dituzte, besteak beste, “praktika” berdeak aplikatzeko jarduerak, gazteak lehen sektorean sartzekoak eta ustiategi txikiak garatzekoak.

Lehen sektorea gaztetzea, lehen sektorearen lehiakortasuna indartzea eta  familia nekazaritzaren eredu iraunkorra modernitzatzea dira, besteak beste, Eusko Jaurlaritzak lortu nahi dituen helburuak, eta helburu horiek Europako politikekin bat datoz.

Laguntza eskaerak aurkezteko epea datorren apirilaren 30ean bukatuko da, eta Autonomia Erkidegoaren Erakunde Ordaintzailearen bitartez ordainduko dira, FEGA funtsaren kontura (Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsa)

Martxoaren 14ko Gobernu Kontseiluan, Eusko Jaurlaritzak onartu du Nekazaritza Politika Komunaren lehen zutabean sartzen diren laguntza zuzenak 2017. ekitaldirako iragartzeko Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak emandako Agindua. Laguntzen zenbatekoa 48,185 milioi eurokoa da, eta zenbateko osoa Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (FEAGA) kontura finantzatu, eta Autonomia Erkidegoaren Erakunde Ordaintzailearen bitartez ordainduko da.  Eskaerak aurkezteko epea apirilaren 30ean bukatuko da.

Errentari eusteko laguntza hauekin, Euskadiko nekazaritza sektoreak aurrera egin ahal izango du iraunkortasun ekonomikoaren eta ingurumenekoaren bidean, hau da, exekutibo autonomoak sektorerako markatuta duen helburu nagusia lortzeko bidean, non jarduera hauek garatuko diren nagusiki: belaunaldien arteko erreleboa; gure ustiategien modernizazioa, ingurumenarekin errespetutsuak diren nekazaritza praktikekin bat etorriz; berrikuntza estrategia integralaren bultzada; nekazaritzako elikagaien industriaren garapena, ekoizpenaren sektorearen eragilea den heinean; ekoizpen ekologiko egiaztatuaren sustapena, tokiko produktuen kalitatea eta merkaturatzea lortzeko nitxo gisa; eta gastronomia eta elikadura plan baten diseinua, gure kalitateko ekoizpenei lotuta, sektorea eta tokiko kontsumitzailea uztartzeko modu gisa.

Era berean, laguntza hauek, egungo Nekazaritza Politika Komunak babestuta, 2020a arte indarrean egongo baita, bat datoz Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek ere gure ezaugarri berezietara eta lehentasunetara gehien egokitzen diren alderdiak kontuan har zitzaten landu zuten eta orain ere lantzen ari diren NPK ereduaren babesarekin. Eta zentzu horretan, lortu den NPK ereduak –neurri handian– ezaugarri hauek ditu: nekazari aktibo eta profesionalak balioesten ditu; izaera berdea du nabarmenki; elikagai ekologikoak eta kalitatekoak bultzatzen ditu; gazteei sektorean hasten laguntzen die; laguntza elkartuen bitartez sektorearentzako laguntza batzuk mantentzen ditu; eta Euskadiko landa inguruneko enplegua eta ongizatea ahalbidetzen du.

Foru Aldundiek kudeatzen dituzte laguntza horiek, eta Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako Sailburuordetzaren erakunde ordaintzaileak gainbegiratzen eta gauzatzen ditu.

Laguntzen xehakapena

2017ko ekitaldirako, hau da aurreikusten diren ordainketen xehakapena:

  • Oinarrizko ordainketa: 22,2 milioi euro
  • Ordainketa berdea, klimaren eta ingurumenaren ikuspegitik onuragarriak diren nekazaritza jardueretarako (Greening):  12,3 milioi euro
  • Ordainketa osagarria, nekazaritza jarduera bati ekiten dioten nekazari gazteentzat: 185.000 euro
  • Nekazaritza ustiategi txikietarako erregimen erraztua: 2,5 milioi euro
  • Laguntza Elkartuak (nekazariak eta abeltzainak): 10,5 milioi euro
  • Aparteko Laguntza, behi esnearen ekoizleentzat: 500.000 euro

Eskaerak egiteko epeak eta baldintzak

Laguntza hauek eskuratzeko eskaerak Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Sailaren menpeko Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari zuzenduko zaizkio eta dagokion Eskualdeko Nekazaritza Bulegoan edo Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeak aurreikusitako edozein lekutan aurkeztuko dira. Aurkezteko epea, berriz, 2017ko apirilaren 30a arte izango da. Estatuko Administrazio Orokorrak arau bidez epea aldatuko balu, eta aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoan derrigor aplikatu beharko balitz, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak Ebazpena emango luke epe berria iragartzeko.

Halere, ezarritako epea amaitu eta ondorengo 25 egun naturaletan aurkeztutako eskabideak ere onartuko dira, baina kasu horietan, kenduta ezinbestez eta aparteko egoerengatik kasuak, laguntzen zenbatekoak ehuneko bat txikiagoak izango dira atzerapenaren egun baliodun bakoitzeko.  Atzerapena 25 egun baino gehiagokoa bada, eskabidea ez da onartuko.

Eskaerak aurkezteko epea amaitu ondoren, nekazariek maiatzaren 31ra arteko epea edukiko dute lursail indibidualak edo ordainketa eskubide indibidualak gehitzeko, betiere kasuan kasuko laguntza erregimenean finkatutako baldintzak betetzen badira. Gainera, jada aitortutako nekazaritzako lursailen erabilera edo eskatutako laguntza erregimena aldatu ahal izango da,  betiere eskaera bakarrean nekazaritzako beste lursailekin batera eskatu bada. Aldaketa horiek aurkeztu behar den egiaztagiri edo kontraturen batean eragina badute, horiek ere aldatu ahal izango dira.

Eskaera aurkezteko epearen azken eguna, halaber, SIGPACaren aldaketak aurkezteko azken eguna izango da, 2017ko ekitaldirako laguntzak lortzeko kontuan hartzea nahi bada.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @osoa_euskadi
    2017.eko martxoak 14

    Comentario de Twitter:
    .@Gob_eus-k Nekazaritza Politika Komunaren 48 milioi € baino gehiagoren laguntza zuzenak iragarri ditu. #PAC https://t.co/Il0UaCvsFl

  • @BittorOroz
    2017.eko martxoak 14

    Comentario de Twitter:
    .@Gob_eus convoca ayudas directas de la Política Agraria Común 2017, que superan los 48 M€ @nueva_PAC @osoa_euskadi https://t.co/0F8q2vJtts

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak