Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Erabakia, "Ingurumeneko IV. Esparru Programa, 2020" onesten duena. (2014-12-02(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2014.eko abenduak 02

 

LABURPENA

Eusko Jaurlaritzak IV. Ingurumen Esparru Programa 2020 aurkeztuko du

OREGI: 2020RA BITARTEAN, EUSKAL INGURUMEN POLITIKAREN LEHENTASUNAK OSASUNA, ENPLEGUA ETA AZPIEGITURA BERDEAK IZANGO DIRA

Ingurumen Esparru Programa berria legegintzaldiko plan estrategikoetako bat da. Ingurumen-politika erreaktiboa prebentiboarekin ordezkatuko du, azken 30 urteetan egindako inbertsioak errentagarri egiteko.

IV. Ingurumen Esparru Programak (IEP) 6 helburu estrategiko eta 75 lehentasunezko jarduera ezarriko ditu.

2017an beteta egon beharko diren helburuak dituzten ekimen enblematikoak: osasuna eta ingurumena lurralde-politikan txertatzea, zerga-sistema berdea, elikadura zirkularra edo azpiegitura berdeak inguru degradatuetan.

Hainbat euskal administrazioren, interes-talderen eta herritarren ekarpenak bildu ditu, mila inguru, guztira.

Gaur goizean aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak IV. Ingurumen Esparru Programa 2020, gobernuaren 14 plan estrategikoetarik bat dena legegintzaldi honetan. Ana Oregi sailburuak zehaztu duenez, programa berria dela eta, ingurumen-politiken ikuspegia aldatuko da, 6 urteko epea izango dutelako. Lehen gauzapen-aldia 2015 eta 2017 artekoa izango da. Orduan, ordura arte gauzatutako jardueren aurrerapen-mailaren gaineko ebaluazio integrala egingo da.

Ingurumen-esparru programa berria mugarri izango da, bi aldaketa hauek direla medio: batetik, politika erreaktibo tradizionala ingurumen-politika prebentibo batekin ordezkatuko da eta azken 30 urteetan egindako inbertsioa errentagarri egiteko xedea izango du, azaldu du Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik.

Programa berria izango da ingurumenaren eta garapen jasangarriaren arloetako erreferentziako esparrua. Aurkezpenean, sailburuak gogora ekarri du ingurumen-politikak Euskadin izan duen bilakaera, Europako eskualde aurreratuenetako bat da-eta egun arlo horretan. Izan ere, EAE laugarren tokian dago Ingurumen Errendimenduaren Indizean, aurretik Norvegia, Frantzia eta Austria besterik ez dituela.

Ingurumena politikan 30 urtez

Euskal ingurumen-politikak egindako 30 urteko ibilbidean hiru etapa bereizi ditu Oregik: lehena, XX. mendeko 80etakoa, arazorik larrienei aurre egin zitzaiena eta 1998an amaitu zena, Euskadiko Ingurumena Babesteko Lege Orokorraren bidez; bigarrena, ingurumena oneratzea ahalbidetu duten ekimen asko abian jarri eta burutu direna; eta hirugarrena, -gaur goizean aurkeztutako IV. IEPari dagokio- eraldaketari balioa eman nahi diona, ingurumena oparotasun- eta ongizate-iturri bihurtuz, eta, besteak beste, osasunaren, enpleguaren eta azpiegitura berdeen arloetako ekintzak lehenetsita.

Aro berri horretan, egindako lanaren uzta jaso, eta ingurumen-politika bideratuko da ingurumena oneratzearen ondoriozko abagune ekonomiko eta sozialak aprobetxatzera, ingurumena aberastasun-, enplegu- eta ongizate-iturri den aldetik.

75 lehentasunezko jarduera

IV. Ingurumen Esparru Programaren filosofiaren oinarrian konpromiso hirukoitza dago -ingurumena babestea; ekonomiak lurraldea errespetatzea; eta pertsonak helburu izatea- eta 6 helburu estrategiko ezartzen ditu. Horretarako, 75 lehentasunezko jarduera gauzatuko dira 2020 artean. Gainera, hainbat ekimen enblematiko proposatuko dira. Hori da programaren berritasun handienetako bat, hain zuzen.

