Berriak Osasuna
Eu

Osakidetzako jaiotzen inskripzioen % 80 inguru ospitaleetan bertan tramitatzen da jadanik

2016.eko urriak 20

Zerbitzu berri hau Osakidetzako ospitaleetan abian jarri zenetik urtebete beteta, aita eta ama gehienek jaiotzen komunikazio-sistema telematiko berri honen hautua egiten dute 

Euskadi lehen autonomia-erkidegoetakoa da zerbitzua abian duena bere ospitale publiko guztietan joan den abenduaren 1etik 

Osakidetzan 44 erditze artatzen dira egunero batez beste 

2015ean 18.844 haurtxo jaio ziren Euskadin, 3.158 Araban, 9.325 Bizkaian eta 6.361 Gipuzkoan

 

Osakidetzan gertatzen diren jaiotzen Erregistro Zibileko inskripzioen % 80 inguru ospitaleetan bertan tramitatzen dira jadanik. Horrela, Euskadiko ospitale publikoetan jaiotako haurtxoen aita eta ama gehienek, jaiotzak Erregistroari komunikatzeko, komunikazio telematikoa hautatzen dute, Osakidetzak bere ospitale guztietan eskaintzen duena joan den abenduaren 1etik eta AUOan hasi zena 2015eko urriaren 15ean.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Araubide Juridiko, Ekonomiko eta Zerbitzu Orokorretako zuzendari María Jesús Múgicaren hitzetan, jakinarazpen telematikoko zerbitzua proiektu finkatua da eta beren seme-alabak erregistratzeko sistema hau erabili duten gurasoen balorazio oso onarekin ari da funtzionatzen, tramite administratiboak errazten dituelako eta erregistrorako kudeaketak ospitaletik irten gabe egiteko aukera ematen duelako. Horrela, Erregistro Zibilera joan beharra ekiditen da, nabarmendu du.

Zerbitzu berria duela urtebete hasi zen ezartzen, joan den urteko urriaren 15ean Arabako Unibertsitate Ospitalean, eta sistema honen bidez erregistratu zuen Estatu osoko lehen haurtxoa. 15 egun geroago, Arrasateko, Zumarragako eta Mendaroko ospitaleetan jarri zen abian, eta prozesua amaitzeko, abenduaren 1ean, Donostia Unibertsitate Ospitalean, Gurutzeta Unibertsitate Ospitalean eta Basurtuko Unibertsitate Ospitalean. Horrela, Euskadi lehen autonomia-erkidegoetako bat izan zen hedapena osatzen eta komunikazio telematikorako zerbitzua bere ospitale publiko guztietan eskaintzen.

Proiektuak Eusko Jaurlaritzak pertsonekin duen konpromisoari erantzuten dio, osasun-sistema gero eta hurbilago eta irisgarriagoa eskainita, eta haren ezarpenean eta funtzionamendu zuzenean, Osasun Sailak lankidetzan lan egin du Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia Sailarekin eta erregistro zibiletako arduradunekin.

Tramitea egiteko, gurasoek formulario ofiziala beteko dute, eta horri erantsiko zaizkio jaioberriaren identifikazioa eta osasun-langileek egiten duten amarengandiko filiazioaren egiaztapena. Horren ondoren, ospitaleko zuzendaritzak, 72 orduko epean, dokumentu eskaneatua bidaliko du Erregistro Zibilera eta hark, aldi berean, inskripzioa ongi egin dela bermatzen duen ordezkagiri bat helaraziko dio familiari.

 

2016/10/20

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau