Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakaria Vatikanoko Estatu idazkariarekin, Pietro Parolin kardinalarekin, elkartu da

2017.eko urtarrilak 13

Erromara egin duen bidaia ofizialaren azken egunean, Iñigo Urkullu lehendakaria Vatikanoko estatu-idazkariarekin, Pietro Parolin kardinalarekin, elkartu da. Gaur eguerdian Vatikano Hirian egindako bileran Jaurlaritzaren jarduera-ardatz nagusiak aurkeztu dizkio lehendakariak, eta giza eskubideei buruzko agenda berria nabarmendu du. 

Bileran lehendakariarekin batera izan dira Bakegintza eta Bizikidetzako idazkari nagusi Jonan Fernández eta Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorza. Lehendakariak estatu-idazkariari aurreratu dio Eusko Jaurlaritza gauzatzekotan den Bizikidetza eta Giza Eskubideen Planeko ardatzetako bat erlijioartekotasuna eta kulturartekotasuna izango dela. Bi kontzeptuak daude sartuta giza eskubideen arloko XXI. mendeko agenda sortu berrian.

Urkullu lehendakariak bere Gobernuaren ardatz nagusiak gainbegiratu ditu. Alde horretatik, elkarrizketaren funtsa Exekutiboaren lau lan-ardatzak izan dira: (1) giza garapena, gizarte-integrazioa, berdintasuna eta kalitatezko zerbitzuak: (2) enplegua, ekonomia suspertzea eta jasangarritasuna; (3) elkarbizitza eta giza eskubideak; eta (4) elkarrizketan oinarritutako autogobernu-eredua.

Lehendakariak Parolin kardinalari helarazi dio oso kezkatuta dagoela errefuxiatuen egoerarekin eta Europako estatuetako gobernuen eta erakunde komunen erantzuteko gaitasun eskasarekin. Adierazi dio horren aurrean garrantzitsua dela Gotzainen Batzarretatik Korridore Humanitarioen ekimenak izan dezakeen bultzada.

Lehendakariak, bestalde, adierazi du ados dagoela 2017ko urtarrilaren 9ean Aita Santuak kidego diplomatikoaren aurrean adierazitako “harrera duina eman ahal izateko immigranteen, errefuxiatuen eta desplazatuen aldeko konpromiso bateratuarekin”. Diskurtso horretan azpimarratu zen “pertsona bakoitzak emigratzeko duen eskubidea bateratu behar da eta, aldi berean, immigranteak harrerako gizarte-egituretan integratzeko aukera bermatu behar da beren segurtasuna, nortasun kulturala eta oreka politiko eta sozialak arriskuan daudela sentiarazi gabe. Bestalde, immigranteek ez dute ahantzi behar hartzen dituzten herrialdeetako legeak, kultura eta ohiturak errespetatu behar dituztela”.

Europa Sozialaren balioak berreskuratzearen garrantzia ere azpimarratu du lehendakariak, eta estatu-idazkariari adierazi dio guztiz bat datorrela Aita Santuak urtarrilaren 1ean Bakearen Egunerako irakurri zuen mezuarekin: “Indarkeriarik eza, bakegintzarako politika egiteko modua”.

Pietro Parolin kardinala

Egoitza Santuko estatu-idazkaria da. Pietro Parolin Schiavonen jaio zen, Vicenza probintzian (Italia), 1955eko urtarrilean. 1980ko apirilaren 27an, 25 urterekin, egin zen apaiz, eta zuzenbide kanonikoa eta diplomazia ikasi zituen. 2013ko abuztuaren 31ko izendapenarekin iritsi zen, beraz, bere karreraren gailurrera. Lanik esanguratsuena Nigerian (kristauen eta musulmanen arteko harremanak) eta Mexikon egin du, azken honetan herrialde horren eta Vatikanoren arteko harreman diplomatikoak berreskuratu zituen. 2009an Venezuelako nuntzio izendatu zuen Aita Santu emerituak.

Euskadiko ordezkaritzarekin egindako bilera gaztelaniaz egin da, estatu-idazkariak lau hizkuntza baitakizki: italiera, ingelesa, frantsesa eta gaztelania.

Estatu-idazkaria arduratzen da Egoitza Santuko eginkizun politiko eta diplomatiko guztiez.  

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau