Berriak Hezkuntza
Eu

Elebideren 2015eko memoriaren aurkezpena

2016.eko maiatzak 24

Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak datuen aurkezpena eta balorazioa egin du gaur Legebiltzarrean

Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak eta Herri Administrazioetan  Hizkuntza Normalizatzeko zuzendari Joseba Lozanok Elebideren 2015eko memoria aurkeztu dute gaur Parlamentuan, Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Batzordean. Agerraldia sailak berak eskatuta burutu da.

Elebideren ezaugarri nagusia da hizkuntza eskubide urraketen gaineko kexak aintzakotzat hartu eta konponbideak bilatzen eta aplikatzen laguntzea, eremu publikoan eta pribatuan. Honela, herritar guzti guztien hizkuntza eskubideak babestea du helburu 2006an sortu zen zerbitzu honek, EAEko bi hizkuntza ofizialen arteko inolako hierarkiarik gabe eta herritarren arteko hierarkiarik gabe.

Elebidek honako zeregin hauek ditu, beste batzuen artean:

  1. Hizkuntza eskubideen urraketak zuzen-zuzenean ezagutzea.
  2. Herritarrak sentsibilizatzea.
  3. Aholkularitza eskaintzea: hizkuntza eskubideen eta araudiaren gainean.
  4. Kexak jasotzea, bideratzea eta jarraipena egitea: herritarra babestea eta kexa jaso duen entitateei aholkularitza eta baliabideak eskaintzea, hizkuntza eskubideak errespetatuak izan daitezen.
  5. Lankidetzarako protokoloak ezartzea administrazioekin eta bestelako entitateekin.

Gaur goizeko agerraldia bi zatitan banatu da. Lehendabizikoan, Jaurlaritzak hizkuntza politikaren eta hizkuntza eskubideen gainean duen ikuspuntua laburbildu da; eta, bigarrenean, 2015ean Elebiden jaso eta tramitatu diren intzidentzien berri zehatza eman da.

2015eko datuak:

-       2015. urtean, 789 intzidentzia jaso dira guztira. Intzidentzia kopuru hori goraka doa urtetik urtera, eten gabe, Elebide sortu zenetik.

-       2014an baino 377 kexa gehiago jaso dira 2015ean, eta, Elebideren sorreratik hona,  ia laukoiztu egin da intzidentzia kopurua.

-       Intzidentziak jasotzeko bideari dagokionez, bide telematikoa da (posta elektronikoa eta Elebideren webgunea) herritar gehienek erabili duten bidea intzidentzien berri emateko (% 98).

-       2015. urtean Elebiden izapidetu diren 769 intzidentzia horietatik % 61 kexak izan dira (guztira, 470 kexa); %35 eskaerak izan dira; % 3, kontsultak; eta, % 1, iradokizunak.

-       Bi hauek izan dira kexak sorrarazi dituzten arrazoi nagusiak: Administrazioarekin ahoz zein idatziz aukeratu den hizkuntzan harremanak gauzatu ezina eta errotulazioan antzeman diren hutsuneak.

-       Izapidetu diren kexetatik 469 kasutan (% 99,8), euskararen erabilera ezagatik gertatu da eskubide urraketa. Eta kasu bakar batean, %0,2an alegia, gaztelaniaren erabilerarik ezak eragin du urraketa.

-       Gaur egun, intzidentzien %94 itxita daude.

-       Gaur egungo egoeraren arabera, kexak nola itxi diren erreparatuz, irtenbide egokia izan duten kexak 702 izan dira. Hau da, kexa jaso duen erakundeak arazoa konpondu du edota konponbidean jarri du.

Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak esan du: “gauza bat da eskubideak aitortuak izatea, eta beste bat, oso bestelakoa gainera, aitorturiko eskubide horiek bene-benetan bermatuak izatea. Gobernuko kide garen aldetik, gure eginbeharra da neurriak hartzea hobekuntzak lortzeko. Aurrera egin  behar dugu, beraz, normaltasunez eta naturaltasunez, presarik gabe baina gelditu barik, gure helburua lortu arte: euskararen eta gaztelaniaren arteko benetako berdintasuna eta bizikidetza. Horretarako sortu genuen Elebide zerbitzua 2006ko urrian, eta horretarako segitzen dugu lanean hasierako ilusioarekin”.

Eta gehitu du: “Gure ustez, positiboa da aurreko urteetan baino salaketa gehiago izatea aurten. Alde batetik, seguru nago gehikuntza horren arrazoia ez dela eskubide urraketa gehiago izan direla, baizik eta herritarrek hizkuntza eskubideak baliatzeko kontzientzia eta sentsibilizazio handiagoa erakutsi dutela. Beste alde batetik, salaketen gehikuntza horrek argi erakusten du herritarrek Elebiderekiko erakusten duten konfiantza”.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)