2020ko Euskadi irudikatu da helburu estrategiko batzuen arabera: natura-ondarea babestea, oneratzea eta kontserbatzea; Euskadikoa ekonomia lehiakor eta berritzaile bihurtzea, karbono gutxikoa eta baliabideen erabilera eraginkorrekoa; herritarren osasuna eta ongizatea sustatzea eta babestea; udalerrien jasangarritasuna areagotzea; politiken arteko koherentzia eta erantzukidetasun publiko-pribatua bermatzea; eta Euskadiren irudian nazioartean hedatzea, ingurumeneko jardunbide egokiak direla kausa.

Ekimen enblematikoak

6 Ekimen Enblematiko egiteko asmoa dago, ingurumen-politika aldatzeko motor izan behar direnak. IEP 2020ren osagai bereizgarria dira Ekimen Enblematikoak, eta kudeaketa-, segimendu- eta zuzendaritza-sistema propioa izango dute, sailen artean kolegiatua, Lehendakaritzak koordinatuko duena.

Ekimen horien denbora-muga 2020 urtea den arren, epe laburrean beteta egon behar diren hainbat helburu ezarri dira, 2017an emaitza zenbakarriak izan beharko dituztenak. Honako hauek dira epe laburreko helburuetako batzuk eta ezarritako ekimenak:

Administrazioa eredu ingurumenean. Energia-kontsumoa murriztea eta iturri berriztagarriei zor zaion ehunekoa handitzea. Eusko Jaurlaritzaren eraikinen Energia Jasangarritasunerako Programa eta Erosketa Publiko Berdearen Programa 2017an.

Lurralde osasungarria. Osasunaren eta ingurumenaren aldagaiak lurralde-politikan txertatzea. Politika publikoek osasunean duten eragina aztertzeko eta ebaluatzeko erreminta bat ezartzea eta biztanleriaren osasun-profilen lurraldekako ikerlana 2017an.

Zerga-sistema ekologikoa. Herritarrengan, enpresengan eta erakundeengan ingurumeneko jokabide arduratsuak sustatzea eragingo duen zerga-sistema ezartzea modu mailakatuan.

Ekoizpen berdea. Euskal enpresen baliabide-kontsumoa eta ingurumen-inpaktua murriztea eta hondakinei probetxu ateratzea. 2017rako prest egon beharko da teknologia eta material garbiagoen zerrenda, hala nola materialen zikloak ixteko prozesuetarako laguntza-sistema aurreratua.

Elikadura zirkularra. Elikaduraren balio-katearen ziklo osoari probetxu ateratzea. Nekazaritza-ekoizpeneko proiektu pilotuak, ekosistema-zerbitzuak ordainduko direnak, eta elikadura arduratsuko proiektu pilotua ikastetxeetan, 2017an.

Azpiegitura berdeak. Pertsonen eta natura-ingurunearen arteko elkarreragin zuzena ahalbidetuko duten azpiegitura berriak natura-eremu babestuetan, eremu erdinaturaletan, degradatuetan, artifizialduetan, etab. 2017an, EAEko azpiegitura linealen ebaluazioa egingo da, azpiegitura berde bihur daitezkeenak bereizteko.

Prozesu dinamiko eta gardena

IV. Ingurumen Esparru Programa prozesu dinamiko eta parte-hartzaile baten ondorio da. Ekarpenak egin dizkiote hainbat euskal administraziok, interes-taldek eta herritarrek, guztira, mila proposamen inguru aurkeztuta.

Prozesu parte-hartzaile horretan garrantzi handia izan dute Irekia web-plataformak, hezkuntza-esparrutik egindako proposamenek eta enpresa-esparruan ingurumenari buruzko topaketak egin izanak.

Lehendakaritza arduratu da prozesua koordinatzeaz, Ingurumen eta Lurralde Politikako Saila, berriz, sustapenaz. Programaren segimenduan eta ebaluazioan sortuko den informazio guztia kontsultagai eta erabilgai egongo da plataformaren webgunean, www.irekia.net, hala nola Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailaren webgunean: www.ingurumena.net

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @ARAUDIslp
    2014.eko abenduak 03

    Comentario de Twitter:
    Irekia - Acuerdo de aprobación del 'IV Programa Marco Ambiental, 2020'. (Resumen del acuerdo del... http://t.co/5V0IonoQow

Komunikabideek behera kargatzeko