Berriak Segurtasuna
Eu

Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritzak aurtengo jarduera-plana aurkeztu du Bide Segurtasun Batzordearen osoko bilkuran

2014.eko apirilak 02

Heltzen Fundazioa (Bide Segurtasunerako Euskal Fundazioa) kide izatea onartu da

Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzak gaur goizean aurkeztu du Bilbon aurtengo bere jarduera-plana, Euskadiko Bide Segurtasuneko Batzordeko kideen aurrean. Segurtasun sailburuorde Josu Zubiaga izan da bileraren buru, eta bertan izan dira arlo hauetan eskumenak dituzten euskal herri-administrazioak: polizian, larrialdi eta babes zibilean, trafiko eta bide-segurtasunean, hezkuntzan, osasunean, garraio eta errepideetan, bai eta Euskal Udalen Elkarteko (Eudel) ordezkariak ere.

«Euskadiko bide-segurtasuna erakundeen arteko lana eskatzen duen arloa da, Udalek, Foru Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak parte hartu behar dutena. 2013an zehar, gure kaleetan eta errepideetan hildako pertsonen kopurua jaitsi egin da, 59tik 56ra, hain zuzen. Agerian uzten du horrek gure jardunbidearen helburu nagusia, istripu-tasa murriztea, betetzeko egiten ari garen ahalegina» –adierazi du Segurtasun sailburuorde Josu Zubiagak–. «Datuok joera sendotzera bideratutako ekintza gehiago sustatzeko bultzada izan behar dira».

Osaera berria, bai osoko bilkurarena, bai batzorde iraunkorrarena, Euskadiko Bide Segurtasuneko Sistemaren Antolamendurako ekainaren 28ko 15/2012 Legera egokitzeko Gobernu Kontseiluak iragan martxoaren 11n emandako dekretuaren bidez arautu da.

Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroan egindako bileran, Trafiko Zuzendaritzak 2010-2014 aldirako Bide Segurtasuneko Plan Estrategikoaren barruan iaz gauzatutako jardueren balantze positiboa egin da. Jarraian, Trafikoko zuzendari Garbiñe Sáez Molinuevok aurtengo jarduera-plana aurkeztu du. Honako hauek nabarmentzen dira:

  • Trafikoa eta Garraioa kontrolatzeko eta zaintzeko kanpainen plangintza Ertzaintzarekin batera egitea.
  • Gainerako erakundeekin lankidetzan jardutea, baterako neurriak hartzeko.
  • Segurtasun-gabeziaren zergatiak zuzentzera bideratzea ekintzak/kanpainak.
  • Foru Aldundien eta Trafiko Zuzendaritzaren artean zehaztea istripu ugariko tarteak.
  • Mugikortasun seguru eta jasangarriko planak sustatzea.
  • Segurtasun-gabeziaren zergatiak zuzentzera bideratzea ekintzak/kanpainak.
  • www.trafikoa.net web gunea informazio gehiagoz hornitzea

«Urte honetarako proposatu ditugun ekintzetako batzuk erabat berriak dira, beste batzuk, berriz, iaz abiarazi genituen. Izan ere, indarreko plan estrategikoa aurten da burutzekoa. Ondorioz, ekimen eta erronka berriak proposatu behar ditugu ondorengo 2015-2020 aldirako Bide Segurtasunerako Planari begira», esan du Trafikoko zuzendari Garbiñe Sáez Molinuevok.

Euskadiko Bide Segurtasuneko Batzordearen eginkizunak bide-segurtasunean eragiten duten eskumenak erabiltzen dituzten herri-administrazioen koordinazioa erraztea eta haien hobekuntza bultzatzea izango dira.

Batzordearen deialdiaren aurretik bildu zen Eusko Jaurlaritzako (Segurtasun Saila eta Ingurumen eta Lurralde Politikako Saila) eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundietako ordezkariz eta Bilboko, Donostiako eta Gasteizeko Udaletako ordezkari banaz osatutako Batzorde Iraunkorra.

Gaurko bileran, Heltzen Fundazioak (Bide Segurtasunerako Euskal Fundazioa) Bide Segurtasunerako Batzordeko kide izateko eskaerari baiezkoa eman zaio.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)