Gobernuaren proposamenak
Hitzaurrea

Garapen Jasangarrirako Hezkuntzaren helburua, Unescoren arabera, pertsonei ondo oinarritutako erabakiak hartu eta orain eta etorkizunean bere eta gainerakoen ongizatearen alde jokatzeko jarrerak, gaitasunak, ikuspegiak eta ezagutzak garatzen laguntzea da. Garapen Jasangarrirako Hezkuntzak etorkizun jasangarriranzko bidea aurkitzen laguntzen die herritarrei.

Horrela, definizio horrekin bat etorriz, Garapen Jasangarrirako Hizkuntzari buruz hitz egiten dugunean, esaten dugu irakaskuntzan eta ikaskuntzan garapen jasangarriaren funtsezko gaiak eta alderdiak sartu nahi dituela, hala nola klima-aldaketa, hondamendiak gertatzeko arriskuaren murrizketa, bioaniztasuna, pobreziaren murrizketa, kontsumo jasangarria, gizarteratzea, etab. Halaber, irakaskuntza eta ikaskuntza metodo parte-hartzaileak bultzatzen ditu, ikasleak hauspotu eta autonomia emateko, haien jokabidea aldatu eta garapen jasangarriaren aldeko neurriak errazago har ditzaten.

Garapen Jasangarrirako Ingurumen Hezkuntza Euskadin

Euskal gizarteak betidanik onartu du hezkuntza dela etorkizuneko erronkei erantzuteko inbertsiorik onena, hau da, hezkuntza eta prestakuntza beharrezko tresnak direla garapen pertsonal eta profesionalerako, jasangarritasunerako, gizarte-kohesiorako eta herritarren elkarbizitzarako.

Eusko Jaurlaritzak jasangarritasunerako ingurumen-hezkuntza bultzatu du duela 20 urtetik baino gehiagotik Euskadik etorkizun jasangarriago baterantz aurrera egiteko erreminta eta tresna gisa.

2020rako EAEko Ingurumen Esparru Programak, 2014ko abenduaren 2an onetsiak, 5. helburu estrategikoan hauxe dio: «Politiken koherentzia bermatzea, ingurumenaren integrazioa areagotuz», eta adierazten du ingurumen-politiketan aurrerapen gutxi lortuko direla gizarteari egiazko protagonismoa ematen dion gobernantza-eredu baten ekarpenik gabe. Erantzukidetasun publiko-pribatua eta herritarrena bultzatzea da hobeto koordinatutako ingurumenaren kudeaketa parte-hartzailea lortzeko bidea.

Zehazki, 5.4 jarduteko lerroan, «Jasangarritasunerako hezkuntza eta kontzientziazioa indartzea euskal gizarte osoan» izenekoan, honako 66. jarduera hau jasota dago: «Jasangarritasunerako ingurumen-hezkuntza estrategia elaboratzea».

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak bere gain ditu ingurumena babestearen arloko eskumenak, zehazki, ingurumen eta ekologiaren alorrean Estatuko oinarrizko legeria bere lurraldean garatu eta betearazteari dagokionez; hori dela eta, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak «2030erako EAEko Jasangarritasunerako Ingurumen Hezkuntzako Estrategia» lantzeari ekin dio.

2030erako EAEko Jasangarritasunerako Hezkuntzako Estrategia prestatzeko prozesua

Prozesu horrek EAEko Jasangarritasunerako Hezkuntzako Estrategiari buruzko gogoeta eta eztabaida sustatu nahi ditu Jasangarritasunerako Hezkuntzaren kudeaketan zuzeneko edo zeharkako eragina duten arloetan (ingurumen, kultura, turismo, hezkuntza, ondare eta abarren sailak edo arloak) eskumenak dituzten Euskadiko Administrazio Publikoen artean (Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundiak eta Udalak).

Horrekin batera, halaber, erakunde sozialen, talde informalen eta oinarri sozialaren parte-hartzea ere bideratu nahi da Irekia plataformaren bitartez, eta lortutako informazioa Administrazio Publikoen parte-hartze prozesuarekin batera kudeatu.

Berariazko helburu hauek planteatu dira:

  • Euskadiko jasangarritasunerako hezkuntzaren oraingo egoera aurkeztea.
  • Jasangarritasunerako ingurumen-hezkuntzaren arloko oinarrizko irizpideei buruzko gogoeta egitea.
  • Jarduteko lerro berriak zehaztea.
#EducaEuskadi
Zerikusia duten berriak